Carmen Mendigurenen omenez

Aikor aldizkaria 2023ko eka. 26a, 16:03

Ekainaren azken zapatua berezia da Zamudion, Lagatzu Eguna ospatzen delako. Aurten Zamudioko euskara elkartearen kideek pastorala egin dute, Carmen Mendigureni omenaldia egiteko. Helburu bi bete dituzte: Zuberoako pastorala bertoko euskaltzaleei hurbiltzea eta Mendiguren Zamudioko maistra gogora ekartzea. “Historikoa izan da. Ez dugu hain ekitaldi handia inoiz egin. Oso pozik gaude”, esan dute Lagatzuko kideek.

Pastorala izan da aurtengo ekitaldirik garrantzitsuena. Aurten, aurreko egunean ez dute ezer antolatu, San Joan gaua zelako. Pastoralak Carmen Mendiguren bizitzaren berri eman zuen. Gerra Zibila hasi zenean, Mendiguren Ingalaterrara joan behar izan zen. Gero, herrira itzuli zen eta Zamudioko eskolan ibili zen maistra. Lagatzu sortu zenean, babesa eman zuten lehendabizikoetako bat izan zen. “Pastoraleko unerik hunkigarriena hau da: umeak Ingalaterra joan behar direnean. Carmenen familia lehenengo lerroan zebilen eta guztiok emozionatu ginen”.

Lagatzukoa ez da Zuberoan egiten diren bezain luzeak, ekintzak ia ordu bi baino ez baitzuen iraun, baina hainbat eta hainbat lagunek hartu dute parte eta konpromiso handia eskatu du. “Martxotik, domeka guztietan batzen ginen entseguak egiteko. Bestetik, 20 lagunek koplak abestu dituzte; 100 pertsona eszenatokian aritu dira; eta auskalo zenbatek lagundu dute bai pertsonaien janzkera atontzen, bai eszenatokia apaintzen. Aurreko egunean, sei ordu eman genituen horretarako. Datorren urtean ez dakit zer egingo dugun, zerbait xumeagoa ziur asko (kar-kar)”, adierazi dute Lagatzukoek.

Urtero moduan, herriko elkarteek eta herritarrek bat egin dute Lagatzu Egunarekin: besteak beste, Hiru Bat dantza-taldea, Bertoko soinu-tresnen elkartea eta Zamudioko Kamara Korala. “Lagatzu taldea bakarrik ez da Lagatzu Eguna behar bezala aurrera ateratzeko gauza; ekitaldi erraldoia da, eta horretarako, beste herritarren eta elkarte batzuen laguntza behar dugu”. Pastoralaren ostean, Bertoko eta Kantarelux taldeek kalejira girotu zuten eta, ondoren, herri bazkaria egin zen. Horretan 500 euskaltzale inguru batu ziren. Bazkalostean, betiko moduan, Taberna Ibiltariak kontzertua eman zuen eta horrek bukatutakoan, erromeriaren txanda izan zen, Gora Herria taldearen eskutik.



Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).