Adimena Agertokian proiektua Baserri Antzokia Fundazioak garatu du otsailaren 12, 13, 19, eta 20an, Laboral Kutxa eta Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearen laguntzarekin. Proiektuak aukera eman die Parkeko enpresei nahiz ikertzaileei oholtzan euren ikerketak zein ekoizpenak aurkezteko. Hitzaldi laburrak izan dira, 15-20 minutukoak eta, ondoren, entzuleek galderak egin ahal izan dituzte. Giroa lasaia eta intimoa izan da, bertan bildu direnek, hizlariez gain, kafeaz eta mokadu batekin disfrutatu dutelako eta, amaieran, partaideen artean sariak banatu dira.
Guztira 18 lagun izan dira hitzaldietan parte hartu dutenak: Biotalde enpresako Nahikari Alberdi, Mari Carmen Aretxalde eta Mireya Alvarez; Itturbaltza ustiategiko Unai Beitia; Datik enpresako Iñigo Etxabe; Barante enpresako Lola Vivanco; Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Maite Maguregui, Miren Basaras, Jon Saenz eta Harkaitz Eguiraun; Biolan-Osasen enpresako Larraitz Añorga; Gaiker enpresako Maria Genua; Cicbiogune enpresako Gonzalo Jimenez eta Arkaitz Carracedo; Neiker enpresako Carlos Garbisu; Txorierri Ikastegiko eta Azti enpresetako ordezkariak... Batzuek euren enpresaren proiekturen baten berri eman zuten, eta beste batzuek gaur egun pil-pilean dauden gaiak jorratu zituzten: adimen artifiziala, koronabirusa, minbizia, proteinen ingenieritza, in vitro ikerketak, nazioarteko bekak, enpresa txiki eta ertainak eta start up-ak...
Pil-pilean dauden gaiak jorratu dira: koronavirusa, adimen artifiziala, minbizia, ETEak eta start up-ak...
"Zientziak beti izan du garrantzi handia, baina gaur egun are handiagoa du, edozein gizarte aurreraturen motorra eta mamia delako. Beraz, proiektu honetan bai oinarrizko ikerketa eta bai ikerketa aplikatua hartu dira kontuan. Horretaz gain, ezin dugu ahaztu zientziak garapen pertsonalean erabateko eragina duela, eta horregatik, leku gehienetan ez bezala, Baserri Antzokian modu ludiko, lasai eta patxadatsuan eman nahi ditugu ezagutzera zientziaren onurak eta zientzialarien aurpegiak", esan dute Baserri Antzokiko arduradunek.
Egitasmoa batez ere Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeari eta UPV/EHUri egon da zuzenduta. Dena dela, ahalik eta jende gehien proiektuaren partaide egitea ere helburu garrantzitsua da. Baserri Antzokiko Patronatuak Parkeko enpresetako ikerketan nahiz garapenean aritzen diren langileei eta enpresei eurei eskaintza zuzena egin die, oholtzan euren lan, proiektu edota jakituria azal dezaten. Eta aukera berbera eman die Parkean lan egin nahi duten talentuei ere. Era berean, proiektuari aberastasun handiagoa emateko helburuz, UPV/EHUn ikerketan diharduten ikertzaileei ere egin zaie parte hartzeko gonbidapena, "denon ekarpenarekin proiektua askoz aberatsagoa eta erakargarriagoa izango baita".
Ospea, zientzialariei
Adimena Agertokian proiektuaren antolatzaileek aitorpena eman nahi izan diete ikertzaileei eta, era berean, gizarteari aditzera eman ikerketaren garrantzia. Horregatik, proiektua bideratuta dago, alde batetik gizartearen aurrean gure talentu hauek azalaraztera, eta bestetik, euren autoestimua eta harrotasuna handitzera. Azken finean, gaur egungo gizartean duten benetako balioa erakutsi nahi izan dugu jendearen nahiz enpresen aurrean".
“Ikerlariek duten benetako balioa erakutsi nahi izan dugu jendearen nahiz enpresen aurrean"
Baserri Antzokiak, taberna eta jatetxea izateaz gainera, gizarte-balioak ere sustatu eta zabaldu nahi ditu Fundazioaren bidez: euskara, kultura eta kasu honetan, zientzia. Eta ez ditu Txorierrik eskaintzen dituen aukerak baliatu gabe utzi nahi. Izan ere, Baserri Antzokia Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearen egonda, Euskadiko gune teknologikorik handienean eta garrantzitsuenean, enpresa erreferenteak dauzka, Bizkaian ez ezik baita Estutu Espainiarrean eta Europan ere. Inguru hurbilean dauden enpresa motak dira, besteak beste, aeronautika, automozioa, elektronika, energia eta ingurumena, ikerketa eta garapena, ingeniaritza, medikuntza eta biozientziak, zerbitzu aurreratuak, zerbitzu orokorrak eta informazio-teknologiak. Guztira 10.000 langile inguru dabiltza Parkean eta euretariko 2.900 baino gehiagok ikerketa eta garapenean dihardu.
"Horregatik guztiarengatik uste dugu Baserri Antzokiak azpiegitura ezin hobea eskaintzen duela proiektu hau aurrera eramateko, Txorierri erdian gaudelako eta hemen 37.000 langile eta 2.300 enpresa baino gehiago daudelako". Antolatzaileak pozik agertu dira proiektuaren emaitzarekin. Adimena agertokia azaleratu da eta guztiok izan dugu hori barneratzeko aukera, kafetxo bat hartuaz, patxadaz.