Testua: Juan Luis Goikoetxea; irudia: Aritz Albaizar
Euskaraz bizi bazara, adiskide, 40 zenbakia ikusirik, berrogei irakurriko duzu; gaztelerazkoak, aldiz, cuarenta. Bestalde, bide-seinalean Goikolandabarri idatzita badago, erdaldunak ulertu barik irakurriko du. Euskaldunak, ostera, ulertu egingo du bide-seinaleko mezua. Eguneroko bizitzan paisaia euskalduneko iragarki eta testuekin harremanean ari da hiztuna. Ondorioz, euskaldunaren hitz-jokoek, ideiek, asmakizunek, euskal kultura osotuko dute eta erdaldunarenak beste bide batetik joango dira, euskaletik baino erdaletik.
Euskaraz bizi denak Derioko Alboka taberna ikustean -berez, alboka musika-tresna da- pentsatuko du: “Kontxo! mozkortiarentzat izen polita ze, asko edaten denean, albo-alboka irteten da tabernatik. Edo autoaren modeloa Laguna Renault-a ikusiz pentsatuko du: aiko, behingoz, euskarazko izena: laguna.
Dena den, euskaldunak erdaldunaren hizkerako kalkoak ere ekartzen ditu euskarara, eta gaztelera jakin ezik nekez ulertzen dira. Adibidez: “Ezin kendu dut tabakoaren tximinoa” entzunik, zer ulertzen du entzuleak? Edo, “Banoa etxera, nik ez dut margotzen ezer hemen”, zer da?
Euskaraz bizi denak, azken batean, euskal mundua eraikitzen du, euskal kultura. Horrela, tentakuluak baino txibia-erroak esango du; deabruari Azpeitiarrek “Infernuko Txikito” deitzen diote; eta beste herri batzuetan, baltseoko dantzari “dultze meneo” esango diote.
Azkenik, egunaren buruan -euskaraz bizi denak- oherakoan amamak esaten dionean:
-Hil dun sua Miren? Erantzungo du:
-Bai amama, hil dut.
Hara adibidea, euskaraz bizitzea zer den aintzat hartzeko.