Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak “Eman giltza” kanpainan hartu du parte azken urte biotan, eta proiektu horren berri emateko, besteak beste, iragarki bat egin da telebistarako. Nerea Romero derioztarra eta bere familia azaltzen dira iragarkian.
Nerea Derion jaio zen eta bertan eman du bizitza osoa. Gaur egun, Larrondoko etxebizitza berrietan bizi da bikotekide eta alabarekin. Azken horrek Naia du izena eta urte bi ditu. Neskatila ikasturte honetan hasi da Derioko herri ikastetxean, eta Nereak eskolaren bidez eduki zuen “Eman giltza” kanpainaren berri. “Ekainean bilera izan genuen eskolan. Hangoek esan ziguten lagungarria zela umeak euskaraz hezteko, batez ere euskaldunak ez ziren gurasoentzat. Eta webgunean sartzea erabaki nuen. Inkesta bat bete nuen, eta hala egin genuenen artean zozketa bat egin zuten. Niri bigarren saria suertatu zitzaidan, jostailu sorta bat, euskaraz jolasteko. Pozaren pozez hartu nuen, bai horixe!”.
Hor ez da amaitu Nereak kanpainarekin izan duen harremana. Izan ere, geroago deitu zioten telebistarako iragarki batean parte hartzeko. “Oparia suertatu zitzaigunez, esan ziguten ondo legokeela iragarkian geu ateratzea. Nik baldintza bakarra jarri nuen: oso urrun joan behar ez izatea. Eta Derion bertan grabatu genuen, Mankomunitatean. Eskatu zidaten alaba ere agertzea, baina nik ezetz esan nien. Zalantzak nituen, ez nekien aproposa zen bi urteko umea telebistan ateratzea. Baina horren inguruan hausnartu eta gero, erabaki nuen euskara bultzatzeko iragarkia zela eta alaba agertzeak ez zuela garrantzirik. Eta azkenean, gu biok ez ezik, nire bikotekidea eta iloba ere batu ginen eta ustezko familia oso bat osatu genuen telebistarako (kar, kar)”.
“Oro har, esperientzia polita izan zen. Arratsalde osoa eman genuen grabatzen, leku batetik, bestetik... Iragarkian segundo gutxi batzuetan baino ez gara agertzen, baina tira.... (kar, kar)”. Iragarkia ETB2 katean ikusteko aukera izango dugu urrian eta azaroan. Nerea eta senideekin batera Aitzol Zubizarreta kazetaria eta Itziar Atienza aktorea ere agertzen dira han. “Herrikoek, senideek eta lagunek txantxak egin dizkidate. Batzuek autografoak eta guzti eskatu dizkidate (kar, kar). Tokian tokiko hedabideetan agertu naiz eta jendeak zorionak eman dizkit kalean. Barregarria izan da”.
Adibide ona
Nereak euskararen transmisioa bermatzeko kanpainan hartu du parte, nahiz eta bera euskalduna ez izan. “Nik 38 urte ditut, eta gustatuko zitzaidakeen euskara eskolan ikasi izana, baina gurasoek beste erabaki bat hartu zuten garai hartan. Ikastetxean euskara izan nuen ikasgaitzat, baina horrek ez zidan ezertarako balio izan. Geroago euskaltegira joan nintzen eta ikastaro batzuk egin nituen, baina ez naiz batere trebea hizkuntzekin eta lanean hasi nintzenean utzi egin behar izan nuen. Lanean ingelesa ikastera animatu ninduten eta ingeles ikastaro batzuk ere egin nituen, baina euskara bezain txarto eraman nuen. Eta orain, ez bata, ez bestea (kar, kar)”.
Dena dela, bere ustez, euskalduna ez denez, hain zuzen ere, pertsona aproposa da kanpainaren funtsa islatzeko. “Guraso euskaldunek bermatuko dute hizkuntzaren transmisioa, baina agian erdaldun batzuek ez dute egingo”. Eta berak argi du euskara bultzatuko duela. “Esaldi batzuk dakizkit euskaraz eta horiek umearekin erabiltzen ditut, eta gauero ipuinak euskaraz, ahal dudan moduan, irakurtzen dizkiot. Berak adi-adi entzunten dit eta oraindik ez dit zuzentzen; beraz, ni pozik (kar, kar)”. Gainera, Nereak Naia euskaraz hitz egitera animatzen du izeko eta lehengusina euskaldunekin dagoenean.
“Hemengoak gara eta euskara zein gaztelera jakin behar ditugu, zelan ez! Nik euskara eskolan ikasteko aukera eman nahi diot alabari. Han euskara ikasiko du, eta nirekin eta aitarekin gazteleraz egingo du. Hizkuntza biak menperatuko ditu”. Beste guraso batzuk ez datoz bat Nerearekin, eta D eredua gaitzesten dute. “D eredua ez aukeratzea atzerapausoa da. Eredu erabat euskaldunak bermatzen du ikasleek euskara ikasten dutela, eta gainera ahalegin handirik egin gabe, txikiek azkar ikasten baitute. Euskara aukeratzeak ez du inondik inora esan nahi gaztelaniari uko egiten diozunik. Nire ustez, hizkuntza bakar bat ikasteko aukera eman beharrean, D ereduak hizkuntza bi jakiteko aukera ematen die neska-mutilei”.
Euskara eskolari dago lotuta, eta ume batzuek bertan baino ez dute euskaraz egiten. Derioztarrek ez du hori Naiari gertatzea nahi, eta baikor agertzen da euskararen etorkizunari buruz galdetu diogunean. “Nire adineko askok ez genuen eskolan euskara ikasi, eta batzuek jakin barik jarraitzen dugu; nire alabaren adinekoek, aldiz, jakin badakite euskara eta ondorengoek ere jakingo dute. Hurrengo belaunaldirako ziurrenik guztiak izango dira gai euskaraz egiteko”. Euskaraz egiteko gai izateak ez du esan nahi geure hizkuntza erabiliko denik, eta ezagutzaren eta erabileraren arteko dagoen desoreka da adituak kezkatzen dituena. Hala ere, lehenengo urratsa da, behintzat, eta Nereak aurrerapausoa eman du. Berak giltza eman dio Naiari neskatila euskalduna izateko.
Euskara transmititzea
Duela urte bi, Alkarbide Bizkaiko Euskara Zerbitzuen bilguneak “Eman giltza” kanpaina jarri zuen martxan. Proiektu horrek euskara belaunaldiz belaunaldi transmititzeak duen garrantzia nabarmentzea du helburu. Aurten, 39 udalerritan eta mankomunitate bitan (Txorierrikoa barne) zabalduko da eta Bizkaiko 10.000 familia inguruk jasoko dute etxean, postaz, kanpainari buruzko informazioa.
Egitasmoa 0-6 urte bitarteko haurrak dituzten gurasoei dago zuzenduta, eta horiei umearen ingurune hurbilean euskara sustatzeko aholkuak batzen dituen diptiko bana bidaliko diete. Gainera, euren kezkak eta beldurrak uxatzeko prestatu den webgunearen berri ere izango dute. Webgunea hiru hizkuntzatan dago: euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez. Horrezaz gain, adur-zapia, askari-poltsa, autoan jartzeko pegatina eta KU-KU liburuxka eta CDa ere banatuko zaizkie. Liburuxka horretan, besteak beste, abestiak, euskarazko oinarrizko hitzak eta esamoldeak jaso dira, gurasoek umeekin erabil ditzaten. Era berean, aurten, ikasturte hasierarekin batera, ETB2 telebista katean proiektua ezagutzera emateko eta transmisioa sustatzeko iragarkia ere ikusi ahal izango da.