Kanpainek hurbileko merkataritzaren balioa azpimarratzea dute helburu, eta herritarrak herrian bertan erostearen garrantziarekiko sentikor bihurtzea. Izan ere, azaldu dutenez, herriko merkatariak eta profesionalak auzo bakoitzeko gizarte-orekaren parte dira, eta kalitatea bermatzen dute; are gehiago, etxetik hurbil erosteak tokiko garapena dakar. Guztira 58 saltokien argazkiak ipiniko dira autobus-markesinetan; horrezaz gainera, kartelak ipiniko dira saltokietan eta kanpaina gizarte-sareen bidez zabalduko da. “Txorierritarrek herrian dugun merkataritza-eskaintza ezagutu dezatela eta saltoki bakoitzeko jabea eta langileak ezagutu ditzatela da helburua. Izan ere, gure dendek ematen diguten arreta pertsonalizatuaren balioa azpimarratu nahi dugu. Kanpaina azaroaren hasieran ipiniko da martxan. Aurretik ere egin dugu eta aipatu beharra dago jendeak ezagutzen gaituela eta Deriora etortzen dela erostera eta gure zerbitzuak baliatzera. Gainera, Derio Txorierriko merkataritza-gunea izatea nahi dugu”, esan du Melladok.
Bestalde, Derioko passport-a sustatuko dute bigarren aldiz. “Helburua da Derion dugun merkataritza- eta zerbitzu-eskaintza jakinaraztea. Bost euroko gutxieneko erosketa eginda, bezeroak pegatina bat jasoko du, pasaportean itsasteko. Orotara 30 pegatina itsatsi behar dira, eta 10 saltoki ezberdinetakoak izan behar dira, gainera. Pegatina guztiak lortuta, pasaportean eskatzen diren datuak bete behar dira, eta Kultur Birikan egongo den kutxan sartu. Abenduaren 22an, 500 euroko lau txartel zozketatuko dira pasaportea bete dutenen artean, Derioko dendetan erabili dezaten”. Dagoeneko 63 saltokik egin dute ekintzarekin bat, eta, besteak beste, sektore hauetakoak dira: administrazioa, elikadura, edertasuna, etxeko gauzak, informatika, moda eta osasuna.
Azkenik, 6.000 poltsa birziklagarri banatuko dituzte bezeroen artean, herritarrek plastikozko poltsarik ez erabiltzeko. “Poltsa gorriak dira eta «Nik Derion erosten dut» leloa dute idatzita. Kanpaina hainbat adiz egin dugu eta oso harrera ona eduki du beti; iaz, esaterako, ez genuen egin eta jendea poltsak eskatzen ibili zen”. Deriocom elkarteak Derioko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan du, tokiko merkataritza bultzatzeko estrategia diseinatzeko.