Egokitu ala hil. Esaera ezaguna, konkretuki, oihanean biziraun eta eboluzionatu zeurienengandik ikasi genduana. Besteak beste, gizakiak lau hankatan ibiltzetik zutunik ibiltzera igaro ziran, bedartza handien ganetik ikusi ahal izateko; eta, era berean, etsaiengandik babesteko makurtuta jarraitu zeurien. Egokitu eta biziraun egin eben.
Gaur egun, jaioten garan unetik elikagaia, etxea eta maitasunaren beroa (biologikoa edo ez) dogunok bizirautea naturala dala barneratuta daukagu. Halan da be, txiki-txikitatik mehatxu edo arrisku bategaz topo egiten dogunean, bildurraren sentsazinoa ezagutzen dogu, emozino natural eta beharrezkoa. Arazoa dator, nahastu egiten doguzanean benetako arriskua (esaterako, norbait mina ematera datorkit) eta arrisku asmatua (agian ez nau maite, adibidez). Izan ere, mehatxu moduan hartzen dogu bizitzen ari garan egoera, eta modu bitan erreakzionatzen dogu: defendatuz edo egokituz.
Alde batetik, egoerari aurre egin gura ez deutsagunean defendatu egiten gara: fisikoki burrukatuz, eztabaidatuz, egoera sahiestuz, urrunduz... Beste alde batetik, esan beharra dago, egokitzea ez dala berez gauza negatiboa, ezta positiboa be. Esaterako, hiru lagunetatik bik lokalean sartuta igaro gura dabe asteburua, eta batek bestelako planak egin nahi ditu. Batera egotearren, egokitu egiten da azken hau, eta lokalean geratzen dira. Halan be, beti berbera egokitu behar bada, hori ez da, ez orekatua, ez positiboa.
Halako egoerak arlo ezbardinetan aurkitu ahal ditugu: familian, hurbileneko senideen espektatiba eta nahietara egokitzen gara; lagunartean, limurtzailea, seduktorea edo liderra dan horrek, edo gehiengoak, dinoanagaz bat bagatoz, egokitzen bagara, arreta gehiago jartzen deuskue, hobeto tratatzen gaitue eta baliotsuago sentitzen gara. Generoari dagokionez, bagina badozu besteak ulertu eta lagundu; zakilduna bazara, tinko eutsi zeureari, enpatian ez galdu astirik; egokitu zure rolera. Mundu modernora ere bai: “Ez dot ulertzen zergaitik ez dozun sare sozialik, Instagrama behintzat!”.
Baliteke uste izatea zerbaitegaz / norbaitegaz bat etorri behar dozula balioa izateko edota isolatuta ez egoteko; sozialki ez “hiltzeko”, alegia. Baina ez dago ideia erratuagorik. Izan ere, harreman osasuntsu eta benetakoek ez daukie pertenentziagaz zerikusirik.
Zu zeu zara. Eta ez talde baten praktikatzaile fidela. Ala bai?