Aspaldian berbon zergatiei eta zertarakoei erantzun zehatzak emateko ahaleginak egin dira. Zergatiak askotarikoak dira. Batzuk gaurtik jarri daitezke abian helburuak eta metodologiak zehaztu ondoren: euskararen, kultura adierazpen eta hezkuntzaren gainekoak, ingurumenaren zaintzeari dagozkionak, baita kanpotik datozenei harrera egiteko moduei, energia kontuei, eredu ekonomikoari dagozkionak, berdintasun eta pentsiodunen arazoen eta euskal presoak Euskal Herrira ekartzearen ingurukoak eta abar.
Beste batzuk aurrekoen lorpenaren ondorioz etorriko dira, animikoak eta jarrerazkoak dira: edertasunaren zainketa, herri jakinduria eta memoriaren kontzientzia hartzea, baita ugaritasunaren banaketarena ere, ekosistemari maitasuna adieraztea, justiziaren ulermena, ordena eta ziurtasunaren eraikuntza, besteenganako pazientzia izatea eta abar.
Baina, erabakitzeko eskubideak besterik ere ekarriko luke, herri izaera berri bat eta ikuspegi kolektiboaren zentzu zabalagoa izatea lortuko genuke. Norberarengandik kolektiboaren ikuspegira jauzi handiagoa egingo genukeelako. Herritarrok ahalduntze eta fiskalizatze gaitasunak izango genituzke, esku-hartzeak abantaila handiak dituelako. Gaur egungo egitura politikoek eta juridikoek garden eta ustelkeria arrisku barik funtzionatuko lukete. Politikari eta epaile batzuek ez lukete izango edozer egiteko lizentzia osoa. Altsasuko moduko kasurik ez litzateke gertatuko. Banakotasun egoistak agirian geratuko lirateke beraz, osasungarriagoa eta demokratikoagoa da. Gure eskubide sozialak eta politikoak blindatuago egongo lirateke.
Edozelan ere, gaur egun aldaketa handirik egin barik hasi gaitezke esku-hartzea praktikan jartzen, kontsultak eta erreferendumak modu naturalean egiten, Estatuen Europa honetako herrialde batzuetan egiten diren moduan, esaterako Suitzan.
Guk erabakiz gero, hauek danak geure egingo genituzke eta hala joango ginateke jende zoriontsuagoa herri libre batean izaten.