Baserri Antzokia, laster gure artean

Aikor aldizkaria 2014ko uzt. 18a, 13:37

TOTOAN Txorierriko Euskara Elkarteen Federazioak orain dela urte bi azaldu zigun Derion Baserri Antzokia (BAN) eraikitzeko asmoa. Proiektua Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitatearen parte-hartzearekin sustatu du, eta eskualdeko euskaltzaleen topagunea izatea du helburu. Lehenengo fasean Baserri Antzokia Fundazioa sortu zuten, eta beharrezko izapideak egin eta sostengu ekonomikoa lortu ostean, laster hasiko da eraikina egiten. Fundaziotik adierazi duten moduan, proiektuaren berri eman zutenetik hona hamaika lan eta egokitze egin behar izan dituzte, hura aurrera atera ahal izateko. Egokitze nagusiak eraikinari berari dagokio. Hasierako baserriak 2.000 metro koadro zeuzkan, eta 2,4 milioi euroko kostua. Proiektuaren sustatzaileek ez zuten hain eraikin handia egiteko asmorik, baina bertan ematekoak ziren zerbitzu guztiak kontuan hartuta, beharrezkotzat jo zuten gune zabal bat eraikitzea. Baina krisi ekonomikoak eragina izan zuen banketxeen jarreran, eta “dena” ematetik “ezer ez” ematera pasatu ziren. Hala, egoera berrira egokitu behar izan zuten, eta berriro hasieratik hasi. “Eraikinari goiko solairua eta etxabea kendu zaizkio eta 850 metro koadro ditu orain. Beheko solairua bere horretan utzi egin da, aurreikusitako ekintza guztiak aurrera eraman ahal izateko. Aurrekontua ere erdira etorri da eta 1,1 milioi eurokoa da orain”. Proiektuaren, eraikinaren eta negozio ereduaren tasazioa egin ostean, ELKARGI Elkarrekiko Garantia Elkarteak abala ipini du eta banketxea mailegua emateko prest agertu da. “Aurten hasiko da Baserri Antzokia eraikitzen, Derioko antzinako seminarioren atzean, Bizkaiko Parke Teknologikoan”. Lantaldeak lan eskerga egin behar izan du azken urte bietan, eta ardura eta kezka handiak izan ditu gizarteari emandako hitza betetzeko. “Gainera, proiektuaren porrotak Txorierriko euskalgintza osoa ipiniko zuen zalantzan. Hori guzti hori gainditzeko aukera bakarra lana ondo egitea besterik ez dugu izan. Eta beldurrak eta izerdi hotzeko gauak gainditutakoan proiektua aurrera aterako da”. Banketxeak eta ELKARGIk baldintza bat ipini diete Baserri Antzokiaren sustatzaileei: haiek proiektuaren kostuaren % 30 inguru jartzea; hau da, haiek ere proiektuan konfiantza izatea. Baldintza bete ahal izateko, nahi duen guztiarentzat zabalik dagoen inbertsio plan bat egin dute. Formula horri esker, dirua jartzen duenak banketxean baino interes gehiago hartuko ditu eta, era berean, Fundazioari banketxearen mailegua baino merkeago aterako zaio. Hamar mila eurora arteko inbertsioa egiten bada, Euriborra gehi % 2,5 jasoko da lehenengo bosturtekoan; eta 50 mila eurora artekoa bada, Euriborra gehi % 3. Parte-hartzea “Hogei bat pertsona batu gara inbertsio plan horretara, baina ez dugu ahal eta inbertitu gura duen inor kanpoan utzi nahi. Gainera, beharrezkoa dugu beste batzuen parte-hartzea, eskatutakoa bete ahal izateko. Hori dela-eta, nahi duen guztia animatzen dugu plan honetan parte hartzera”. Informazio gehiago eskuratzeko, 685 71 93 15 telefono zenbakira deitu ahal da, eta proiektuaren sustatzaileek interesdunei deituko diete herri mailan egingo diren informazio-batzarretara. “Gogora ekarri nahi dugu egitasmoa martxan jarriko duen fundazioa irabazte asmorik gabekoa dela, eta irabaziak kulturan inbertituko direla”. Kultura eta giza arloko helburuei dagokienez, Baserri Antzokiak hasierako helburu berberei eusten die. Horrela, bada, euskara eta euskal kultura sustatzeko gunea izango da, eta Txorierriko eta inguruko euskaltzaleen topagunea. Ostalaritzari, euskal kulturari eta kirolari lotutako ekintzak egingo dira bertan, eta irabaziak kultur eta kirol ekitaldietan erabiliko dira berriro. Egitasmoak kulturaren eta giro euskalduneko aisialdiaren erreferentziazko topagunea izatea du helburu, eta bere sustatzaileek ahalegina egingo dute Txorierriko gizarte osoa euskal kulturara erakartzen eta euskal kulturan integratzen. “Kultur eta kirol ekitaldiak eskainiko dira eta zerbitzuak txorierritarrei, bisitariei zein gure bailarara lanera datozenei egongo dira zuzenduta. Enpresei ere eskainiko zaizkie zerbitzuak, eta lankidetza sustatuko dugu enpresen eta gure artean. Halaber, bertoko merkataritza eta lehenengo sektorea bultzatuko ditugu, eta gune bat zabalduko dugu bertoko enpresen teknologia erakusteko”. Euskarak eta euskal kulturak, beraz, leku berri bat izango dute laster Txorierrin. Baserri Antzokiaren lehenengo harria datozen hilabeteetan ipiniko da.