Zeintzuk izan dira legealdi honetako ekintza garrantzitsuenak?
Euskal Herria kalearen berrurbanizazioa garrantzitsua izan da. Udalerriaren erdiguneko kaleetako bat da, eta obrek harrera ona izan dute; are gehiago, esango nuke egunero Deriora lanera etortzen diren pertsonentzat positiboa izan dela. Gertutasunezko hiri-espazio seguru eta habitagarria sortu dugu, non oinezkoen bideei lehentasuna ematen zaien. Argiztapena ere hobetu da LED motako argi publikoen bidez.
Martxan jarri dituzuen proiektu askotan herritarren parte-hartzea funtsezkoa izan da, ezta?
Bai, duela lau urte gertutasunean eta entzunaldi aktiboan oinarritutako politikak egiteko konpromisoa hartu genuen. Eta hori egin dugu. Udaletxeko ateak irekita egon dira beti herritarrentzat. Foroak antolatu ditugu, hainbat kolektiborekin, haurrentzako jolas-eremuekin, adineko pertsonekin eta gazteekin lotutako proposamenak partekatzeko.
Parte-hartze politika horri eustea pentsatzen duzu datorren legealdiari begira?
Inongo zalantzarik gabe. Parte-hartzearen aldeko apustua egin dugu gure udalerria eraikitzeko tresna moduan. Izan ere, gure bizilagunek datozen egunetan jasoko dituzten hauteskunde-programak diseinatzerakoan derioztarren proposamenak hartu dira kontuan.
Proiekturen baten falta nabaritzen al duzu?
Azken zortzi urteetan, Derioko biztanleriak % 17ko igoera izan du eta ekipamendu batzuk behar berrietara egokitu behar ditugu. Duela bi urte 300 metro karratu berri eraiki genituen kiroldegian, solairuarte bat sortu baikenuen. Horri esker, gimnasioa birkokatu eta ikastaro eta zerbitzuen eskaintza zabaldu egin ahal izan dira. Ludoteka-, gazteleku- eta ludogazte-zerbitzuen eskariak gora egin du, eta, igoera horri erantzuteko, Larrabarri baserriko instalazioak zabalduko ditugu, baita zerbitzuak berrantolatu ere.
Zeintzuk dira proposamen nagusiak hurrengo urteetarako?
Unbe kalea berrurbanizatzea, argiztapena LED teknologiarekin ordezkatzea eta Larranbarri baserria zabaltzea. Horrekin batera, egun dauden instalazioen aprobetxamendua ere hobetu nahi dugu: horretarako, udal kiroldegiaren alboan kokatutako kirol-pista estaliko dugu. Horrela, asteartetan antolatzen den azoka gune estali horretara eramango dugu.
Nolakoak dira sentsazioak hauteskundeei begira?
Ilusioz, legealdi honetan 2015ean hasi genuen bidea finkatu nahi dugulako, eta erantzukizunez Derioko etorkizuna eraikitzen jarraitu nahi dugulako. Zerrenda indartsu eta fidagarria aurkeztu dugu, esperientzia eta gaztetasuna bateratzen dituena, eta batez ere langilea. Eman dugun hitza bete dugu, eta berriro beteko dugu.