BachelorĀ“s Bride-ren atzetik

Erandion jausitako abioia gogoan

t/a: Jose Angel Mentxaka 2019ko urr. 31a, 10:26

1944ko ekainean, Bigarren Mundu Gerraren testuinguruan, bonbaketari estatubatuar bat erori zen Erandiogoikoan, eta bere istorioa orain dela zazpi urte eman genuen argitara. Harrezkero zuzeneko eta zeharkako lekuko berriak agertu dira; euren testigantzak hurrengo orrialdeotan batu ditugu.

Artikulu horretan azaldu genuen moduan, Bachelor's Bride izeneko hegazkina 1944ko ekainaren 25ean irten zen Ingalaterratik, Toulouseko aerodromo bat (Frantzia) bonbardatzeko asmoz. Kontuan hartzekoa da Bigarren Mundu Gerra pil-pilean zegoela, eta Normandiako lehorreratzea 19 egun lehenago izan zela. Abioia matxuratu egin zen eta hala-hola lortu zuen Erandiora heltzea: lurra bertako solo batean hartu zuen. Bachelor´s Bride hegazkina Boeing B-17 bat zen eta ezaugarri hauek zituen: 31,54 m zabalera, 22,50 m luzera , 5,82 m altuera eta ia 15 tona pisatzen zuen hutsik. Itzela, beraz.

Imajinatu ahal dugunez, lurreratzea ez zen batere erraza izan. Hegazkinak ia etxe bat jo, eta gari-solo batean amaitu zuen. Tripulazioa bederatzi gizonek osatzen zuten, denak estatubatuarrak eta, zaurituren bat izan arren, guztiak irten ziren onik. Medikuntza-iragarpenaren arabera, Fann William artilleroa larri zegoen eta lau egun eman zituen konorte barik; Craghead Jesse radio-operadoreak sudurra apurtuta zuen; eta Goodrich Ferrall pilotuak, zauri bat aurpegian. Estatubatuarrek denboraldi bat eman zuten Larrondoko txalet batean, Gibraltarretik Ingalaterrara itzuli aurretik. Abioia lurreratu zen lekura hurbildu ziren inguruko baserritarrei paraxut batzuk eman ei zizkieten –oihala oso preziatua zen–, baina, batzuen esanetan, militarrek geroago kendu egin zizkieten.

 

Hegazkinak ia etxe bat jo, eta gari-solo batean amaitu zuen

 

A handia

Modesto Perdigo istripuaren lekuko zuzena izan zen 16 urte zituela. Orain 90 urte ditu; hala ere, ondo gogoratzen du gertatutakoa eta gogotsu kontatu digu. Sondikan bizi zen eta zarata handi bat entzun zuen. Leihotik hegazkin baten atzeko partea baino ez zuen ikusi, A letra handi batekin. Perdigo hegazkin zalea zen artean –gero pilotua izan da, aireko akrobazietan aditua–, eta berehala ezagutu zuen abioi-mota: gotorleku hegalaria esaten zieten bonbaketarietakoa zen. Hegazkina Erandion jausi zen berria zabaldu zenean, motorra hartu zuen eta hara joan zen; abioia solo artean ikusi zuen.

Tripulaziokoek txokolatea eskaini zioten. Guztiekin hitz egin zuen, baina batez ere John Callaghan abioiko atzeko metrailadorearen arduradunarekin. Callaghan Kaliforniako morrosko handi bat zen eta gaztelaniaz arean bazekien. Balaren bat ere eman zion. Ezkerreko eskuan gurutze-itxurako zauri bat zuen, eta horri buruz galdetu zionean, estatubatuarrak aitortu zuen berak aiztoaz egindakoa zela, otoitz moduan. Bestalde, tripulaziokoek esan ziotenez, pilotuak beste guztiei popara joateko agindua eman zien larrialdiko lurreratzea egiteko. 

Perdigok Larrondoko txalet batetik, Santiago Alcaiderenetik hain zuzen ere, deitu zuen Amerikako kontsuletxera; hasieran ez zioten sinetsi. German Pereiro medikuak “yanki kabroi horiek” artatzeari uko egin ziola ere esan digu, “gure lagun alemaniarrak bonbardatzen ibili ondoren”. Bere hitzetan, mediku faltsua zen, titulurik ez zuen eta. Azkenean, praktikantearengana jo zuten, Modesto Perdigorengana; hau da, gure lekukoaren aitarengana. Hori egunero joaten zen Larrondoko txaletera estatubatuarrak artatzera.

Jose Antonio Arestik, berriz, hiru urte baino ez zituen abioia jausi zenean. Alabaina, berak ere badu buruan gertatutakoa. Etxeko guztiak mezan zeuden eta bera auzoko etxean Miren Madariagarekin, zaintzen zuen neskarekin. Abioia ia-ia jausi zitzaien gainean, eta Arestik ospa egin zuen etxera, Etxebartara. Portzelanazko garbiontzi batean zeuden lekak hartu, eta berarekin batera eraman zituen gurasoen logelara, beste inork har ez zitzan. Mezatik etorri zirenean, kostatu zitzaien umetxoa topatzea, gurasoen ohe azpian luzaro egon baitzen ezkutatuta. Antza denez, ezin izan ziren logelara sartu, atearen kontra aulki bat jarri zuelako.

Arestik esan digunez, etxea libratzeko egin zuen maniobragatik, hegazkinak argi-zuntoiaren punta apurtu zuen eta hori luzaroan egon zen konpondu barik. Bera ez zen abioia ikustera joan, ez zuen inola ere ikusi nahi; luze ibili zen beldurrarekin.

 

Liburuak eta iparrorratza

Pedro Jordan jaio berria zen istripua gertatu zenean, eta, beraz, zeharkako lekukoa dugu. Gaur egun Berangon bizi da. Aitak oso gutxi hitz egin zion gai honetaz, gazterik hil zen eta. Hala ere, etxean beti egon dira “altxor” batzuk: liburu bi eta alkandora bat. Amak esan zion aireportu ondoan jausi zen abioi batekoak zirela. Liburutegian egunkari zaharrak arakatzen ordu asko eman zituen arren, ez zuen ezer aurkitu. Aikor! aldizkarian argitaratutako artikulua irakurri zuenean, hari-mutur guztiak lotzen hasi zen, eta bere testigantza eman digu.

Aita, Jose Maria Jordan, militarra zen eta abioia jausi zenean arduradun bidali zuten Erandiora. Etxean ikusitako alkandora –orain ez daki non dagoen– paraxut baten oihalaz egindakoa ei zen; amak brusaren bat edo soinekoren bat ere egin ei zuen. Jordanek lehen aipatutako liburuak erakutsi dizkigu: bata alemanez dago idatzita eta txikia da; bestea, ingelesez eta handiagoa. Liburuetan munduko era guztietako guda-itsasontziak daude, euren siluetak ezagutu ahal izateko, eta hainbat datu.

Sixto izeneko bat ezagutu zuen, Plentziakoa. Garai hartan, Sondikako aireportuko obretako nagusietako bat zen eta istripuan hasierako unean egon zen; hark ere paraxut bat hartu ei zuen. Bere etxean hegazkineko metrailadorearen hiru bala ikusita ditu Pedro Jordanek. Gainera, semeak oraindik du tripulazioko baten iparrorratz txiki bat.

 

Amerikarrak heldu dira

Urriaren 17ko goizean, hitzordua izan dugu Ferrall “King” Goodrich pilotuaren alabarekin, Barb, eta bere senarrarekin, Steve Dow. Toulousetik etorri dira Thierry Martinezek lagunduta (abioietan aditua, 2012an ere etorri zen Txorierrira). Arin joan dira abioia jausi zen belar-solora; gari-soloa, garai hartan. Talde polita bildu gara bertan: lekukoak, interpreteak eta laguntzaileak. Barb guztiz hunkituta egon da; gero, lasaiago, bere gogorapenak partekatu ditu gurekin.

Aita moduan, Barb Kalifornian jaioa da, baina Estatu Batuetako iparraldera joan ziren bizitzera, Washington estatuko Edmonds hirira, Seattletik hurbil. Bost neba-arrebetatik gazteena da, eta bidaia hau familiari zor diola esan digu. Aitak 80 urte bete arte ez zuen gerrari buruz ezer kontatu, eta 95 urte zituela hil zen; orain bost urte. Bonbaketari bat pilotatu izanagatik eta hildako jendearengatik errudun sentitzen ei zen, eta gai horri dagokionez beti izan zuen jarrera itxia. Kontatzen hasi zenean liberazio modukoa izan zen, eta, familiak bultzatuta –amak bereziki–, Barbek bere gain hartu du aitaren urratsei jarraitzea.

 

Goodrich bonbaketari bat pilotatu izanagatik errudun sentitzen ei zen

 

“Hogeita bost urte zituen orduan. Aire-basea Ingalaterran zuten, eta Toulouseren ingurua bonbardatzeko agindua jaso zuten. Normandian zeudela, alemaniarrek eskuineko motor bat indargabetu zieten, eta 27.000 oineko altueran zihoazela sutan hasi zen. Aitak paraxutak prestatzeko esan zion tripulazioari –bederatzi guztira–,  eta hegazkina 5.000 oineko altueran ipini zuen. Formaziotik kanpo zeudenez, bere eskuadrilakoek etsaitzat hartu zuten abioia, tirokatu zuten eta beste motor bi hondatu zizkieten. Horrela ezinezkoa zen itzultzea, eta Espainiara abiatzeko agindua jaso zuten”.

Oso baxu zihoazenez, ezin izan zuten paraxutarekin salto egin eta Goodrichek pisuzko gauza guztiak botatzeko agindu zuen, armak eta guzti. Paperezko dokumentu sekretuak, berriz, ezin bota, eta jan behar izan zituzten. “Batek pisuzko prakak ei zituen, eta aitak txantxetan kontatzen zuen hark prakak ez ezik barruan zeramatzan dokumentazioa ere bota zuela”. Lekuko guztien esanetan, Goodrich oso pilotu trebea zen, eta Txorierrira motor bakar batekin eta non zeuden oso ondo jakin barik heldu zen. “Lehen aukera uretan lurreratzea izen zen, baina txalupaz beteta zegoen eta, airetik ikusitako aireportura ailegatzeko asmoz –ez zen konturatu obratan zegoela–, buelta eman zuen”.

 

Txorierrira motor bakar batekin eta non zeuden oso ondo jakin barik heldu zen

 

 

Zibilen jantziak

Aireportura ezin izango zirela heldu ohartu zen eta lurra hartzea erabaki zuen. Besteei abioiaren atzeko aldera joateko esan zien, eta leku lau bat topatzen saiatu zen, etxeak jo barik. Pilotuak argi-poste bat jo izana gogoratzen zuen, eta horrek pssssst egin zuela. “Gerrikoa ondo lotu barik zuenez, ebakia egin zuen bekokian. Beste bati sudurra apurtu zitzaion, eta hirugarren bati kutxa bat erori zitzaion gainera. Leihotik atera ziren”. Inguruan baserritar asko ei zegoen. “Larruzko jaka odolez beteta zuen. Etxe batean zauriak garbitu zizkieten eta auto bat etorri zen euren bila. Batzuk ospitalera eraman zituzten, eta aitak kontatzen zuen bekokiko zauria anestesia barik josi ziotela. Biraoka hasi zen”.

Estatu Batuetako kontsulatuko ordezkariak eroritako hegazkinaren tripulazioa babestera joan ziren, eta Larrondoko txalet batera eraman zituzten. Han, aste pare bat eman zuten eta, gero, Bilbon zibilen jantziak erosi ondoren, Alhama de Aragoneko hotel-bainuetxera aldatu zituzten. Bainuetxean hiru hile inguru izan ziren; leku horretan beste 70 bat soldadu zeuden antzeko egoeran. “Etxera itzultzeko, zibil moduan bidaiatu ziren; euren kontura autobusez. Gibraltarrera joan, eta Ingalaterrara itzuli ziren. Tripulazioko gehienek amaitutzat eman zuten gerra, baina aitak jarraitu zuen pilotu-misioak egiten. Gerra amaitu zen eta urte askoan egon zen hegazkinik hartu gabe, harik eta 60 urterekin berriro hasi zen arte: familia osoa hegazkin txiki batean eramaten gintuen”.

 

60 urterekin berriro hasi zen pilotatzen; hegazkin txiki bat hain zuzen ere

 

Abioia jausi zen soloan egon eta gero Larrondoko txaleta bisitatu dute; ondoren, Bilbora joan dira, New York gozo-dendara. Izan ere, txaletaren ugazabak gozo-dendaren ugazabak ziren garai hartan. Sopelako hondartzatik ere ibili dira pasieran, eta olatu batek busti-busti egin du Barb. Baina ez zaio axola izan; bideari jarraitu diote. Hurrengo helmuga Alhama de Aragon izan dute, Bachelor´s Bride-ren pilotuaren urratsei jarraituta. 

 

(Bachelor´s Bride abioaiaren gainean 2012an argitaratutako artikulua hemen irakurgai)  

Erlazionatuak

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).