Sutondoko kontuak da Txerra Rodriguezen lehendabiziko liburua. Soziolinguistikaren dibulgazioa abiapuntutzat hartuta, derioztarrak 80ren bat kontu idatzi ditu liburua osatzeko. Ez da liburu teknikoa, arina eta laburra baizik, eta egilearen iritziz, edozein euskaltzaleri interesatu ahal zaio.
“Duela zortzi urte blog bat sortu nuen, Garaigoikoa, eta azken urteotan irakurle batzuek animatu ninduten nire artikuluak liburu batean jasotzera. Nire lehenengo asmoa “Juan Zelaia” sarira aurkeztea izan zen, baina 2014an eta 2015ean ez zen saririk antolatu. Liburua idatzita nuenez, argitaratzea erabaki nuen”, esan digu Txerrak, liburuaren sorrera-prozesuaren berri emateko. Sutondoko kontuak Soziolinguistikaren inguruko istoriotxoak dira, ez ipuinak. “Liburua irakurriz gero, ematen du kontuek ez dutela zerikusirik haien artean, baina irakurle azkarrek topatuko dute lotura (kar, kar)”.
Soziolinguistikaren dibulgazioa da liburuaren ardatz nagusia. “Nire blogak hasiera batean beste helburu batzuk zituen, baina denboraren poderioz, hauxe bera izan da gakoa, Soziolinguistikaren ezagutza ahal den neurrian zabaltzea. Liburua ez da blogaren jarraipena, baina egia da gaiak eta estiloa berberak direla”. Soziolinguistika hitzak oso akademikoa dirudi, baina Txerrak azaldu digu oso liburu erraza dela irakurtzeko. “Liburua ez dago Soziolinguistikan adituak direnei zuzenduta. Nire asmoa dibulgazioa da eta horregatik, zerbait laburra egin nahi nuen, batez ere euskaldunok erakartzeko”.
Soziolinguistika hizkuntzaren eta gizartearen arteko harremana aztertzen duen zientzia da. “Soziolinguistika gustatzen zait hamaika lekutatik edaten duelako: Zuzenbidetik, Antropologiatik, Zientzia Politikoetatik... Magma itzela da. Liburuan, esate baterako, aititeren istorioak jaso ditut. Berak ogia banatzen zuen Bilbon. 1976an greba handia egon zen ogia domeketan ez egiteko, eta azkenean grebaren aldekoek irabazi zuten. Hala ere, beranduago, denok dakigun moduan, domeketan ere hasi ziren ogia saltzen. Horren aurrean, nire aititek erabaki zuen domeketan ogia ez erostea. Aititeren intsumisio ekintza hori soziolinguistikarekin lotu dut. Euskaldunok egunero intsumisio ekintza txikiak egiten ditugu gure bizitzaren esparru guztietan euskaraz egiteko”.
Izenburuak, Sutondoko kontuak, etxera eramaten gaitu, baina ez da hori egileak egin nahi izan duen aipamena. “Liburuak gauza autobiografiko batzuk baditu, noski, baina tituluak adierazten du Soziolinguistikaren adar bat, nire lagun batek esaten duen moduan, etxeko soziolinguistika. Nik ez dut Soziolinguistika bakarrik hartzen hizkuntzen eboluzioa ikertzen duen zientziatzat; daukagun egoera aldatzeko zientziatzat hartzen dut nik, egunero-egunero euskaldunok euskaraz egiteko ditugun arazoei aurre egiteko zientziatzat, hain zuzen ere. Hori da etxeko soziolinguistika niretzat”.
Autoedizioa
Txerrak berak argitaratu du liburua, inongo argitaletxeren laguntzarik gabe. “Liburua hasiera batean Pamiela argitaletxera eraman nuen eta haiek baietza eman zidaten, argitaratzeko moduko liburua zela. Ez da 2015ean argitaratu eta 2016rako argitaratzeko esan zuten. Azkenean, nire kabuz egitea erabaki nuen. Handik aurrera, lagunez aprobetxatze hutsa izan da liburua (kar, kar). Lagunei eskatu nien maketatzea, portada egitea, zuzentzea... Autoedizioa polita da prozesu guztia menperatzen duzulako, baina beste alde batetik, oso gogorra da, batez ere banaketa. Euskal Herriko probintzia guztietan liburua salgai egotea lortu dut: Bilbon, Algortan, Santurtzin, Arrasaten, Donostian, Gasteizen, Iruñan, Donibane Garazin... Eta noski, Derion, Arinka liburu-dendan.
Prozesu gogorra izan da, eta etorkizunean beste liburu bat idazten badu, Txerrak ez du uste autoedizioa berriro egingo duenik. “Nahiz eta gero eta liburu-denda txiki gehiago egon Euskal Herrian, ez dago esate baterako autoedizoan egiten den musikak duen sarerik. Beste liburu bat egiteko materiala badago, 900 artikulu inguru idatzita baditut-eta, baina momentuz ez dut beste libururik idazteko asmorik”.
Euskaltzale derioztarra
Txerra Rodríguez (Derio, 1977) oso aktiboa da gizarte-sareetan. Duela zortzi urte Garaigoikoa bloga sortu zuen eta jakin barik, hazia jarri zuen bere lehenengo liburua argitaratzeko. Derioztarra izan arren, Bilbon bizi da, Alde Zaharrean, baina egia esan, bizitza batez ere Txorierrin egiten du. Tximintx Derioko euskara elkarteko kidea ere bada.
Txerrak Emun enpresan egiten du lan. “Soziolinguistika egunero-egunero aplikatzen dut bertan. Euskara teknikaria naiz eta hainbat enpresatan nago lanean, batez ere norberaren euskara plana garatzen. Batzuetan itzulpenak eta zuzenketak ere egin behar izaten ditut”.