Amador Ramos, ipuin kontalari amateurra: Kontadazu ipuin bat

Aikor aldizkaria 2009ko urt. 26a, 10:43
Amador 26 urte zituela heldu zen Extremaduratik Bizkaira. Harekin batera, familia etorri zen eta bizitza berria hasteko ilusioa ekarri zuten maletan. Baita Jerteko bailaran nahiko zabalduta zegoen ohitura ere: ipuinak eta istorio fantastikoak kontatzea umeei. Aitak seme-alabekin egin zuen bezala, Amadorrek behin baino gehiagotan kontatu dizkio istorio horiek bost seme-alabei, hamar lobei eta birlobari. Eta jubilatu ostean besteei ere kontatzera animatu zara. Loba batek propaganda egin zidan Derioko eskolan. Ipuinak kontatzen nituela komentatu zuen eta saioa egiteko deitu zidaten. Hiruzpalau aldiz izan naiz bertan. Lehenengo saioa egin ostean, honela komentatu nion andereño bati: “Ez dakit gustatu zaien. Badakizu, umeek beti jotzen dute txalo”. Eta berak erantzun zidan: “Ba, umeei ez dakit, baina niri izugarri gustatu zait”. Derioko liburutegian ere pare bat aldiz izan naiz, baina, egia esateko, nahiko jende gutxi batu zen ni entzutera. Zaletasuna aitarengandik datorkizu. Aita baserritarra zen eta artoa landatzen zuen, babarrunak... Haiek garautu egin behar ziren eta oso lan aspergarria zen umeontzat. Aitak ipuinak kontatzen zizkigun gu erne egoteko. Ipuinok nondik ateratzen zituen ez dakit, inoiz ez bainuen ikusi bat ere irakurtzen. Eta istorioak harengandik ikasi nituen denboraren poderioz. Duela 20 urte hasi nintzen ipuinok paperean batzen, etorkizunean ez galtzeko. Zenbat batu dituzu? Hamalau guztira: hamar aitarenak dira; eta beste lauak, neuk asmatuak. Umeentzakoak ala helduentzakoak? Ipuinak entzule mota biontzat dira. Hala ere, nahiago dut ipuinak umeei kontatu, tolesgabeagoak direlako. Barre egiten badute, esandakoak barregura eman dielako da; helduek barre egiten badute, berriz, zuri barre egitearren izan daiteke, beharbada. Ulertzen? Helduok malezia handiagoa dugu. Zaila da umeen arreta bereganatzea? Ez, nire ustez. Baina, jakina!, ni ez naiz ipuin kontalari profesionala. Haiek baliabide gehiago izaten dituzte umeen arreta eurenganatzeko: arropa, musika, efektu bereziak... Nik ipuina kontatzen diet eta kito; itxura handirik gabe. Umeek arreta jaso nahi dute nagusiongandik, eta, ipuina entzuten dutenean, protagonista sentitzen dira istorioa eurentzat baita. Hor dago gakoa! Zure ipuinetako pertsonaien artean daude animaliak, pertsona arruntak, errementariak, basozainak... Zein da haien filosofia? Umeek tarte atsegina pasatzea da nire helburu bakarra. Goza dezatela entzuten duten istorioaz. Poz handia hartzen dut entretenituta daudela ikusten dudanean. Gaur egun ez dakitelako ezertan jolasten. Geure garaian leku batetik bestera korrika ematen genuen egun osoa, edozein gauzatan jolasten genuen lagunekin, eta bagenekien nola dibertitu. Oraingo umeek joko indibidualistak dituzte nahien: bideojokoak eta halakoak... Istorioa entzuten dutenean, bat egiten dute protagonistarekin, eta, ipuinetan gauzak beti ondo irteten direnez, eurak ere ondo sentitzen dira. Anekdotaren bat? Ez, oso ondo portatu dira beti saioetan. Marrazkiak ere oparitu dizkidate. Eta agurtu ere kaletik elkar ikusi dugunean: “Kaixo Amador, zer moduz zaude? Ea eskolara itzultzen zaren!”. “Berriro gonbidatzen nauzuenean!”, erantzuten nien nik. Oso ondo tratatu naute beti, eta oso gustura sentitu naiz, pozik. Besteek idatzitako ipuinik kontatzen duzu? Ez, ez naiz haiek buruz ikasteko gauza. Nire errepertorioaren artean hauek daude: Pancrudo errementaria, basozainarena, Armeniako mendilerroa, Monetaren Etxea, Eliasen historia... Azken hori nik asmatutako ipuina da. Txikitan Elias izeneko mutiko bat ezagutu nuen eta haren gorabeherak erabili nituen abiapuntutzat ipuina idazteko. Besteak burutik atera ditut, dakizkidan gauzetatik, neure bizipenetatik... Zein da gehien gustatzen zaizun ipuina? Deabruaren hiru alabak. Aitak txikia nintzela kontatzen zidan eta oso ipuin erakargarria da, mutil baten bizitza arriskuan dagoelako. Baina ipuin guztiek bezala, honek ere amaiera zoriontsua du. Eta hala ez bazen sar dadila kalabazan eta atera dadila Derioko plazan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).