Koronabirusa

“Mankomunitateak kanpaina handi bat sustatu beharko luke Txorierri osoko merkataritza berpizteko”

Aikor aldizkaria 2020ko api. 17a, 17:44

Carolina Manrique, Artile Artean Derioko dendako jabea

Denda txikiak dira koronabirusaren krisiak gehien zigortu dituen sektoreetako bat. Bost aste daramatzate itxita, eta, diru-sarrerarik gabe, etorkizun zalantzagarriari egin beharko diote aurre. Carolina Manriquek Artile Artean denda zabaldu zuen irailean Derion, eta hura lehenengo pausoak ematen zebilela itxi behar izan du.

Sei hilabete besterik ez dira denda ireki zenuela.

Lehen haurdunaldian atseden hartzeko agindu zidaten eta puntua egiten hasi nintzen entretenitzeko. Ondoren, ikastaro batzuk egin nituen. Urte askoan, saltzaile ibili naiz bisuteria-denda batean eta bertan kakorratz-lan ikastaroak ematen hasi nintzen. Langabezian gelditu nintzen eta senarrak eta Behargintzan lan egiten duen lagun batek animatu ninduten denda zabaltzera. Nire denda izateko gogoa-edo beti izan dudanez, proiektua egin nuen. Derion lonja egoki bat topatu, eta denda ipini nuen martxan: artileak-eta saltzeaz gainera, ikastaroak ere ematen ditut.

Nola joan zaizu?

Oraindik inbertitzen ari naiz soldata atera ahal izateko, baina ezin naiz kexatu. Harrera ona izan dut eta urrirako banituen ikasle batzuk. Bestalde, kartelen eta ahoz ahokoaren bidez, denda Txorierrin ezagutzera ematen ibili naiz, eta, egia esan, ahoz ahokoak oso ondo funtzionatu du… Orain, berriro hasi beharko dut…

Denda itxita, zein egoeratan zaude?

Zorionez, nire materiala ez da galkorra; hala ere, bada denboraldikoa eta uda-garaiko materiala jaso barik nago. Bestela ere, diru-sarrerarik gabe, ez dakit alokairua ordaindu ahalko dudan, ezta ura eta argindarra ere, hornitzaileei… Martxoan ozta-ozta egin nuen aurrera, baina zaila izango zait apirilean dena ordaindu ahal izatea.

“Ez dakit alokairua ordaindu ahalko dudan, ezta ura eta argindarra ere, hornitzaileei…”

Espainiako Gobernuak eta Lanbidek laguntza batzuk onartu dituzte autonomoentzat. Zer deritzezu?

Laguntza jaso daiteke lanari uzteagatik  eta alokairua, ura eta argindarra ordaintzeko. Zer deritzet? Bada, egia esateko, ez dakit. Alde batetik, jasotzen dugun informazio-bonbardaketa hain da handia, ezen funtsean desinformatuta baikaude; eta bestetik, denda txiki baten egoera eta handiagoa den negozio batena bestelakoak dira… Ikusiko dugu zer gertatzen den. Nik aholkulariaren bitartez egiten dut dena. Bestaldetik, Derioko dendarien elkartea harremanetan dago udalarekin, zer nolako laguntza jaso genezakeen jakiteko eta herriko komertzioa berpizteko kanpainaren bat aztertzeko.

Zure ustez, zer nolako neurriak hartu beharko lirateke?

Nik uste dut Mankomunitateak Txorierri osoko merkataritza berpizteko kanpaina handi bat ipini beharko lukeela martxan. Gainera, udal bakoitzak ere tokiko dendariei laguntzeko neurriak hartu beharko lituzke. Ikusten ari garenez, momentu honetan benetan funtzionatzen duena tokiko merkataritza da, eta, nire ustetan, instituzio guztiek –Espainiako Gobernua zein Eusko Jaurlaritza barne – dirua inbertitu beharko lukete merkatariei laguntzen eta aholkua ematen eta herritarrak tokiko merkataritzarekiko sentikor bihurtzen.  

“Instituzio guztiek dirua inbertitu beharko lukete merkatariei laguntzen eta herritarrak tokiko merkataritzarekiko sentikor bihurtzen”  

Nolakoa izango da “normaltasunera” itzultzea?

Korapilatsua. Apur bat “lurretik kanpokoa” izango dela imajinatzen dut: dendetara aldi berean sartu ahal den pertsona-kopurua oso kontrolatuta egongo da, oso higiene-neurri zorrotzak hartu beharko dira, dendariok gure burua babesteko ekipoak izan beharko ditugu… Bestetik, gizarteak kutsatzeari edota berriro gaixotzeari beldur die, eta alde horretatik ere ez da erraza izango.

Egoera berrira egokitzeko modurik izango duzu?

Momentuz, lekua dut dendan. Pentsatzen dut protokolo bat ezarri beharko dudala, eta mahai handiago bat ipini, ikasleen artean tarte handiagoa egon dadin. Era berean, talde bakoitzean gehienez lau ikasle egon ahalko dira. Bestalde, egiten ditugun lanak ukitu behar dira; hau da, puntua ikusi behar dut, eta sumatzen dut azkenean, beharbada, puntua eskularruak jantzita egin beharko dugula. Dena dela, lehen adierazi dudanez, uste dut askotan informazio-bonbardaketaren eraginez desinformatuta gaudela: orain ez, orain bai… Aurreko egunean, esaterako, funtsezkoak ez diren sektore batzuk lanean hasi zirenean, bezero batek deitu zidan denda zabalduko nuen galdetzeko. Nire ustez, sektoreka bereizi beharko gintuzkete, eta bakoitzari argibide zehatzak eman.

“Sumatzen dut azkenean, beharbada, puntua eskularruak jantzita egin beharko dugula”

Eta ikuspuntu ekonomiko batetik, nolakoa izango da pertsiana berriro altxatzea?

Txarra, nirea ez delako funtsezko denda bat, aisia emateko denda baizik: egiten ditugun lanek erlaxatzen laguntzen digute, egunerokotasunetik aldentzen… Era berean, uste dut atzeraldi ekonomiko handia egongo dela eta langabetu asko egongo direla… Beldurrez nago ez ote naizen aurrera atera ahalko.

Zorte handia.

Bueno, emakume borrokalaria naiz eta asko saiatu behar izan dut proiektua martxan ipintzeko; beraz, borrokatzen jarraituko dut.

Koronabirusaren gaineko azken datuak Txorierrin hemen.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).