Guztioi dagokigun gaitza

Aikor aldizkaria 2014ko abe. 4a, 13:36

Erandioko komisariako Ikerketa Saileko ertzain bi, Yolanda eta Juanjo, Deriora etorri dira Ertzaintzak genero indarkeriari aurre egiteko borrokan duen eginkizuna azaltzera. Ekitaldia Sutondoan elkarteak antolatu zuen Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna dela-eta. Biktimak babesten dituzten profesionalen ikuspuntua ezagutu nahi izan dugu. Segurtasun Sailetik jakinarazi den moduan, Ertzaintzak genero indarkeria pairatzen duten 4.765 emakume babesten ditu gaur egun. Emakume horietako 1.103k Ertzaintzarekin zuzeneko lotura duen Bortxa telefonoa dute; eta 34k, eskolta-zerbitzua. Tratu txarren emaileetako 31k daramate eskumuturreko elektroniko bat. Bizkaiko datuei dagokienez, Ertzaintzak 2.512 emakume babesten ditu; Bortxa telefonoa 465 emakumeri eman diete; eta eskolta 14ri ipini diete. Eskumuturreko elektronikoa 21 gizonek daramate. Ertzaintzak genero indarkeriari lotutako 2.801 gertakari erregistratu zituen iaz gure probintzian, eta tartean 2.249 emakume egon ziren. “Ezinbestekotzat jotzen dugu kolektibo guztiei zuzendutako prebentzio-hitzaldiak antolatzea. Gertakarietariko asko, esate baterako, nerabeen artean ematen dira; antzinako jarrerak errepikatzen dituzte”. Datuen arabera, genero indarkeriak goranzko joera eduki du 2004tik hona. “Zaila da ulertzen. Ertzaintzan biziki kezkatzen gaituen gaitza da eta baliabide asko zuzentzen ditugu genero indarkeriari aurre egiteko. Komisaria guztietan biktimekin lan egiten duten ertzainak daude, eta jarraipena egiten diegu hasieratik arriskurik ez dagoela ziur dakigun arte”. Ertzaintzak emakumea bera komisarian azaltzen delako izaten du tratu txarren berri; epaileak hara bidaltzen duelako; edo biktimak edo hirugarren batek deitzen duelako erasoa salatzeko. Zenbait kolektibotatik ohartarazi denez, badaude emakumeak euren adierazpena zalantzan ipini den susmoa hartu dutenak. “Egia da bakoitzak bere sentsibilitatea duela, baina uste dugu lankide guztiok saiatzen garela biktimari ahalik eta tratu beroena ematen”. Emakumeak tratu txarrak salatzen dituenean, protokolo berezi bat ipintzen da martxan. Besteak beste, bere eskubideak zeintzuk diren eta erasoa berriro ez jasateko eskura dituen baliabideak azaltzen zaizkio. “Eginbideak zabaldu egiten dira beti, nahiz eta biktimak salaketa ipini nahi ez izan, eta alde bakoitzari zitazio bat ematen diogu epaitegian azal daitezen. Normalean, izapideak azkar doaz eta erabakiak erasoaren arabera eta biktima eta erasotzailearen egoera eta ezaugarrien arabera hartzen dira”. Lau arrisku-maila daude: oinarrizkoa, hala-holakoa, handia eta berezia. Eta biktima bakoitzari dagokion maila kontuan hartuta, babes-neurri batzuk edo besteak ezartzen zaizkio, hala nola etengabeko zaintza, kontrazaintza zerbitzua, eta errutinen eta inguruaren zaintza. Neurri horietaz aparte, erasotzailea era zorrotzagoan kontrolatu beharko litzatekeen galdetu diegu guk. “Guri ez dagokigu hori aztertzea. Pertsonen askatasunean eragina duten neurriei buruz ari gara eta arlo horretako erabakiak agintari eskudunak hartu behar ditu. Protokolo bat dago, eta guk hori jarraitu baino ezin dugu egin. Adibidez, guk ezin diogu erasotzaile bati bere etxera sartzea debekatu, epaile batek urruntze-agindurik eman ez badu”. Urruntze-agindua ematen den arte zenbat denbora pasa daitekeen galdetu diegu, eta azkar ematen dela erantzun digute. “Ertzainek zein epaileak lehenengo momentutik ikusten dugu argi zeintzuk diren kasu bakoitzean hartu beharreko neurriak”. Ikusgai egin Ertzainek biktimekin ez ezik erasotzaileekin ere badute zuzeneko harremana. “Atxilotu eta, nahi izanez gero, adierazpena hartzen diegu. Beren jarrera zuzentzeko eskura dituzten baliabideen berri ere ematen diegu. Baina oso gutxi azaltzen dira programetan parte hartzeko prest”. Gakoa programan, adibidez, 227 gizonek hartu zuten parte iaz. Gizon horietako 91 lehenengo aldiz sartu ziren programan, eta gainontzekoak aurreko urteetan hasi ziren bertan. Parte-hartzaileetako 168 bizkaitarrak ziren. Datuen arabera, parte-hartzaileen % 2k euren borondatez joten dute programara; gainontzekoek epaileak hala aginduta egiten dute. Lerro hauek idatzi orduko, eta beti ere datu ofizialak kontuan hartuta, genero indarkeriak 46 emakume hil ditu aurten Estatuan; 775 emakume, 2004tik hona. Aurtengo hildakoen % 31ek beren bikotekidea salatu zuten aurretik; 20 aldiz ere, haietako batek. Hildakoetako bat Bizkaikoa zen. “Zaila da biktima % 100ean babestea; aukera bakarra bizkartzaina ipintzea da. Eta, arrazoiak epaitu barik, emakume bakoitzak badu bere egoera: batzuek ez dute bizkartzainik nahi; beste batzuek ez dute bikotekidea salatu nahi; edo bigarren, hirugarren… aukera ematen diote; edo ez dakite genero indarkeriaren biktimak izan daitezkeela… Baina, bai, hildako bat dagoen bakoitzean, horrek esan nahi du zerbaitek huts egin duela”. Datuei erreparatuta, salatzeak ez duela ezertarako balio pentsatzen dute askok. “Beno, salaketa ipintzeak badakar tratu txarren emailea biktimaren ingurutik aterako dela, eta merezi du”. Askotan salaketa faltsuak argudiotzat erabiltzen dira genero indarkeriari sinesgarritasuna kentzeko. Hala ere, Estatuko Fiskaltza Nagusiaren arabera, 2009. urtetik hona ipinitako salaketen % 0,005 baino ez dira faltsuak izan. Genero indarkeria etxeko atetik barruko arazoa dela pentsatzen dute batzuek oraindik ere. “Baina guztioi dagokigun gaitza da, erakundeok ahalegin handia eta baliabide asko ipintzen gabiltza hura ezabatzeko. Duen garrantzia eman behar diogu. Ikusgai egin behar dugu, eta ezin ditugula jarrera horiek onartu jakinarazi”. Arreta-telefonoa: 016