Ispiluan: Oreka berreskuratzen

Erabiltzailearen aurpegia Einer Larrabeiti 2019ko eka. 14a, 12:23

“Hilabete daramagu betiko moduan egon gabe; ez dakit, arraro dago… Ez du denborarik niretzat, eta bere atzetik ibili behar dudala ematen du. Zerbait egingo nuen txarto… Edo, zer demontre, bera bai dela adiskide txarra! Inozoa…”.

Gogoratzen al dituzue parkeetako balantza itxurako zabuak? Punta bakoitzean pertsona bat eseri, eta batek oinekin lurra ukitzean bestea igo egiten da. Hala ibiltzen ginen, desorekaren jolasean, poz-pozik. Bizitzako hainbat kontutan muturretan kokatzeak ez du gauza onik ekartzen; alabaina, parkean jarraituko bagenu bezala jokatzen dugu maiz: perfekzioa ala porrota, bizimodu sedentarioa edo gimnasiotik irten gabekoa, gainerakoekiko mesfidantza edo itsu-itsuko konfiantza.

Sarritan, nekatuta, minduta edota urduri amaitzen dugu eguna, eta otutzen zaigu bitaminen beharra izango dugula, gaixorik jartzen ariko garela edo adinaren ajeak izango direla. Hala, gorputza soilik kanpotik zainduta hobetuko garelakoan, bizkarra ematen diogu errealitateari. Ba­da, gure barneari eta kanpoari erreparatzen badiegu, harremana aurkituko du­gu emozionalki sentitzen dugunaren, pentsatzeko moduaren eta gorputzaren egoeraren artean. Gainerakoekin ditugun harremanek ere eragina dute lotura horretan, eta hareexek kudeatzeko dugun eraren isla da komunikazioa.

Onartzen dugun baino ge­hiagotan, gai honetan ere mu­tur batean edo bestean aritzen gara, hainbat kontu isildu edo modu txarrean esanda: isildu eta inori ez esan; isildu eta egoeraz kanpoko pertsonekin bakarrik hitz egin. Bestetik, esan gabeak edo gordeta dagoenak lehertzera eraman ohi du pertsona, modu txarrean komunikatuz, gerran balego bezala: aurpegiratzeak, errieta egitea, errua bota, eta abar. Halaber, joera horiek gauza bi dituzte amankomunean: onartua eta ulertua ez izatearen beldurra dute oinarrian, eta ez dute arazoari aurre egiteko balio. 

Baina, zer dela eta bizi gara komunikatzea munduko gauzarik abstraktuena izango balitz bezala? Esaterako, norbaitek hau esango baligu hain txarto hartuko genuke?: “Ni X sentitu naiz + zuk X egin/esan/... duzunean + beste modu batean gustatuko litzaidake...”. Eta gu, formula horreen antzeko moduren batean azalduta, ez ginateke hobeto sentituko? Noski, aurpegi txarrez esanez gero, mezua ez da ondo iristen.

Esaera batek dio txarto esanak edo esan gabekoak barrena jango dizula. Horren haritik, gazte zein heldu, tripako edo buruko minak jota ibiltzen gara, giharretako eta hezurretako mina ez denean. Hala, zentzuzkoa da pentsatzea bizi garen tokia, gure gorputza, barruan dagoen zerbaitengatik kaltetzen dela. Era berean, pentsamenduak eta emozioak gure barnetik datozela jakinda, ez al da mina gure pentsatzeko, hitz egiteko, harremantzeko eta sentitzeko moduaren emaitza?

 

Einer Larrabeiti Zaratek norbere buruarekin eta gainerakoekin dugun jokabideari buruz hausnartzen du. Egunerokotasunean aurki ditzakegun egoera eta sentsazioak ardatz hartuta, hainbat gairen inguruan mintzatuko da sail honetan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).