Azaroaren 25aren atarian, Zamudiok Eudelen adierazpena onartu du

Aikor aldizkaria 2023ko aza. 17a, 10:05

Gizarte-sareetan jakinarazi dutenez, Zamudioko Udalak “aho batez onartu du 2023ko Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Egunari buruzko Eudeleko adierazpena”. Horrela, hainbat konpromiso hartu dituzte, eta ekintzak proposatu, udalerrian berdintasunezko eta indarkeriarik gabeko bizikidetzarako baldintzak bultzatzeko.

Hainbat txostenetan oinarrituta azpimarratu duten moduan, sexu-indarkeriak adingabeen artean gero eta eragin handiagoa du eta sexu-delituen biktimen % 40 hain zuzen adingabeak dira; gehienak neskak eta nerabeak. Era berean, adierazi dute adingabeen sexu-askatasunaren aurkako delituen ehunekoak ere gora egin duela, eta, datuen arabera, neskek zailtasun handiak dituztela indarkeria-adierazpen jakin batzuk antzemateko beren portaeran, bai berdinen taldean, bai harreman afektiboetan.

Mugimendu feministaren eta adituen esanetan, horien arrazoiak genero-ikuspegidun kalitatezko sexu-hezkuntzarik ez izatea eta familietan eta eskola-inguruneetan gizarte-balio egokiak transmititu ez izana dira. Halaber, ohartarazi dute adingabeen artean genero-mito eta -estereotipoak hedatzen ari direla, baita haurren sexualizazioari eta pornografiaren bidezko sexu-hastapen goiztiarrari buruzkoak ere, neurri handiagoan, ohiko erabilerako sare sozialetan. “Kasu askotan, gainera, biktimen sinesgarritasunik eza antzematen da, eta horrek eragotzi egiten du esku-hartze goiztiarra eta erreparatzailea, adingabeei egindako sexu-abusu eta sexu-erasoen kasuetan”, jaso dute adierazpenean. “Horren guztiaren ondorioz, harreman afektibo-sexualen eta gizonek eta emakumeek harreman horietan duten rolaren irudi desitxuratua zabaldu da. Sexu-indarkeria hutsaldu eta legitimatu egiten da, emakumeen nahiak eta gorputzak menderatzeko modu gisa. Jokabide larrienek eraso sexualetara eta fisikoetara eraman dezakete, baita, muturreko moduetan, emakumeen hilketetara ere”.

Horren aurrean, euskal erakundeek eskura dituzten estrategia eta mekanismo guztiak sustatu behar dituztela adierazi dute, “emakumeek eta neskek bizitza garapen osoa izan dezaten, askatasun- eta segurtasun-baldintzetan. Hain zuzen ere, beraien desirak, afektuak eta sexu-portaerak derrigortzerik eta indarkeriarik gabe adieraz ditzaten, genero-estereotipoak eta genero-aginduak alde batera utzita”.

Hortaz, udalerrian berdintasunezko eta indarkeriarik gabeko bizikidetzarako baldintzak bultzatzeko, konpromiso hauek hartu ditu Zamudioko Udalak:

  • Indarkeria matxista prebenitzeko tokiko estrategia eratzea/hobetzea/indartzea, adingabeen artean sexu-indarkeriari aurre egiteko egiturak, baliabideak, zerbitzuak edo programak ezarriz.
  • Biktima adingabeen inguruan sexu-indarkerien antzematea eta arreta goiztiarra gaitzea/hobetzea, tokiko koordinazio-protokoloen bidez.
  • Sexu-indarkerien biktimekin esku hartzen duten profesionalen prestakuntza-programak diseinatzea/ezartzea/eta ebaluatzea
  • Sentsibilizazio-programak diseinatzea/garatzea/hobetzea herritarrekin, eta bereziki gurasoekin eta irakasleekin, IGEen bitartez, genero-ikuspegidun kalitatezko sexu-hezkuntzaren beharrari buruzkoak.
  • Hezkuntza ez-formaleko espazioetatik hezkuntza-prozesuak garatzen laguntzea, adingabeen indarkeria matxistaren aurkako jarrerak indartzeko.  

Eta konpromiso horietan oinarrituta, hurrengo ekintza hauek proposatu ditu:

  • Neskei eta nerabeei zuzendutako ahalduntze-programak indartzea, sexualitateari, bikote-harremanei, maitasun erromantikoari, autodefentsa feministako tailerrei eta abarrei buruzkoak
  • Mutiko eta mutilei zuzendutako esku-hartzeak abian jartzea, afektibitatea, harreman-ereduak, maskulinitate-ereduak edo rol sexistak eta parekidetasuna gainditzeko estrategiak lantzeko.
  • Indarkeria digitala prebenitzeko eta hari erantzuteko estrategiak lantzea, indarkeria matxista mota berri horiei ere aurre eginez.
  • Udalerriko adingabeekin hezkuntza-prozesuak indartzea, BELDUR BARIK programaren eta tokiko beste ekimen batzuen bidez.   

Azkenik, deia egin die zamudioztarrei azaroaren 25ean udalerrietan deitutako mobilizazioekin bat egin dezaten

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).