“Lehen sektorearentzako laguntzaz gainera, bezeroekin zuzeneko harremana duen erakusleihoa da azoka”

Aikor aldizkaria 2023ko urr. 30a, 09:58

Lander Aretxabaleta Jauregi I Zamudioko alkatea

Ohikoa den moduan, azaroaren lehen asteburuan Zamudioko Azoka ospatuko da, lehen sektorearen elkargune garrantzitsuenetakoa dena. Zehatz-mehatz, zapatuan, azaroak 4, Txokolate, Gozoki eta Artisautza Azoka egingo da; eta domekan, hilak 5, Nekazaritza Azoka; eta egun bietan zehar, Euskadiko Limusin Txapelketa. Hortaz, nekazaritzako eta abeltzaintzako produkturik onenak izango dira Zamudion, baita herriko eta inguruko herrietako artisauen gozokiak eta lana ere. 

Zein da Zamudioko Azokaren izateko arrazoia?

Azoka, batez ere, kontsumitzaileak eta ekoizleak jai-giroan batzeko aukera da. Izan ere, ekoizleek urtean zehar, mimo handiz, lan handia egiten dute, gure mahaian hurbileko eta kalitateko produktuak izan ditzagun. Hortaz, azokaren helburu nagusia da lehen sektorearentzat laguntza izatea eta bezeroekin zuzeneko harremana duen erakusleihoa izatea.

Ekoizleek euren produkturik onenak ekarriko dituzte Zamudiora; zer topatuko dugu berton?

Zapatuan, Txokolate, Gozoki eta Artisautza Azokan, 50 postu baino gehiago izango ditugu; eta domekan, 90 postu inguru, zeinetan produktu freskoak topatuko ditugun, hala nola barazkiak, frutak, gazta, txakolina, eztia eta euskal pastela. Era berean, herriko eta inguruko artisauak egongo dira azokan. Gainera, dastatzeak eta dastatze iruzkindunak ere izango dira.

Azokaren baitan, Limusin arrazako abelgorrien txapelketa egin ohi da.

Euskadiko Limusin Ganadu Txapelketa 29. aldiz egingo da aurten, eta haren barruan izango dira emeen lehiaketa, arren lehiaketa, ganaduaren erakusketa, enkantea eta sariak. Limusin arraza aur-tengo menuaren protagonista ere izango da, gure porrusalda tradizionalaz gainera limusin-katxopoa izango dugu eta.

Bestelako ekintzarik egongo da?

Zapatuan, ohiko bazkariaz gain, artisau-garagardoaren dastatze iruzkinduna izango dugu agertoki nagusian, bertoko Drunken Bros enpresa ekoizlearen eskutik; eta domekan, bi dastatze: alde batetik, Idiazabal gaztarena, Jesus Oleagaren eskutik, eta bestetik, txakolinarena, Mikel Garaizabal sommelierrak zuzenduta. Bestalde, asteburu osoan zehar, epaimahaiak hainbat kategoriatako sariak baloratuko eta aukeratuko ditu euskal nekazaritzako produktuen artean. Eta, noski, Euskadiko Limusin Ganadu Lehiaketak hainbat jarduera, lehiaketa, enkante eta sari-banaketa izango ditu.

Berrikuntzarik izango da aurten?

Beste urrats bat egin nahi izan dugu, eta zapatu arratsaldean herrigunera zabalduko dugu ospakizuna, tradizioz ekoizleak eta artisauak biltzen dituen karpatik haratago. Hori dela eta, herrigunean kontzertua izango dugu Puro Relajo taldearen eskutik, karpan produkturik onenez eta janariaz gozatu ondoren, jendeak jai-giroan disfrutatzen jarraitu dezan.

Nola atonduko da azoka-gunea?

Urtero bezala, karpa erraldoia egongo da eta bertan ekoizleen postu guztiak ipiniko dira. Agertoki nagusia ere izango da, bertan dastatzeak egiteko eta sariak banatzeko. Euskadiko Limusin Ganadu Lehiaketak ere bere karpa izango du, eta han egingo dira ganaduaren erakusketa, enkantea eta sari-banaketa.

Zamudioko Azokak jendetza handia erakarri ohi du; aurten ere horrela izatea espero duzue?

Espero dugu jendea animatzea lehen sektorearentzat hain garrantzitsua den hitzordu honetaz gozatzera eta inguruan ekoizten diren kalitateko produktu ugariez jabetzea. Izan ere, 0 kilometroko pro-duktuen alde egitea da elikatzeko eta dieta askotarikoa eta orekatua izateko modurik osasungarriena, eta, era berean, ingurumenarekiko errespetu handia erakustea. Zorionez, Zamudion eta inguruko herrietan baditugu kalitate handiko produktuak ekoizten dituzten pertsonak, eta eredu honen alde egiten badugu, zapore handiz gozatuko dugu.

Eta marka guztiak haustea?

Iaz ere marka guztiak hautsi genituen, eta aurten ildo horri eustea espero dugu. Puro Relajo taldea aukera handia izango da horretarako, jende askoren gustuko taldea delako eta jende asko erakartzen duelako. Beraz, espero dugu kontzertuaren aurretik ere jendea azoka ezagutzera hurbiltzea eta bertan izango diren lehen mailako produktuak dastatzeko aprobetxatzea. Horri lotuta, Zamudiora garraio publikoan etortzea gomendatzen dugu, hori baita joan-etorriak egiteko modurik jasangarriena eta seguruena. Nolanahi ere, ohiko lekuak atonduko dira autoz hurbiltzen direnentzat.

Amaitzeko, Zamudioko Azoka San Martin jaien bezpera da; zer aipatuko zenuke aurtengo jaiei buruz?

Sanmartinak hurrengo asteburuan, azaroaren 10etik 13ra bitartean, ospatuko ditugu. Adin guztietako herritarrek gozatzeko moduko egitaraua prestatu dugu, jai-giroa herriko hainbat txokotatik zabaldu dadin. Hala ere, jaiez errespetuz disfrutatzea da garrantzitsuena, bereziki emakumeenganako errespetua erakutsita.

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).