Milaka lagun hurbildu ziren Zamudiora

Aikor aldizkaria 2023ko aza. 7a, 12:09

Zamudiora milaka lagun hurbildu ziren asteburuan, Zamudioko Azoka eta Txokolate, Gozoki eta Artisautza Azoka gozatzera; lehena 36. aldiz egin da aurten, eta bigarrena, 9. aldiz. Euskal nekazaritzako produkturik onenez gainera, artisautza-lanak eta txokolate gozoa eraman ziren azokara, eta, era berean, Euskadiko XXIX. Limusin Ganadu Txapelketa egin zen. Egitarauaren baitan, garagardoaren, txakolinaren eta Idiazabal gaztaren dastatze iruzkindunak izan ziren, eta, nobedade moduan, zapatuan Puro Relajo taldearen kontzertua izan zen herrigunean.  

Lander Aretxabaleta, Zamudioko alkatea, pozik agertu da azokak izan duen erantzunarekin eta ekoizleei eman zaien laguntzarekin. “Zapaturako eguraldi txarra iragarrita egon arren, jende ugari hurbildu zen Zamudiora, artisauen proposamenez gozatzera, eta gero animatu ziren Puro Relajo taldearekin dantzatzera. Eta domekan pozez ikusi genuen nola azoka-esparrua jendez betetzen zen, jai-giro ederrean. Nekazaritza- eta abeltzaintza-sektoreko ekoizleak ere pozik irten ziren publikoarekin harreman zuzena izateko leihoa den hitzordu honekin”.

Zamudioko Nekazaritza eta Abeltzaintza Azoka Bizkaiko azoka garrantzitsuenetakoa da, “urtero biltzen duen jendetza handiagatik, bai lehen sektoreari ematen dion laguntzagatik”. Azokan 90 saltoki baino gehiago atondu ziren, eta bertaratutakoek kalitate bikaineko baserriko produktuak erosi ahalko ziren, hala nola, barazkiak, fruta, gazta, eztia, ogia, pastelak eta txakolina. Bestalde, Txokolate, Gozoki eta Artisautza Azokak ere hainbat pertsona bildu zituen, eta zapatuan herri-bazkaria egon zen, Gure Porrusalda eta limusin-katxopoa dastatu zirela.  

 

Sariak

Beste aldetik, sariak ere banatu ziren domekan: Edurtxeta Atutxa, barazki-posturik onena; David Etxebarria, fruta-posturik onena eta Patxi Baskaran, gazta-posturik onena. Magalarte Zamudiok, Erdikoetxek (Lezama) eta Gozamena/Erdikoetxek txakolin onenari saria jaso zuten txakolin zuriaren, gorriaren eta beltzen kategorietan. Euskadiko Limusin Ganadu Lehiaketari dagokionez, hauek izan ziren sarituak: Mª Begoña Arruti (Oiartzun), zezen txapeldun heldua, ganadutegirik onena eta intseminazio artifizialaren bidezko animaliarik onena; Tomasa Aurora Barón, txapeldun gaztea; eta Fidel Abans ganadutegia (Orozko), behi heldurik onena. Txapelketa LORRA kooperatibak antolatzen du urtero, Bizkaiko Foru Aldundiarekin, Eusko Jaurlaritzarekin, Zamudioko Udalarekin eta BBKrekin lankidetzan. Lehiaketaren helburuak dira limusin arraza sustatzea eta zabaltzea eta arrazaren hobekuntza genetikoak jendaurrean aurkeztea. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).