Jaiak barikuan, azaroak 8, hasiko dira. Lagatzu euskara elkarteak 25 urte bete ditu aurten, eta haren kideek izango dute txupinazoa eta pregoia botatzeko ardura. Ondoren, kartel-lehiaketaren sariak banatuko dira, baita karameluak ere, eta kalejiran irtengo dira buruhandiak eta Bertoko eta Gazte Elai elkarteetako kideak. Eguna biribiltzeko, plazako agertokira igoko dira Old Glasses, Urrats eta Dj Bull.
Egun potentea izango da zapatua, goiz-goizetik izango baitira ekintzak. Umeentzako tailerrak egongo dira frontoian, eta herri-bazkaria ere bertan egingo da. Ostean, koadrilen arteko jolasak izango dira, eta musika ipiniko da. Ohikoa denez, kontzertua egingo da San Martin elizan: Zamudioko Kamara Koralarekin batera, Gehi Zazpi biolontxelo-taldeak eskainiko du musika-emanaldia. Era berean, elektrotxaranga batek girotuko ditu herriko txokoak, eta Moonshine Wagon heavy-bluegrass taldeak kontzertua egingo du. Ostean, Oinutsik erromeria taldearen eta Hmdk Etxera dj-aren txanda izango da.
Domeka goizean pilota-partidak jokatuko dira, eta arratsaldean, euskal dantzen alardea egingo du Hiru Bat dantza-taldeak. Astelehenean, San Martin Egunean, umeentzako lehiaketa egongo da goizean, eta meza. Arratsaldean, karta-txapelketa egingo dute Adintsuen Etxean. Martitzenerako, azkenik, defuntuen oroimenezko meza eta kopaua antolatu dira.
Puntu morea
Aurreko urteetan eta jaietan moduan, eraso sexistarik gabeko jaien alde egingo dute aurtengo sanmartinetan. Horrela, barikuan eta zapatuan, 22:00etatik 01:00etara, puntu morea egongo da jai-esparruaren aurrean eta bertan informazioa eta laguntza ipiniko da herritarren eskura. Horrezaz gainera, eraso sexistarik jasanez edo ikusiz gero, brigada feministaren kideengana jo ahalko da (zapi morea jantziko dute); edo 633 196 014 telefono-zenbakira deitu, 22:00etatik 10:00etara. Gainera, SOS Deiakera deitu ahal da: 112; eta Eusko Jaurlaritzaren arreta-zerbitzu espezializatura 900 840 111 (24 orduan). Komunika- tzeko arazoak dituzten pertsonek sms bat idatzi ahal dute 600 123 112 telefono-zenbakira. Jaietan arazo matxistarik gertatzen bada, Zamudioko Udalak eta Zapata Gorriak herriko elkarte feministak adostutako protokoloa ipiniko da martxan.