Gaurko nagusia, gure artean

Aikor aldizkaria 2010ko eka. 23a, 14:57

Argazkia: Javier Martin

Angel Serrano Derioko Institutuko Gurasoen Elkartearen egoitzan harrapatu dugu. Minutu gutxi barru egingo diote omenaldi bat, baina bera datorren ikasturterako materiala dabil prestatzen. Telefonoak jo du eta areto nagusira lehenbailehen joateko esan diote. “Banoa”, erantzun du. Bizkaiko hainbat elkartek eta erakunde publikok eta pribatuk “Gaurko Nagusia” saria antolatu dute lehenengo aldiz. Sariak gure nagusiek eskuzabaltasunez gizarteari egiten dioten ekarpena jendaurrean aintzatestea du helburu. Serrano saridunetariko bat izan da. Serranok 30 urte baino gehiago daramatza lanean, Gurasoen Elkartean. “Institutua sortu zenetik; beraz, atera kontuak. Seme-alabek institutua utzi zutenean, berton jarraitzea erabaki nuen. Non egongo nintzateke hemen baino hobeto? Kartetan-edo jolasten? Ba, uste dut ezetz. Begira, ordenagailua erabiltzen ere ikasi dut! Nork esango zidan niri informatika eta guzti ikasiko nuela?”. Beste eginkizun batzuen artean, Serranok ikasleek erabiltzen dituzten liburuak eta koadernoak ditu ardura. Urte luze hauetan eskola-materiala ibili da Gurasoen Elkartearen egoitzan saltzen, eta hala, ikasleek eta gurasoek liburuen bila kanpora joan behar izatea saihestu da. Institutuko zuzendaritzak lan desinteresatu horrengatik proposatu zuen sarirako. Soinez soin Ekitaldia maiatzaren 25ean egin zen Guggenheim museoan eta Serranok eta beste gaurko nagusi bik Ibarrolak egindako eskultura bana jaso zuten saritzat. “Nirea ikusten ez den eginkizuna da, inor konturatu gabe egiten dena. Oso hunkigarria izan da hainbeste jenderen esker ona jaso izana”. Hala ere, institutuak lehiaketarako bera proposatze hutsa saria izan dela ziurtatu du gure gaurko nagusiak. Horregatik, institutuko irakasleek, ikasleek eta langileek segundo gutxi barru egingo dioten omenaldia askoz hunkigarriagoa da berarentzat. “Hainbeste urteren ostean, Morgatik Erandiogoikora arteko ia gazte guztiak ezagutzen ditut, hazten ikusi ditut... Institutuko irakasle eta langileekin lan egin dut soinez soin... Eskertzekoa da, benetan”. Institutuko areto nagusia jendez beteta dago. Ikasturte amaierako jaialdia ospatzen dabiltza eta inork ez du hura galdu nahi. Kanpoan egon diren lagunak-eta agurtu ostean, barrura sartu da Serrano, eta bertaratutakoen berotasuna jaso du. Esker on, emozio, ospakizun eta hitz politetarako momentua da; gero, lanera bueltatu beharko da berriro.