Ez dakit oraindik zer gertatuko den Estatu Batuetan Donald Trumpek presidentzia bigarren aldiz hartuko duenean. Seguru titular piloa emango duela, eta guk galdetuko diogu gure buruari zelan bozkatu daitekeen honelako pertsona baten alde.
Gizon indartsuak, iliberalak, artez-artez autoritarioak modan omen daude munduan zehar. Hor daude Putin, Trump, Maduro, Netanyahu,... eta niretzat deigarriena dena: Argentinako presidentea den Javier Milei.
Ez zait gustatzen esatea herri batek oker bozkatu duela, edo beste herri batekoak tontoak direla, edo beste batzuk ezjakin-andana direla. Kostatzen zait sinestea hainbeste tonto eta ezjakin daudela munduan zehar. Beste arrazoiren bat egon behar da. Akordatu nintzen badaukadala Argentinan jaiotako laguna, eta berari eskatu nion Mileiri buruz daukan iritzia.
Ezin kafea lasai hartu. Bere erantzunek zur eta lur utzi ninduten. Bere burua ezkertiartzat jotzen zuen, eta Mileiren aldekoa zela esan zuen. Kontraesana zela erantzun nion, baina berak kontraesanik ez zegoela erantzun zidan: "Ez duzu ezer ulertzen. Hemen ez duzue ezer ulertzen. Han beste era batera ikusten dute. Urte luze hauetan ustelkeria galanta izan da gure herrian. Ikaragarria. Orain arteko gobernuek lapurtu dute lapurtu daitekeen guztia. Begira noraino ailegatzen den: badaude lanpostu publikoak dauzkatenak eta lanera joan gabe soldata jasotzen dutenak. Eta beste batzuk daude lanean eta kobratzen leku berean. Lanpostu publiko bat eta soldata bi ordaintzen dira. Edo hiru. Eta ez dira bat, bi edo dozena erdi. Bozkatu dena erreakzioa da ustelkeriaren eta lapurretaren kontra. Milei burutik eginda dago, bai, baina hain zuzen ere horregatik, burutik dagoelako, pikutara bidaliko ditu lapurrak."
Horren aurrean esateko gutxi zegoen. Igarri egiten zen aldaketa nahi zutela. Agian ondorioetan pentsatu gabe. Zoritxarrez, Historiak erakusten digu zenbait aldaketen ondorioz askoz okerrago amaitu daitekeela aldaketaren aurretik baino. Edo asmatuko ote dute? Ikusiko dugu Historiako liburuak idatzi baino lehen.