Azaldutakoaren arabera, ekonomia zirkularren erronkei aurre egiteko lana eta ezagutza batzeko asmoz sortu da WLB. Horretarako, prebentzioa sustatzen du estrategia nagusi moduan, eta etorkizun jasangarriagoaren aldeko irtenbide praktikoen garapena bultzatu. Ideia-mintegia da, eta sei kolektibo estrategikoren beharrizanei erantzuteko diseinatuta dago: hondakinak sortu eta kudeatzen dituzten enpresak, zentro berrian negozio-aukerak identifikatzeko eta baterako proiektuak garatzeko ingurune bat eduki dezaten; unibertsitateetako, teknologia-zentroetako eta enpresetako ikertzaileak, berrikuntza sustatzen duen gune batean lankidetzan jarduteko eta beren ekimenak aberasteko; hondakinen arloan eskumenak dituzten toki-erakundeak, beren politikei buruzko prestakuntza eta garapenerako laguntza eta aholkularitza jaso dezaten; Lanbide Heziketako eta goi-mailako hezkuntzako ikasleak, beren prestakuntza praktikoa osatzeko eta pentsamendu analitikoa bultzatzeko; sormen-, teknologia- eta ekonomia-industrietako profesionalak, ekonomia zirkularrera bideratutako sare aktibo bat izan dezaten; eta, azkenik, herritarrak, oro har, espazio dinamiko eta interaktibo batean sentsibilizazio-, kontzientziazio- eta esperimentazio-jardueretan parte har dezaten.
Hiru mailatan egituratua
Zentroa elkarri lotutako hiru mailatan egituratzen da, eta publiko bakoitzari egokitutako esperientziak eskaintzen ditu. «Kalea» WLBko goiko maila eta sarrerako atea da. Bere ardatza sentsibilizazioa da, eta horretarako, murgiltze-jarduerak eskaintzen ditu, bisitariari hondakinak behar bezala bereiztearen garrantzia azaltzeko. Leku horretan harmailak daude ikus-entzunezko edukiak eskaintzeko, eta horretaz gain, talde-txirrista batetik jaitsiz gero, plastikozko botilen igerileku batera heltzen da, hondakinak berreskuratu eta balorizatzeko lana nabarmentzeko. Azkenik, material birziklatuen benetako adibideak ere erakusten dira.
Beheko maila, «Auzoa», ikerketa- eta esperimentazio-gunea da. Espazio horrek ikertzaileen, profesionalen eta ikasleen arteko bizikidetza eta elkarlana sustatzen ditu, eta bertan erabilgarri izango dituzte baliabideak, adibidez, materialen bilduma bat (fisikoa eta online), hondakinak balorizatzeko, hondakin gutxiago sortzeko eta sistema eta politika egokiak sustatzeko irtenbide berritzaileak garatu ditzaten.
Tarteko maila, «Plaza», inplikatutako eragile guztientzako topagunea da. Espazio malgu hori topaketak egiteko, elkarrekin sortzeko eta probak egiteko diseinatuta dago, eta helburua da ezagutzaren transferentzia eta elkar sentsibilizatzea. Tarteko maila honetan tailerrak, ekitaldiak eta dinamikak egiten dira, publiko desberdinen arteko elkarrekintza indartzeko, adituak zein ez izan, hondakinen arloko jardunbide onenak zabaltzeko helburuarekin.
Waste Lab Bizkaia lankidetza-proiektu gisa sortu da, eta zeregin horretan, Bizkaiko Foru Aldundiak Aclima Euskadiko Ingurumen Enpresen Klusterrarekin eta EIDE Euskal Diseinuaren Elkartearekin batera egin du lan. Zentroa lankidetza publiko-pribatuari esker diseinatu da, eta bertan, abangoardiako baliabide teknikoak, ezagutza espezializatua eta ikuspegi praktikoa uztartzen dira, herritarrei hondakinen kudeaketaren arloko erronkak eta irtenbideak hurbiltzeko.