Derion 15 milioi euroko inbertsioa egingo duela jakinarazi du Ormazabalek, zehazki, Parke Zientifiko eta Teknologikoan aurreikusten duen lantegi berria eraikitzen jarraitzeko. Deriokoa, hain zuzen, izango da enpresaren “egoitza global berria”, bere 2024-2026 Hazkunde Plan Estrategikoaren arabera. Hala aurkeztu diote Velatia taldeko buruzagiek Imanol Pradales Lehendakariari Igorreko (Bizkaia) fabrikara egindako bisitan. Bertan ere beste 20 milioi euro inbertituko ditu enpresak.
“Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoan ditugun instalazio berriak martxan jartzeko bidean aurrera egiten ari gara; instalazio horiek gure soluzio digitalenen muina hartuko dute, eta gure egoitza global berri bihurtuko dira”, adierazi du Velatia taldeko Ormazabal enpresak prentsa ohar batean. Proiektu hori gauzatzeko 15 milioi euroko inbertsioa iragarri du, eta 200 profesional inguruko diziplina anitzeko talde bat bilduko duela adierazi du, “berrikuntza eta lankidetza teknologikorako gune bat sendotzeko”.
Igorreko lantegira egindako bisitan eman ditu berri horiek. Bertan egon dira Imanol Pradales Lehendakaria; Mikel Jauregi, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua; Javier Ormazabal eta Alejandro Ormazabal, Velatiaren presidentea eta presidenteordea, hurrenez hurren; Jorge González, Ormazabaleko CEOa; eta José Luis Bilbao, lantegiaren zuzendaria.
Velatia taldeko buruzagiek Eusko Jaurlaritzako ordezkariei auzkeztu diete Ormazabalek 2024an garatutako Hazkunde Plan Estrategikoa, 2026ra luzatuko dena. Horrek, Igorreko lantegirako ere 20 milioi euroko inbertsioa jasotzen du. “SF6rik [sufre hexafluorurorik] gabeko teknologia duten gelaxka berriak ekoizten hasi gara. Irtenbide hori oso harrera ona izaten ari da merkatuan, eta Ormazabal erreferentea da sare elektrikorako soluzio seguruen eta jasangarrien garapenean”, adierazi du enpresak.
Igorreko lantegia "cgm.zero24" gelaxka familia berria ekoizteko teknologiarik aurreratuenaz hornitzea da helburua: “Espainiako eta nazioarteko merkatuetan gas fluoraturik gabeko soluzioen hornidura bermatzeko”. Produktu-lerro hori “funtsezko urratsa” da Ormazabalen estrategian, sare elektriko “seguruagoa, jasangarriagoa eta eraginkorragoa” lortzeko.
55 urteko ibilbidea
Imanol Pradalesek Velatiak irudikatzen dituen ekosistema eta balioak nabarmendu ditu, baita “egokitzeko, dibertsifikatzeko eta zabaltzeko duen gaitasuna” ere. “1967an abian ipini zen armairu metalikoen lantegi txikia gaur egun enpresa globala da, eredugarria da sare elektrikoak garatzen, elektronikan, eraginkortasun energetikoan edo ingeniaritza adimendunean. Mundu osoko enpresa eta entitateak erakartzen dituzten azpiegiturak eta entsegu-laborategiak ipini dituzue abian eta talentuaren eta ikerketaren aldeko apustua egin duzue”, nabarmendu du Lehendakariak.
Gaur egun Ormazabalek 50 lurraldetan ditu 17 lantegi eta 2.700 langile baino gehiago, tartean Euskal Autonomia Erkidegoko 1.200 lagun. Urtero 748 milioi euro fakturatzen ditu, horietako 175 euskal enpresetan materialak erosteko erabiltzen ditu.