Galdera-sorta luzea dago erantzun zehatz barik: nork zaindu behar duen, zaintza noren ardurapean dagoen, familia-sarearen ardura den, emakumeena, administrazioena, zelan konpartitu, zaintzaileen eskubideak errespetatzen diren, zelan gura dugun zainduak izan, eta abar.
Lehen urratsa da herrietan zain- tza-beharrizanak identifikatzea. Udalek eskumena dute, herritarrekin batera, ikerketa-lan hori egiteko. Bigarrena, beharrizanei aurre egiteko bideak zabaltzea. Esaten da zaintzak “publikoa eta komunitarioa” izan behar duela. Publikoa erakunde publikoei dagokiena lez uler daiteke. Horretan badago argitu beharra eta aldatu beharra: zaintzaileen eskubideak zehaztu eta betetzea eta zaintza-zerbitzua herritar guztiei bermatzea, zainduaren gaitasun ekonomikoa ezin delako oztopo izan, zaintza zerbitzu egokia izateko. Hirugarrenez, zaintza komunitarioak osagarria izan behar du, ezin du publikotik egin beharrekoa ordezkatu. Komunitarioa zehazten hasteko, komunitatea definitu eta eraiki behar da.
Gaur egungo zaintza-eredu honek ez ditu asetzen herritar guztien beharrizanak. Ereduaren aldaketaren trantsizioan, zaurgarrienen beharrizanari zaintza-zerbitzua bermatzeko indarra egiten dugu, edota baliabide ekonomiko altuak dituztenen beharrizanei. Trantsizio hau klase borroka lez ulertu behar da.