Indarkeria matxista andreak menderatzeko muturrezko tresna da eta, hala ere, lar ohikoa da. Aurten, sei andre hil dituzte haien bikotekideek. Andre horiek bikotekide ezegokia aukeratu zutela ematen du. Albistea, baina, alderantzizkoa da: gizon matxista bakoitzak bere bikotekideari eraso egiten dionez, aurten Euskal Herrian sei gizon matxistak haien bikotekidea hil dute. Horrela, argiago ikusten dugu indarkeria matxista ez dela andreen erabaki okerra, baizik eta gizon matxisten hautua.
Ildo beretik, erasoaren berri emateko, atxilotuaren errugabetasun presuntzioa (“ustezko erasotzailea”) baino, hedabideek erasoa bera zalantzan ipintzen dute “ustezko erasoa” diotenean, salaketa faltsua izan daitekeela aditzera ematen dute-eta. 1996tik 2016rako albisteak aztertuta, hedabideek “ustezkokeriak” sustatzen dituztela egiaztatuta geratu da: salatzailea andrazkoa denean, ustezkokerien kopurua, gizonen aurkako erasoekin alderatuta, bikoitza izaten da. Jokabide hori 2005etik hona biderkatu da, Espainiako Genero Legearen aurkako hedabideen erreakzio patriarkal argia izan dela agerian geratuz.