Kepa Armendariz, arkitektoa: “Sena berezia du Baserri Antzokiak”

Aikor aldizkaria 2011ko mai. 24a, 09:34

Laster hasiko dira Baserri Antzokia eraikitzeko lanak, eta handik urtebetera aukera izango dugu egoitzaz gozatzeko. Kepa Armendariz bere arkitektoak esan digu eraikin berezia izango dela, eta bide batez, azaldu digu zergatik. Zeintzuk dira Baserri Antzokiaren ezaugarri nagusiak? Nik baserria bera azpimarratuko nuke, horixe baita eraikinaren egituraren oinarria. Baserria oso adierazgarria da Euskal Herriko kulturan. Txorierriko Baserri Antzokia modernoa eta jasangarria izango da. Lehen, baserriak eraikitzeko, inguruko materialak erabiltzen ziren: zelaietan topatutako harriak, gertu zeuden arbolak (haritzak, batez ere)... Baliabideak urriak izan arren, hortik sortzen zen eraikinak mendeak eta mendeak irauten zuen zutunik, eta bertan denetarik egiten zuten etxekoek: bizi, lan egin... Bizkaiko baserriek laukizuzen formako areto nagusia dute, eta horren gainean estalki soila jartzen da. Inguruan beste eraikin txiki batzuk daude, eta hor hainbat jarduera egiten dira: animaliak eta uzta gorde, labea... Eredu hari jarraituta egin dugu Baserri Antzokia. Areto nagusian jarduera gehienak egingo dira, baina areto txiki batzuetan ere ekintzak egiteko aukera egongo da. Gainera, estalirik gabeko aretoa egokituko dugu, haizetik babestua baina eguzkiari begira, eta hor ere egin ahal izango dira ekintzak. Egurra, harria eta kristala erabiliko dira Baserria eraikitzeko. Zergatik? Baserriko oinarrizko materialak direlako, eta ez dugu sen hori galdu nahi izan. Baina garai berrietara egokituko gara. Lehen haritza eta gaztainondoa erabiltzen ziren; guk, ordea, pinua, inguruan gehiago daudelako gaur egun. Egitura, hau da, zutabeak eta estalkiak egurrezkoak izango dira; ormak, hormigoizkoak, baina landutako harriz inguratuta. Areto zabalak sortuko ditugu eta han kristala jarriko dugu. Eraikin jasangarria izango dela aipatu duzu. Zergatik? Ustiapen ekologikoetatik hartuko dugu egurra. Bestalde, zenbat eta kontsumo txikiagoa izan, orduan eta jasangarriagoak gara, gure ustez. Horregatik, material isolatzaileak erabiliko ditugu, baita ganbera bikoitzeko kristalak ere. Energia-iturriei dagokienez, geotermia erabiliko dugu, hau da, lurrak beroa ekarriko digu neguan; eta udan, hotza. Azkenik, eraikinaren kokapena eta orientazioa ere aipatu beharra dago, jasangarritasunari buruz hitz egiten badugu. Horrela, etxaurrea hegoaldeari begira egongo da. Baserriak aldatu egin dira denboraren poderioz, eta gaur egun jendeak bertan bizi baino ez du egiten. Eraginik izan du aldaketa horrek Baserri Antzokia diseinatzeko orduan? Ohiko baserrietako aurreko aldean etxea zegoen; atzeko aldean, kortak eta lastategia; eta goian, ganbara. Denbora pasa ahala, baserriak egokitu behar izan dira, nekazaritzak eta abeltzaintzak garrantzia galdu baitute, tamalez. Guk antzeko egitura bat egin dugu eta zati bi horiek mantendu ditugu: aurreko aldean, sarrera, eta atzean, antzokia. Zerk bereizten du Baserri Antzokiaren eraikina? Baserria bera. Beste antzokiak taberna arruntak bezalakoak dira; gureak, ordea, sen berezia du. Gure kultura argi eta garbi da agerian erakinean.