Udal hauteskundeak M26

Aitziber Oliban Gutierrez, Erandioko EAJko alkategaia : “Berton harro bizi eta behar egiteko aukerea emoten dauan Erandion sinisten dot”

BABESTUTAKO EDUKIA 2019ko mai. 21a, 12:17

Aitziber Olibanek 38 urte daukaz. Politikako eta Administrazinoko Zientzietako lizentziaua da, baita Merkaduko Ikerketako eta Tekniketakoa be. Era berean, Partaidetzazko Demokraziarako Dinamizazinoko eta Tekniketako graduondoa be badauka. Bere udalerriko bizitza politikoa ezagutzen dau, agintaldi bitan udal korporazinoko zinegotzia izan dalako, 2003tik 2011ra, hain zuzen be. Horrezaz gainera, barruko karguak be bete dauz Udal Batzarrean, eta Bizkai Buru Batzarreko idazkaria da gaur egun.

Zeintzuk dira Erandiorentzat daukazuzan lehentasun nagusiak hurrengo lau urteei begira?

Besteak beste, honakoak dira nire lehentasun nagusiak: langabeziaren aurkako burrukea, prestazino sozialen estaldurea eta herriguneetatik asago dagozan biztanle-eremuen arretea. Enplegurako programak eta enpresen foroa be funtsezkoak dira. Agirikoa danez, enplegua eta industria bultzatzeko orduan koordinauta behar egiten badogu, emoitzak lortuko doguz.

Zeugaz egongo dan giza taldeak ondo baino hobeto ezagutzen dau Erandio, baita udal bizimodua eta udalerriaren arazoak, eskaerak edota preminak be.

Niretzat funtsezkoa da Erandioren alde behar egiten dauan giza taldea eratzea. Eurakaz batera, biztanleen ondoizatea handitzea daukat helburu. Horretarako, sektore batzuetan sakontzen ahaleginduko naz; berbarako, programen eta beken bidez umeen zein gazteen hezkuntzea osotzea; ekintza zehatzen bitartez bizimodu osasungarriaren aldeko apustu irmoa egitea; eta ingurumena errespetetan daben balioak zabaltzen ahalegintzea. Era berean, jakin be badakit gaur egun arazo handiak dagozana aparkalekuen, kirol-zerbitzuen eta enpleguaren kalidadearen arloan. Hori dala-ta, arlo horreetan behar egingo dot bete-betean, konponbideak emoteko.

Euskalduna eta euskaltzalea. Horrek zeresana eukiko dau zure beharrean, aukeratzen bazaitue?

Egia esan, ni neu ez nintzateke nazana izango sustraiok eukiko ez baneuz. Baserrian, Astrabuduako urteeran, euskerea, naturea eta euskal kulturea maitetuten ikasi neban. Amamak ahalegin handia egin eban hori holan izan eiten.

Zure eretxiz, EAJren aukerea onena da Erandiorentzat?

Euzko Alderdi Jeltzalean afiliau nintzanean, argi eta garbi neukan beraren proiektua guztiz bat datorrela nire ingurunerako eta bertako jentearentzat gura dodanagaz, balioak daukiezalako eta konpromisoa hartu dabelako gure herriagaz. Nire ustetan, EAJk urteetan eta urteetan egiaztau dau behar besteko bermea eskaintzen dauana kudeaketeari eta ahalmenari begira, modu integralean behar egiteko, ekonomiako gorabeherei hobeto aurre egiteko eta erandioztarren gizarte-ondoizatea bermatzeko orduan.

Zergaitik onartu zenduan alkategaia izatea?

Ohorea eta erronkea da Erandioko alkategaia izatea. Pozgarria da benetan, gero eta hobea, modernoagoa eta atseginagoa dan Erandio ikusi eta gozau gura dodalako. Gure biztanleei berton harro-harro bizitzen eta behar egiten segiduteko eta seme-alabei berton geratzeko aukerea eskaintzen deutsen Erandion sinisten dot.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).