Goizeko 9etatik arratsaldeko ordu biak arte, enplegu-erakunde eta enpresekin harreman zuzena izateko aukera izango dute gazteek. Horrez gain, etengabeko prestakuntzari buruzko informazioa jasoko dute, eta gaitasunak nahiz trebetasunak curriculumean nola islatu ikasiko dute.
Azokak hiru gune izango ditu: Iparragirre aretoa, Atrioko gunea eta Euskadi aretoa. Bertan, enpresen aurkezpenak eta hitzaldiak, mahai-ingurua eta enpresa kolaboratzaileen standak egongo dira. Lehen hitzaldia Ainhoa Oar orientatzaileak emango du eta nazioarteko hezkuntza- eta lan-orientazioari buruzkoa izango da. Geroago, 10:00etan, ongietorri ofiziala egingo da. Ongietorria Txorierriko Mankomunitateko buru den Igotz Lópezek eta Bizkaiko ahaldun nagusiaren kabineteko Jonatan Morenok egingo dute.
Egunean zehar, mahai-inguru bat egongo da, “Sektore estrategikoen araberako lan-merkatuaren azterketa” izenekoa. Luis Madariagak, Ana Arenaza Santos eta Maria Larrinoak, Gaiker, Ibermatica eta Ingeteam enpresen giza baliabideetako zuzendariak hurrenez hurren, hartuko dute parte bertan. Aldi berean, aurkezpen hauek izango dira: Iddtek (10:15), Lanbide (11:15), Matrici (12:15) eta We Bring (13:15).
Lehen edizioan egin zuen moduan, Igotz López Mankomunitateburuak, gazteak animatu ditu “enpresei galdetzera, haiekin harremanetan egotera eta enpresekin kontaktu zuzena izateko aukera aprobetxatzera. Txorierriko Enplegu Azoka aukera ezin hobea da merkatua ezagutzeko eta eskualdeko erakundeek zer-nolako profil profesionalak bilatzen dituzten jakiteko", azpimarratu du.
Txorierriko Enplegu Azokaren bigarren edizioan 13 stand egongo dira, batzuk Matrici, Ingeteam, We Bring edo Iddtek bezalako enpresenak, beste batzuk Egaz Txorierri bezalako erakundeenak, eta beste batzuk Politeknica Ikastegia bezalako ikastetxeenak. Hauek ere izango dira bertan: RDT Ingenieros, SGS Formación. Lontana, Naguspea, Bizia Fundazioa, Ibermatica eta Gaiker.
Lehen edizioaren arrakasta
Azokaren lehen edizioan, joan den urteko azaroan, 1.500 gazte baino gehiago bertaratu ziren hitzordura, lan-aukera baten bila edo ibilbide profesionalaren norabidea aldatzeko asmoz. Edizio hartan 17 enpresa eta erakunde egon ziren, eta standetan gazteen curriculumak jasotzeaz gain, haiekin hitz egin zuten euren kezka eta beharrei buruz.
Horrez gain, “Sektore estrategikoen araberako lan-merkatuaren azterketa” mahai-ingurua egin zen; bertan, taldean lan egiteko gaitasunaren eta aldaketetara egokitzeko gaitasunaren garrantzia azpimarratu zen, baita prestakuntza berezituen eta hizkuntzen garrantzia ere.