Naroa Aresek, Maialen Corcuerak eta Mikel Garrigak osatutako taldearen ideia da eta saritzat 500 euroko txekea jaso dute, produktu teknologikoak erosi ditzaten. Bestalde, bigarren saria (350 euro) eman diote Aitor Altuberen, Peio Herrénen eta Gartxot Solaunen Sun Case proiektuari: telefono mugikorra eguzki-energia bidez kargatzea ahalbidetzen duen zorroa; eta hirugarren saria (150 euro), Jon Lekueren, Ane Sánchezen, Unai Valdizánen eta Dione Velásquezen Geentical proiektuari: hirietako eraikinetako fatxadetan berdeguneak sortzeko eta kutsadura murrizteko lorategi bertikalak ipintzea.
Lehiaketan 40 gaztek hartu dute parte eta guztira 12 proiektu aurkeztu dituzte; parte-hartzaileak izan dira Politeknika Txorierriko eta eskualdeko 16 urtetik 29 urtera bitarteko gazteak. Antolatzaileen esanetan, urterik urte gero eta gazte gehiago animatzen dira lehiaketan parte hartzera, eta, gainera, oso ideia positiboak dituzte. "Ekintzailetza etorkizuneko alternatiba bikaina da gazteentzat, eta horregatik, esparru honetan euren ezagutza landu behar dugu, eta sormena sustatu”.
Lehiaketa Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateak antolatu du eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatu du Gaztedi programaren barruan, eskualdeko gazteen artean ekintzailetza sustatzeko. Ekitaldian izan ziren Jon Ander Aurrekoetxea, Lezamako alkatea eta Txorierriko Mankomunitateko presidentea; Naia Landa, Sondikako alkatea; Eugenio Díaz, Politeknika Txorierriko zuzendaria; Iñigo Mazo, EGAZ Txorierriko ekintzailetza-teknikaria; eta Ander Bilbao, eskualdeko ekintzailea.