Zabala eta Echenagusia biologoak dira eta Bilboko Udaleko laborategian praktiketan zebiltzala ezagutu zuten elkar. “Elikagaien kalitateari lotutako eskakizunak gero eta handiagoak ziren, eta konturatu ginen enpresa txiki askok ez zutela aditurik eskakizunoi erantzuna emateko. Gainera, laborategi pribaturik ez zegoen eta laginak kanpora bidali behar izaten ziren analizatzera”, kontatu digute. “Aukera ikusi genuen eta laborategia ipini genuen martxan: batez ere analisi mikrobiologikoak egiten genituen elikadura-toxoinfekzioak ekiditeko. Handik gutxira arautu egin zen enpresei arriskuak kudeatzeko planak osatzeko betebeharra, eta hasi ginen bezeroei plan horiek egiten laguntzen”.
Urteek aurrera egin ahala, merkatu-nitxo berriak etorri ziren. “Giza kontsumorako ur-arloan ere hasi ginen lanean: lantegietan, hozte-dorreetan, kiroldegietan… Gainera, Euskadin lehenengo laborategia izan ginen legionella analizatzen, eta horrek negozio-aukera handia ekarri zigun. Garai hartan ez zegoen ez araurik, ez metodorik, eta guk Australiako metodo bat erabiltzen genuen; aitzindariak izan ginen. Gero, Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko dekretuak etorri ziren, eta hasi ginen enpresei laguntza ematen legionella prebenitzeko: zer den, nolako neurriak hartu behar diren…”. Negozio-aukera berriek laborategiko langile-kopurua handitzea ekarri zuen. “Guk argi dugu hemen bagaude hori dela praktikak egiteko aukera eman zigutelako. Horregatik dugu hitzarmena Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta Lanbide-heziketaren ikastegi batzuekin. Ikasleak gure laborategira etortzen dira praktikak egitera eta, gainera, beharrizanen arabera, batzuk kontratatu egin ditugu. Langile guzti-guztiek aurretik egin dituzte praktikak gurean”. Langile guztiak emakumezkoak dira. “Iaz gizon bat kontratatu genuen komertzial moduan, baina, bestela, guztiok gara emakumeak. Ez da enpresaren politika; gertatzen dena da sektore mikrobiologikoan emakume gehiago gaudela. Horrela sortu da eta ondo joan zaigu”. Ezaugarri horregatik, beharbada, garrantzi handia ematen diote lan-bizitza eta bizitza pertsonala uztartu ahal izateari. “Hona ez gatoz orduak betetzera, baizik eta bezeroekin hartutako konpromisoak betetzera. Ordutegia malgua da eta elkarrekin konponduz goaz. Egia da lanaren zati bat –analitikak– laborategian bertan egin behar dela, baina beste zatia etxean egiten daiteke, hala nola txostenak, aholkularitza eta pentsatzeari edo berritzeari lotutako lana”.
Zerbitzuak
Lantaldea 12 pertsonak osatzen dute: ingeniari kimikoak, biokimikariak, laborategi-teknikariak, eta elikagaien zientzian eta teknologian adituak, tartean. Zabala da enpresako zuzendaria; eta Echenagusia, kalitate eta sistemetako zuzendaria. Zerbitzua bezero-sorta zabalari ematen diote: “Zahar-etxeak, gozotegiak, elikagaigintzako enpresak, ur- eta klimatizazio-sistemekin dabiltzan enpresak… Baita arazoa sor dezaketen aspektu biologikoak dauden edozein industria-prozesu ere: adibidez, autoak egiten dituen enpresa bat”.
Biotaldek elikagaien eta ingurumenaren segurtasunean egiten du lan, eta bezeroei laborategi-, aholkularitza- eta heziketa-zerbitzua eskaintzen die. “Elikagaien segurtasunari dagokionez, enpresara joan eta oso azterketa zorrotza egiten dugu: zeintzuk diren lehengaiak, nor den hornitzailea, lehengaiak non uzten dituen, produktuaren ekoizte-fase guztietan zer egiten den, nola eta non… Prozesu osoa ikuskatzen dugu eta osasunerako arriskutsuak diren organismo patogenoak nondik sar daitezkeen aztertzen dugu. Jarraibideak ematen dizkiegu jokabide desegokiak zuzendu ditzaten eta, beharrezkoa bada, prozesua modu jarraituagoan ikuskatzen dugu. Era berean, garbiketari eta desinfekzioari lotutako heziketa ematen dugu, eta alergenoei buruzko aholkularitza ere bai, informazioa kontsumitzaileei jakinaraz diezaieten”.
Urari dagokion prozesua antzekoa da. “Esaterako, hilero joaten gara igeritokietara: ura hartu eta legeak agintzen duena betetzen ote duen aztertzen dugu. Bestetik, gero eta garrantzi handiagoa du barneko airearen kalitateak; hau da, airearen egoera eta osasun baldintzak egokiak izatea, bulegoan edo bestelako instalazio batean ez gaixotzeko. Arlo honetan ere bagabiltza”.
Zabalak eta Echenagusiak jakin badakite bizitzan ezin dela bakarrik ibili, eta hasiera-hasieratik egin dute elkartzearen alde. Besteak beste, elkarte hauetako kideak dira: AELI (Estatuko laborategi independenteen elkartea), FELAB (Europako laborategien elkartea), AVECAI (Barneko aire kalitatearen euskal elkartea), Basque Health Clusterra eta Elikaduraren Clusterra. “Bestalde, 90eko hamarkadan BIOTECekin – orain Gaiker– egin genuen bat. Izan ere, gurea enpresa txikia da eta ez dugu ahalmenik geure kabuz ikertzeko. Beraz, hori izan da I+G egiteko eduki dugun bidea. Izan ere, gure helburua hau da: elikagaietan, uretan eta airean dauden organismo patogenoak ahalik eta azkarren eta modu eraginkorrenean diagnostikatu, bezeroek neurriak lehenbailehen hartu ahal izateko”.
Proiektuak
Azkartasunari begira daude, hain zuzen, oraingo proiektuak. “Aurrerapen handiak eta asko izan dira elikagaiak, ura eta airea kontrolatzeko orduan, baina joera da informazioa berehalakoa izatea. Ohiko mikrobiologia erabiltzen dugu eta, ondorioz, kasu batzuetan egunak pasatzen dira harik eta bezeroari emaitza ematen diogun arte. Baina enpresek emaitza lehenbailehen jakin nahi dute, neurri zuzentzaileak ezartzeko. Hori kontuan hartuta, ikerketa ildo honetatik doa: modu jarraituan monitorizatzen duten biosentsoreak topatzea, zeinek, gainera, zerbait txarto joanez gero, mugikorrera alerta bat bidaltzen baitute. Gauzen internetekin (Internet of Things) edo Big Dataren zerikusia duten detekzio-metodoak dira, eta azkarrak eta fidagarriak izan behar dute”.
Biotaldeko sortzaileek ez dute bakarrik negozioan pentsatu nahi: balioei ere ematen diete inportantzia handia. “Konpromiso handia dugu bai pertsonekin, bai ingurunearekin. Lantaldea oso garrantzitsua da guretzat, eta oztopoak oztopo hura babestu egin dugu krisialdietan. Hori dela eta, harremana izan nahi dugu herritarrekin eta ingurunearekin kezkatzen diren enpresekin. Gure ustez, funtsezkoa da negozioaz gainera beste kezka batzuk ere badituzten enpresekin sare bat sortzea: hau da, balioak kontuan hartzen dituen mozkina. Horri lotuta, hauek dira gure kezkak eta proiektuak: elikadura osasungarria, eraikin osasuntsuak eta pertsona konprometituak. Enpresa osasuntsuekin egiten dugu bat!”.
Emakume aitzindariak dira Zabala eta Echenagusia, eta Biotalde duela urtebete ekarri dute Txorierrira, Deriora, hain zuzen ere. “Galdakaoko instalazioak txiki geratu zitzaizkigun, eta leku hau topatu genuen. Aukera polita izan da. Gainera, hurbil gaude gure bezeroengandik eta Zientzia eta Teknologia Parketik. Oso pozik gaude”. Urte askorako, beraz.