Zaintza partekatua, mintzagai

Aikor aldizkaria 2015ko api. 15a, 12:34
La Terraza elkarteak zaintza partekatuari buruzko hitzaldia eman zuen Derioko Kultur Birikan, martxoan. Carmen Serrano abokatuak eta Jorge Olivier elkarteko kideak hartu zuten parte bertan. “Dibortzioa eta berdintasuna” izenburupean, hizlariek zaintza partekatuaren gaur egungo egoera aztertu zuten. “Legeak dio ama dela garrantzitsuena, hau da, epaileek umeak amari emateko joera dute eta hori ez da zilegi. Hainbat osagaik dute eragina zaintza partekatuan: ama, aita, gizartea, umeak... Eta haien arteko oreka lortu behar da”, esan digu Jorge Olivierrek. “Legeak oso astiro doa, baina umeak, aldiz, oso azkar hazten dira. Demagun ama batek oso harreman txarra duela aita batekin eta lau urtean debekatzen diola umea ikustea. Tarte horretan umea aitarekin ahaztuko da eta bitartean, legeak ez du irtenbiderik emango”. La terraza elkartea orain dela 12 urte sortu zen, eta Bizkaia mailan aritzen da. Taldeak zaintza partekatua defendatzea du helburu, eta horretarako, manifestazioak, kontzentrazioak, hitzaldiak eta abar antolatzen dituzte. Guztira, 500 bazkide daude elkartean. “Umeak bai amarekin, bai aitarekin egon behar dira. Askoren ustez, oso garrantzitsua da umeek zenbat denbora ematen duten bakoitzarekin, baina guk uste dugu hori ez dela hain garrantzitsua. Kasu bakoitza aztertu behar da. Aitak eta amak eskubide eta betebehar berberak izatea da gakoa, hau da, umeei dagozkien erabakiak biek hartu behar dituzte. Zaintza partekatuan ez dago arau finkorik. Izan ere, bikote bakoitzak era ezberdin batean jokatzen du”. Lehentasunezkoa Jorgeren iritziz, legeak ez du zaintza partekatua “lehentasunezko kontutzat” hartzen, eta horrek “dena atzeratu egiten du”. “Gaiari bultzada bat emateko, guztiok egin behar dugu lan: politikariek, emakumezkoek, gizonezkoek, gizarteak berak, azken batean. Umeak amarenak dira eta hori gizartean oso barneratuta dago. Gizarteak ez du uste zaintza partekatuaren inguruan premiarik dagoenik. Esate baterako, emakumeen kontrako bortizkeria pil-pileko gaia da gaur egun eta behin eta berriro agertzen da komunikabideetan. Ados nago, oso gai larria eta tamalgarria da, bai. Hala ere, zaintza partekatuari dagokionez aita batzuek jasotzen duten tratua ere bada bortizkeria eta gai horri, ordea, ez diote jaramonik egiten”. Legeak irtenbiderik ematen ez badu, batek baino gehiagok pentsa dezake errudunak politikariak direla, baina Jorgek ez du hori hain argi ikusten. “Agintariak ez dira errudun bakarrak. Politikariei bozak baino ez zaizkie inporta, eta gizarte mailan ezer eskatzen ez denez, politikariek ez dute ezer egiten. Nik laguntza eta inplikazio handiagoa eskatuko nieke emakumezkoei. Tamalez, elkartean oso emakume gutxi daude. Nire ustez, emakumezkoek benetan ahaldundu nahi izanez gero, benetako apustua egin beharko dute zaintza partekatuaren alde”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).