“Erasoak gertakizun jarraitu moduan tratatu behar dira hedabideetan”

Aikor aldizkaria 2023ko abe. 5a, 10:53

Maria Gorosarri González, metakazetaria

Zamudioztarra Kazetaritza Fakultateko irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta ikertzaile ere badabil arreta kalitateko kazetaritzan eta komunikazio feministan ipintzen duela. Lan-ildo horiek hain zuzen ere izan ditugu berarekin hizpide, baita bere liburuan, Contra la banalización del feminismo, aztertzen dituen zenbait kontu ere. 

 

Askorentzat hitz ezezaguna delakoan, zer da metakazetaritza?

Kazetaritzaren inguruko kazetaritza da eta ikertzen du albisteek zelan funtzionatzen duten, zer ateratzen den eta zer ez… eta batez ere nola. Hori zuzentzeko eta gizartean hobeto ulertzeko eta eragin jakin bat edukitzeko, bideratu, eta proposamenak egiten dira. Zergatik? Bada, batzuetan ikasita ditugun jarrerak nahi barik errepikatzen ditugulako, nahiz eta, beharbada, haiekin ideologikoki bat ez etorri. Adibidez, matxismoa sostengatzen dituen hainbat praktika daude kazetaritzan, eta hori zuzentzeko konponbide profesionalak zeintzuk izan daitezkeen aztertzen da.

Kalitateko kazetaritza da hain zuzen zure lan-ildoetako bat. Zeintzuk dira bere ezaugarriak?

Lehenengo eta behin, adierazi behar da informazioa nork edo zein erakundek zabaldu duen, ze informazio guztien atzean beti dago nahi edo helburu bat. Iturria ere esan behar da, eta ia bakarrik adierazpenak diren edo atzean gertakizun bat dagoen. Izan ere, askotan topatzen dugu “ez dakit nork ez dakit zer” esaten duela eta hori gero ez dela betetzen. Niri gertatu zait prentsaurreko batera joan, eta alkate batek bertan esatea “ez dakit zer” egiteko asmoa zuela, baina aurrekontuetan idatzita ez egon; are gehiago, 20 urte pasatu dira eta ez da egin.

Zeintzuk dira euskarazko hedabideen mugarik handienak?

Gertuko informazioan oso onak gara, euskararen mundutik zabaldu baitugu esparru oso bat eta komunitate oso bat eratu da. Hala ere, Estatu Batuetara begira gaude eta han ez dugu zuzeneko iturririk; albiste-agentzia batzuen menpe gaude… ETB1era, adibidez, Estatu Batuetako eta Espainiako albiste gehiago heltzen dira, bertoko albisteak baino. Gehiago entzuten dugu kanpoan gertatu den zerbait, Iparraldean gertatutakoa baino. 

“Gehiago entzuten dugu kanpoan gertatu den zerbait, Iparraldean gertatutakoa baino”

Erabiltzaileentzat ez ezik kazetariontzat ere informazio-iturri dira gizarte-sareak; arriskutsua da oso.

Gizarte-sareek bat-batekotasuna dakarte, eta mezuari zuzenean erantzuten zaio, baina ez dago astirik jakiteko egia den, nork bidali duen… Azken batean, kazetarion sinesgarritasuna dago jokoan, eta erabaki behar da bat-batekotasun horretan sartzen garen eta informazioa kontrolatzen ez dugun ala hor sartzen ez garen eta astiroago funtzionatzen duen kazetaritza egitera behartuta gauden, eta ondorioz, jendearengana heltzen ez garen. Izan ere, egiaztatu da gezur baten eragina hura ezeztatzen duen informazio landuarena baino handiagoa dela. Eztabaida horretan dago, ziztada batean zabaltzen den desinformazioari nola egin aurre, ze orain arteko kazetaritza patxadatsuak ez du eragin bera.

“Gezur baten eragina hura ezeztatzen duen informazio landuarena baino handiagoa da”

Komunikazio feminista ere lan-ildo duzu. Nola heltzen die kazetaritzak emakumeei lotutako gaiei?

Emakume bati egiten dioten erasoa, esate baterako, emakume guztiok menderatzeko mezua da, eta oso ondo ulertzen dugu. Baina hedabideek ez dute ikuspegi hori barneratzen, eta erasoen berri ematen dute haiek emakumea ordu txikietan bakarrik ibiltzen zelako edota neurririk hartu ez zuelako gertatu baziren moduan. Orduan, aditzera ematen dute emakumeok txarto egiten dugula gauez ibiltzen bagara, edo jaietara joaten bagara…, esan beharrean erasoak gertatzen direla Estatuak ez dituelako gure eskubideak eta osotasun fisikoa babesten.

“Ustezkokeriak” ere aztertu duzu.

Hogei urtean delituak aztertu eta egiaztatu nuen emakumeok salatzen dugunean “ustez” berba bi bider sarriagotan erabiltzen dela, gizonek salatzen dutenean baino. Hau da, gizonak jasotzen duen erasoa «gertatzen» da, baina emakumezkoak jasotzen duena «ustezkoa» da; hala ere, erasoa gertatu da eta, izatekotan, erasotzailea izango da ustezkoa. Orduan, hor dago emakumeon sinesgarritasuna zalantzan ipintzen den konnotazioa. Beste alderdi bat da emakumeon aurkako indarkeriaren erotizazioa.

“Emakumeok salatzen dugunean «ustez» berba bi bider sarriagotan erabiltzen da, gizonek salatzen dutenean baino”

Erotizazioa?

Adibidez, eztabaida izan nuen egunkari bateko zuzendariarekin, idatzi zutelako emakume bat parke batera eraman zutela eta han sexu-harremanak izatera behartu zutela. Erasoa ez da sexua, eta ezin da inor sexu-harremanak izatera behartu; behartuz gero, ez dira harremanak. Zuzendariak, gizona zenak, ez zuen ulertzen… Egia esan, ez dut uste berak horrela pentsatzen zuenik, baina, konturatu ezean, aditzera ematen da emakumeen aurkako erasoa ez dela horren larria; kexatuko ez bagina, gauza arina izango litzatekeela. Erasoa eta sexua berdintzen badira, fokua emakumearengan ipintzen da berriro.

Zeintzuk dira erronkak?

Erasorik gertatzen bada, hura ez tratatzea behin gertatu den gauza moduan, gertakizun jarraitu moduan baizik. Azken batean, ez da gizon bakar baten erasoa, baizik eta feminismoaren aurrerapenak gelditu nahi dituzten gizon batzuen egintza. Anaidia horrela ulertzen dute. Nolanahi ere, feminismoak aurrera egiteko bide nagusian gizonek egin behar dute, eurek apurtu behar baitute onurak ekartzen dizkien anaidi hori. Horregatik interesgarria iruditu zait aurtengo greba feministara gizonei ere deitu izana.      

Feminismoz gabiltzala, badirudi aspaldion feminista izatea modan dagoela. Contra la banalización del feminismo liburua duzu idatzita; modak hutsaltzen du feminismoa?

Horixe bera izan da liburuaren egitekoa. 2012an Berlinera joan nintzen bizi izatera eta garai hartan oso gutxi ginen feminista; gainera, ospe txarrekoak ginen, gizonen kontra beti… Baina itzuli nintzenean ikusi nuen Euskal Herri osoa zela feminista; hala ere, horrek ez zuen inolako aldaketarik ekarri. Liburua idazten hasi nintzen eta gako nagusia izan da identitate feminista eta kontzientzia feminista bereiztea; hots, gauza bat da zure burua feministatzat hartu eta helburuekin bat etortzea, eta beste gauza bat da zure egunerokotasunaren arlo guztietan feminismoa egin, eragilea izan, eta matxismorako abagunerik ez uztea.

“Besteak beste, identitate feminista eta kontzientzia feminista bereizten ditut liburuan”

Feminismoa hutsaldu dezaketen beste arrisku batzuk aipatzen dituzu liburuan, eta haietako batek Martxoak 8aren genealogiarekin du zerikusia.

Nazio Batuen Erakundeak Martxoak 8 Emakumeen Nazioarteko Eguna izendatu zuenetik, Estatu Batuetan izandako hiru gertakizun hartu dira erreferentziatzat, eta gaur egunera ailegatu dena da 1911ko martxoaren 25ean alkandora-lantegi batean izandako sutea. Baina, egia esan, Martxoaren 8aren jatorria soviet iraultzak martxan ipinitako gertakizun batean dago: San Petersburgoko emakumeek eta langileek manifestazioa egin zuten tsarraren kontra 1917an, eta lau egunean lortu zuten, alde batetik, tsarrak abdikatzea, eta bestetik, emakumeentzako boto-eskubidea. Clara Zetkin eta Rosa Luxenburg sozialista alemaniarrak egun hori finkatu zuten egutegian, eta 1918tik aurrera hasi zen Europan ospatzen. Beste aldetik, orain euskal hedabideetan modan ipini da Santutxuko puru-lantegiko emakume langileek 1889an egindako matxinada aipatzea, baina horrek ere ez du zerikusirik.

Atsotitzak dioenez, zenbat buru, hainbat aburu. Feminismoaren barruan iritzi kontrajarriak daude zenbait gairi buruz, eta horiek ere aipatu dituzu.

Prostituzioari buruz, esaterako, ez dut berbarik egiten, ezagutzen ez dudan errealitatea delako. Gainera, uste dut pertsona batek bizimodua prostituziotik atera nahi badu Espainiako estatuan bidea baduela: autonomoetan alta hartu eta erretirora arte kotizatu. Aldiz, LGTBI mugimenduak eta feminismoak zer zubi-lan duten aztertu dut, eta trans legea. Argudioak banan-banan egiaztatuz joan naiz, eta, nire sorpresarako, batzuk ez dira guztiz egiazkoak.

Adibidez?

Bada, Elaine Thompsonek, esaterako, 100 metro lauen errekorra hautsi zuen birritan, baina 14 urteko mutiko batek berak baino azkarrago korrika egiten zuen baieztapena zabaldu zen. Albistea topatu nuen eta gauza zen Kuala Lumpurreko mutiko bat Asia osotik zebilela korrika, fenomeno moduan, eta, nire ustez, halako baieztapen bat zabaltzea ez da eztabaidari on egiten dion datua, batez ere ez delako oso datu garbia. Ze aditzera ematen da 14 urteko edozein mutil errekorra duen emakume korrikalariaren parean dagoela, gizona delako. Horri dagokionez, gainera, COIk ez du irizpiderik, antza, testosteronak ez baita nahikoa esateko zergatik gizonek emakumeek baino indar gehiago duten edo azkarragoak diren; izan ere, gizon guztiak ez dira emakume guztiak baino indartsuagoak edo azkarragoak.   

Emakumeen kontrako indarkeria ezabatzea, hala ere, guztien aldarria da.

Bai, eta lotzen gaituen horretan arreta jartzea pentsatu dut, guztiok ados gaudelako hurrengo honetan: behar-beharrezkoa da gure biziraupenerako eta bizitzaren kalitaterako; biak arriskuan daude eta. Eskubidea aitortuta dugun arren, ez dago baliabideetan bermatuta. Horregatik, hedabideen kontakizuna funtsezkoa da matxismoa gelditzeko eta gizartea sentikor bihurtzeko. Neska gazteak gogor datoz horretan, zelako bizimodua nahi duten argi dutelako. Oso matxismo oldarkorra ezagutzen dabiltza, eta aurrean erasoen bidez euren nagusitasun soziala babestu nahi duten gizonak dituzte. Biolentzia fisikoa zer den, bestalde, oso argi dugu; hala ere, egoera jakin batzuk salatzea, edo salatu barik, distantzia hartzea gogorra da, tartean familia- edo lagun-egitura dagoelako. Adibidez, sozialki erasotzaile batek Euskal Herrian ez du koadrilarik galtzen; egitura horri aurre egitean, nork ordaintzen du injustiziaren prezioa? Nire ustez, bestelako indarkeriak antzematen hasiko gara, eta haiekiko sentikor bihurtzen. Bestelako indarkeria horiek badute gure egunerokotasunean indarra, baina ez dira ikusten eta orduan oraindik ez dute egilerik.

“Hedabideen kontakizuna funtsezkoa da matxismoa gelditzeko eta gizartea sentikor bihurtzeko”

Greba feminista orokorrera deitu da azaroaren 30erako; lorpen garrantzitsu askoren atzean emakumeak izan dira.

Bai, emakumeen greba historikoek gure gizartearen norabidean eragin zuzena izan dute; esaterako, lehen aipatutako Errusiako Iraultzan, baita Frantziako Iraultzan ere… Era berean, 2018tik hona munduan egin diren mugimendu handienak, batez ere Europan, greba feministak izan dira. Feminismoak langileen tresna historikoa –greba– hartu, eta sektore ez produktiboetara zabaldu du; Islandian, adibidez, 1975ean egin zuten. Nire iritziz, asmatu egin da, gizartean dagoen tresna ezagunetakoa erabili da gizarte osoari dagokion ardura zabaltzeko: zaintza-lana.

“Emakumeen greba historikoek gure gizartearen norabidean eragin zuzena izan dute”

Eta gizarte osoari dagokigunez, gizonei ere deitu zaie grebara.

Izan ere, zaintza-lana egiteko, berdin dio gizona ala emakumea izateak. Azken batean, norberak bere bizitza-proiektuan hartzen dituen konpromisoak, etxean, lanean… bete behar ditu, eta ez pentsatu sexuaren arabera batek besteak baino dohain handiagoa duela. Gero, gizarte moduan badugu beste ardura bat: nagusiak zaintzea eta sistema publikoa indartzea. Guztiontzako onura da, gainera, gu ere nagusiak izango garelako edo edozein momentutan ezgaitasuna etorri zaigulako.

Zaintza lanetatik harago, zein inplikazio eskatu behar zaie?

Emakumeen aurkako indarkeria gizonek egikaritzen dute; hortaz, gizonek euren kidearen, anaidi horretako kidearen jarrerak gaitzetsi behar dituzte, eta esan “hau dagoeneko ez da nire kidea, hau egiten duelako”. 

 

Ikertzailea

Maria Gorosarri Gonzalez (Durango, 19789) duela urte batzuk “txorierritartu” zen, eta gaur egun Zamudion bizi da. Zuzenbidean eta Kazetaritzan lizentziatua da, eta Komunikazio Doktore Europarra. Fotokazetaritza feminista irakasten du Euskal Herriko Unibertsitatean, eta ikertzaile moduan hiru lan-ardatz ditu: albisteen kalitatea, feminismoa eta fotokazetaritza.

Zenbait komunikabidetan ibili da lanean, hala nola ETB1n eta Euskadi Irratian, eta gaur egun kolaborazioak egiten ditu hainbat hedabidetan. Argitaratu dituen lanen artean aipatzekoak dira ETB eta kalitatea: Alemaniako Länder-etak telebista publikoaren irakaspenak (2018), Encuadres de la violencia machista: estudio comparativo de las noticias sobre delitos con víctimas (1996-2016) (2021) eta El origen del 8M: intereses estadounidenses que banalizan el feminismo (Pikara Magazine, 2023ko martxoa). Bestalde, 2024ko urtarrilean “Feminismoa euskaraz ala erdaraz? Hedabideek oker eman dituzten erreferentzia feministak” artikulua argitaratuko du Uztaro aldizkarian.

Iaz, Contra la banalización del feminismo (2021) liburua bigarrena izan zen Euskadi Sarietan, eta Gorosarri Arratiko Mankomunitatearekin elkarlanean dabil, eta bertako Berdintasun Sailak proposatuta, heziketa-saioak ematen ditu liburuan jorratzen dituen gaiei buruz.    

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).