GARI URIARTE | Dupla taldearen abeslaria

“Etiketak jartzea nahiko zaila da gaur egun”

a: Dupla 2024ko mai. 30a, 13:58

a: Dupla

Dupla Aguraineko musika-taldeak publikoari gozarazi zion Zamudioko Pazko jaietan. De un pueblo llamado Agurain da euren lan berria, eta horren abestiez gainera aurreko kanta arrakastatsuak ere eraman zituzten agertokira. Plaza dantzan jarri zuten.

Entzuteko eta abesteko diskoa da zuen bigarren lana. Nolako feedback jaso- tzen zabiltzate?

Ona, nire ustez. Buruan genuena egin dugu, eta zaleek ondo hartu dute. Egia esan, aurkezpen-kontzertuak ondo joan dira, baina oraindik ere plazak geratzen zaizkigu diskoaren harrera ikusteko. Diskoa plazetan ere abesteko pentsatu genuen, eta hori ikusi behar dugu, nahiz eta ondo funtzionatuko duela pentsatzen dugun. Momentuz, oso ondo dabil, baina denborak ere badu zer esan.

Lana zortzi abestik osatzen dute, baina entzun dizuegu 20ren bat egin dituzuela eta haietako batzuk zakarrontzira joan dira. Zuen lanarekin oso obsesiboak zaretela ere entzun dizuegu.

Beti dago zer baztertu, baita bizitzan ere. Gauza asko egin ditugu eta batzuk baztertu ditugu, esaterako, soinu aldetik ikusten ez genituelako edo hain onak iruditzen ez zitzaizkigulako. Azken batean, baztertzeko modu asko daude, eta, egia esan, kontzeptu itxi bat ere ez genuen. Beñati eta bioi gustatzen zaigu gauzak burura etorri ahala botatzea, eta horrek batzuetan funtzionatzen du, eta beste batzuetan, ez. Honela egiten dugu: asko egin, probatu, forma eman… Beraz, gauza asko geratzen dira bidean.

Baten bat gorde duzue etorkizunerako?

Grabatutako bi abesti kanpoan utzi genituen azken-azken momentuan. Oraindik adostu ez badugu ere, baliteke haietako bat formatu fisikoan ateratzea.

Zuen gauzak, istorioak… eramaten dituzue abestietara; memoria historikorako tartea ere badago Otsaportillo abestian.

Herrian eta etxean entzun dugun istorioa da, eta erabat zetorren De un pueblo llamado Agurain kontzeptuarekin. Gure inguruan gertatutako zerbait da eta herriarekin oso konektatuta ikusten genuen. Hortaz, diskoaren barruan egotea adostu genuen; ez dakit beharrizanik genuen, baina horrela atera zitzaigun. Azken batean, diskoa istorioak kontatzean datza.

Entzuteko eta abesteko lana egin izanak eraginik du zuzenetan?

Beharbada, diskoari garrantzi handiagoa eman diogu aurkezpenetan, eta udan Dupla aurkeztu nahi dugu; eta daukagun guztia plazan jartzea: abesti berriak eta zaharrak, nahaste ezberdinak… Plazan abesteko eta gozatzeko showa egin nahi dugu eta horretan gabiltza. Orain arte Duplarekin gozatu duenak gozatuko du; hala ere, paleta pixka bat zabaldu, eta abesti lasaiago batzuk ere sartu ditugu; showari beste ikuspegi bat ere eman diogu.

Urte batzuk daramatzazue Euskal Herria dantzarazten. Zelan daramazue zuen inguruan sortutakoa?

Herri batean bizi gara, eta herrian gauzak ez dira asko aldatzen. Gure bizitza aldatu da orain musikan gabiltzalako, baina, aldi berean, nahiko berdin jarraitzen dugu: betiko jendearekin, betiko gauzak egiten… Batzuetan flipa egiten dut, ze leku batera joan eta Duplako Gari moduan tratatzen nau jendeak… Dena dela, nik ez diot horri garrantzi handirik ematen; badakit nor naizen. Baina, bueno, bideo-joko batean egotea bezalakoa da batzuetan.

Reggaetona, trapa, rocka, musika elektronikoa… nahasten dituzue; hala ere, “agropopa” egiten duzue.

Pop etiketa horretan musika-mota asko sartzen ditugu, agian, beste batzuek sartzen ez dituztenak. Popa betidanik gustatu zaigu, pop herrikoia; eta herrikoi hitzaren baitan ez ditugu bakarrik trikitia edo kantari klasikoak sartzen, gauza asko baizik. Beste alde batetik, gure iruditeria herrian dago eta herriarekin oso konektatuta gaude, eta hortik dator agropop hitz-jokoa. Kanpotik ikusita, baten batek esan lezake estilo hau eta bestea nahasten ditugula, baina, egia esan, etiketak jartzea nahiko zaila da gaur egun, musika asko entzuteko aukera dugu eta.

Euskal Herrian ez ezik, Madrilen, Galizian, Bartzelonan… ere egin dituzue kontzertuak; baita Japonian ere. Musika gozatzeko modua berbera da?

Lekuen arabera, publikoa ezberdina da, baina aldi berean antzekotasun asko ditugu. Azken batean, gizakiak gara eta gizaki guztiok dugu gozatzeko, txalotzeko, energia sentitzeko… nahia. Gizakiok oso antzekoak gara Etxarri Aranatzen zein Tokion, eta musika da musika. Ona dena leku guztietan da ona, eta txarra denak ez zaitu mugitzen.

Zelan dator uda?

Indartsu, data nahikotxo ditugu eta. Udari begira, gure asmoa zen Euskal Herrian eta plazetan ibiltzea eta publiko guztientzako kontzertuak egitea; ez bakarrik ordu txikietan. Horrela egingo dugu; beraz, poz-pozik.

 

Gari eta Beñat

Gari Uriarte eta Beñat Oribe dira Dupla, 2019an Agurainen sortu zen musika taldea. Erroak herrian dituzte, eta horregatik agropopa egiten dutela adierazi dute. Agropop kontzeptuaren baitan, keinua egiten diete hainbat musika-estilori, hala nola rapari, trapari, rockari, musika elektronikoari eta reggaetonari. Euren lehen lana Nahieran izan zen, eta hark izandako kritika onei eta zuzenetako energiari esker leku garrantzitsua topatu dute Euskal Herriko musika-munduan. De un pueblo llamado Agurain da euren azken lana, labetik duela hiru hilabete eskas atera dena.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).