“Aukera bi genituen: bata, gelditu eta enpresa ixtea; eta bestea, zerbait berria pentsatu eta aurrera egitea”, azaldu digu Galder Uriarte Zabalak. Hori kooperatibaren zuzendaritza-taldearen arduraduna da. “Gu berritzaileak eta ipurterreak izan gara beti, DNAn daramagu hori, eta aurrera jarraitu eta onlineko denda zabaltzea erabaki genuen. Denda aste batean ipini genuen martxan. Etxez etxeko banaketa guztiz berria da guretzat eta, ikasten dugun bitartean, zerbitzua pixkanaka-pixkanaka hobetuz goaz”.
Etxez etxeko banaketa aurrera jarraitzeko modua da eta, Uriarteren esanetan, oso harrera ona izan du. Gizarte-sareek zerikusia eduki dute horretan, lagun askok horien bitartez ematen baitute zerbitzuaren berri. “Hala ere, jakina, lehen 1.400 bezerotik gora hornitzen genituen, eta orain, berriz, 100 bezero ditugu; gutxi dira. Baina zerbait egin behar dugu: 26 kooperatibista gara eta guztion soldata-edo hortik ateratzen da”.
Eskariak www.patxikoop.eus webgunearen bidez egin daitezke eta, besteak beste, hauek eskatu daitezke: olioa, esnea, ura, garagardoa, kafea eta gel hidroalkoholikoa. Erosketa txartelaz ordaindu behar da eta, webgunean eskariak beranduenez 72 orduan eramango dituztela dakarren arren, eskatutakoa 24-48 orduan ematen dabiltza. “Gure formatua ostalaritzarako da eta badakigu ez dela etxeko beharrizanetara ondo egokitzen. Horregatik, hobetzeko prozesu batean gabiltza, eskariak egiteko orduan, bezeroek erraztasunak izan ditzaten. Gauza berriak egiten gabiltza, aukerak aztertzen”.
Besteak beste, hauek eskatu daitezke: olioa, esnea, ura, garagardoa, kafea eta gel hidroalkoholikoa
Laguntzen jarraitzea
Kooperatiba Derion dago eta, Txorierriz gainera, zerbitzua hainbat lekutan eskaintzen dute, hala nola Eskuinaldea, Mungialdea, Plentzia, Bilbo Handia eta Durangaldea. “Gure bezeroak –tabernak eta jatetxeak– herri horietan daude, azken batean”.
Uriartek aipatu digunez, badakite “normaltasun berriak” ohitura asko aldatzea ekarriko duela. Hori dela eta, ostalaritzak jarduerari berriro ekin ondoren ere etxez etxeko banaketa-zerbitzua eskaintzen jarraituko dute. “Gauzak hobetuko ditugu. Adibidez, leku bat atonduko dugu biltegian, jendeak eskariak bertan hartu ahal izateko”.
Jatetxeak eta tabernak ez ezik jaietako txosnak ere hornitzen ditu Patxi Kooperatibak. “Antza denez, udan ez da jairik egongo, eta ez dakigu tabernak eta jatetxeak noiz zabaldu ahalko diren. Haien egoerak gugan izango du eragina; dena dela, berriro zabaltzen direnean laguntzen eta babesa ematen jarraituko dugu, beti egin dugun moduan. Argi dugu bezero nagusiak eurak direla eta horrela izaten segituko du”.