“Momentu on asko bizi izan ditugu, eta txar bakar bat ere ez”

Aikor aldizkaria 2013ko ira. 26a, 10:42

Goyo García eta Jose Angel Mentxaka, tipi-tapa Deriotik Iruñera

Derioztarrek 180 kilometro egin dituzte abuztuan, herritik Iruñera. Buruan aspalditik eduki duten proiektua izan da eta aurten animatu egin dira egia bihurtzera. Ibiltariekin beste hiru lagunek bat egin zuten helmugara ailegatzeko hiru egun faltatzen zirenean. Zazpi egun eman dituzue tipi-tapa mendian zehar. Zeuen burua prestatuko zenuten aldez aurretik. Egia esan, ez da gehiegi behar. Mendian apur bat ibiliz gero, 20 edo 30 kilometroko etapak ez dira hainbesterako. Ibilbidea bera, bai, ezta? Bai. Ibilbidea eta etapak paper gainean —gaur egun, google.maps gainean— eduki ditugu zehaztuta. Baina ez genekien egunekoa betetzeko gai izango ginen, faktore asko daudelako: nekea, indarrak, eguraldia... Eta azkenean osorik bete dugu aurreikusitakoa. Ibilbide gehiena GR batzuk aprobetxatuz egin dugu. Markatuta daude eta errazagoa da. Gainera, leku zoragarrietatik pasatzen dira. Zer eraman duzue motxilaren barruan? Pisu gutxi, egunean ordu asko egin behar direnez, ez delako komeni kargatuta joatea. Koltxoneta eta lo egiteko zakua eraman ditugu, aldatzeko arropa, ura eta janari apur bat. Soineko arropa gutxi ere eraman dugu, garbitzeko iturriak eta errekak daudelako. Zelan eta non pasatu dituzue gauak? Non egin dituzue otorduak? Teorian, etapa guztien amaieran badago non lo egin: landa-etxeak, aterpeak... Baina gu joan ginen egunetan denak zeuden beterik. Beraz, gau gehienak elizetako arkupeetan eman ditugu. Gau bat, nahita, haritz baten azpian eman genuen; eta beste bat, Ibargurenen alokatu genuen landa-etxe batean. Bestalde, egunero aurkitu dugu tabernaren bat bazkaldu edo afaltzeko. Ondo etorri zaigu telefonoan internet izatea, aurretik ziurtatu behar delako tabernak zabalik daudela. Osterantzean, sorpresak izaten dira. Adibidez, Legutio osoan ez genuen non afaldu topatu, baina salbuespena izan zen. Zelako esperientzia eduki duzue? Oso ona. Oso gustura amaitu genuen Iruñeko Gaztelu plazan. Momentu on asko bizi izan ditugu, eta txar bakar bat ere ez. Eta batez ere Euskal Herriko paisaia ezberdinez gozatzeko aukera eduki duzue. Oso paisaia ezberdinetatik ibili gara. Kontuan izan behar duzue oso errepide gutxi zapaldu dugula, ia dena mendia edo landak izan direla. Bizkaian, pinua da nagusi. Lautadara igonda (bigarren eta hirugarren egun osoak) haritz eta pagopean ibili ginen. Gero, gari-soloak Arabako lautada gurutzatzeko; Urbasara igo, eta berriro haritzak eta pagoak; mendi garbia, Andia zeharkatzeko. Eta azken egunerako, sorpresa atsegina: kilometro asko zuhaizpean egin genituen, Arakil ibai ertzetik, esaterako. Eta Iruñera sartzeko, noski, gari-solo luzeekin eta asfaltoarekin egin genuen topo. Ospatuko zenuten. Ba, ez pentsa. Iruñera eguerdiko ordu biak pasatuta heldu ginen eta etxera itzultzeko autobusa arratsaldeko bostetan ateratzen zen. Beraz, garagardo batzuk edan genituen beroa kentzeko, bazkaldu egin genuen eta arin joan ginen autobus-geltokira. Hau bezalako beste proiekturik? Buruan beti daude proiektuak. Gauzatu behar.