Eliza ortodoxoa, Derioko San Kristobalen

Aikor aldizkaria 2007ko mar. 12a, 23:51

Testua eta argazkia: Bestorrene

Domeka goiza da, eguzkitsua, Derioko Aldekonetik San Kristobal eliza zaharrera doan bidea hartu dugu. Jende nahikotxo doa oinez; apur bat lehenago autobusetik jaitsi direnak. Elizara hurbildu ahala lagun gehiago ikusi dugu, asko kotxez igo dira bertara. Adin guztietakoak daude, baina gehienak matrimonio gazteak dira, euren seme-alabekin. Zer dauka berezia egoerak? Ba, esate baterako, belarria findu arren ez dugula esaten dutena ulertzen: ez dabiltza euskaraz, ez gaztelaniaz, errumaniera da darabilten hizkuntza. Elizako ate nagusiko alde banatan kandela asko dagoz sutan, eta jendea elizara sartu eta irten dabil kandelak pizten dituzten bitartean. Barruan kantuak eta otoitzak, eta komentatu digutenez luzera doa: hiru edo lau ordu iraun dezake mezak. Errumaniako eliza ortodoxoaren mezara etorritakoak dira, ia denak errumaniarrak. Beste egun batean, lasaiago, bertako apaizarekin gelditu gara, David Petru errumaniar gaztearekin. Euskal Herrian dagoen eliza ortodoxo bakarraren apaiza da bera. Noiztik zaudete Derion? Gure parrokia iazko apirilaren 15etik dago martxan. Parisen dagoen eliza metropolitaren menpe dago geurea. Hemengo komunitate errumaniarrak apaiza eskatu, eta ni bidali ninduten orain dela urte bi. Lehenago Begoñako Santa Monica komentuan egon gara, baina bertako mojen ordutegi liturgikoa eta gurea adosten zaila zenez, beste leku bat eskatu genion Obispadoari eta hona etortzeko aukera izan dugu. Hemen oso pozik gaude, geuk zabaldu eta geuk ixten dugu. Lasaiago gaude, gure kultua bakean egin ahal dugu, ez dugu inor molestatzen. Zenbat jende hurbiltzen da hona? Igandero 100 lagunetik gora etortzen da. Euskal Herrian ez dago beste elizarik. Hurbilenak Santanderren eta Logroñon daude. Gure eliztar gehienak Bizkaiko herrietatik datoz, nahiz eta autobusa hartu behar dutenentzat lehen orduan heltzea erraza ez izan; Bilbokoak ez direnentzat, batez ere. Garai honetan jende gehiago dator, izan ere, Pazko bijilia garaia berezia da guretzat. Asteazken, ostiral eta larunbatetan "bezperak" ospatu eta konfesioa hartzen dugu; eta igandeetan meza nagusia eta maitinak. Larunbat arratsaldeetan bataioak, iaz 50 bataio izan genituen, gero ezkontzak... Kontutan hartu behar da Bizkaian 4000 errumaniar inguru bizi direla. Zeuen erritoak eta katolikoenak ezberdinak dira? Ez dira oso-oso ezberdinak, baina badaude berezitasunak. Gure mezak luzeagoak dira, ordu bi ingurukoak. Aurretik maitinak izanez gero, ia 4 ordu. Geuk errumanieraz egiten dugu. Hitzezko liturgia eta eukaristia ere luzeagoak dira. Beste alde batetik, aurpegia ikonoei begira izaten dugu, ekialdera, jendeari lepoa emanez. Une konkretu batzuetan baino ez gara jendeari begira egoten. Gure elizetan ez daude hemengo eskulturak; geuk ikonoak besterik ez ditugu eta gure elizak oso margotuta daude. Eliza ortodoxoa bakarra da, baina errusiarrek, bulgariarrek, greziarrek eta abar... bakoitzak bere patriarka du. Patriarka guztiak berdinak dira, ez dago inor besteen gainetik. Metropolietan banatzen dira eta metropoliak apezpikutegietan. Zein baldintzatan zaudete? Derioko jendeak nola hartu du zuen etorrera? Urte bateko kontratua sinatu dugu apezpikutegiarekin. Hasi berriak gara hemen. Ez dugu alokairurik ordaintzen eta guretzat laguntza handia da une honetan, gastatzen dugun argia baino ez baitugu ordaintzen. Bertakoen aldetik ez dugu kontrako iritzirik entzun. Aita Robertorekin oso harreman estuak ditugu eta asko lagundu digu. Berarekin adostu dugu eliza honetan bost egun berezi-edo izango direla urtean. Horiek direnean, gure gauzak hartu eta lehen zegoen moduan utziko dugu eliza. Eta inork berton ezkondu nahi badu, berdin, geure elizkizuna atzeratu edo aurreratu egingo dugu, eliza libre uzteko.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).