Sokatira mistoan

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Alvarez 2017ko ira. 6a, 10:22

Imnaol Alvarez, Filosofia irakaslea

Feminismo terminoa gehien erabili eta gutxien ezagutzen dugunen artean dago, zalantzarik gabe. Hiztegiak dio gizon eta emakumeen arteko eskubide berdintasuna aldarrikatzen duen mugimendua dela. Baina haize berrien beldur direnen artean matxismoaren antonimo moduan erabiltzen da sarri, zabaldutako mamuek gizonari estatusa mantentzen lagundu diezaioten. 

Sokaren beste muturrean, arazoa desberdintasun orotan dagoela defendatzen dutenak. Gehiegizko kritikak eta aldarrikapenek ez diote mesederik egiten justua eta beharrezkoa den eskakizun bati.

Hitzaldi baten entzundako bi adibidetatik abiatu nahi dut, desberdinak izanik garrantzi handiko bi auzi plazaratzen dituztelako. Alde batetik, negozioen munduan gizonek elkarri eskua eman baina emakumeei bi muxu ematea kritikatu zen. Inozoa bezain arriskutsua litzateke gizon eta emakumeak desberdintzen dituzten elementu kultural edo linguistikoen garrantzia gutxiestea. Baina aldarrikapen garrantzitsuen kalterako iruditzen zait hauetan gehiegi zentratzea. Italian, adibidez, mutilek muxuak ematen dizkiote elkarri eta egoera ez da gurea baino hobea. Berdintasunaren bilaketaren kontzepzio sinplista baten emaitzak gaur egungo gorputzaren gurtzean ikus dezakegu. Lehen emakumeak zeuden L’orealen diktadurapean, orain denak. Berdinak gara! Inozotasunean berdin.

Bestetik, hitzaldi horretan ere aldarrikatu zen emakumeek gizonek baino dohain handiagoak zituztela aginterako. Errespetuz bada, ulertu dezaket norbaitek hori esatea, generalizazioak eta politikoki ez zuzenak diren iritziak aurrera egiten laguntzen baigaituzte askotan. Baina ezin zaie batzuei onartu eta besteei ez. Eta batez ere, bi generoek aginte postuetara heltzeko aukera berdinak izatea bermatu behar du gizarteak. Besterik ez.

Argi dago genero arazo larria dugula gizartean. Jakin ere badakit, nahiz eta arreta jarri dudan tokian jarri, emakumeen kontrako eraso larri eta sotilek gure egunerokotasuna modu tamalgarrian bustitzen jarraitzen dutela. Baina sokatik neurririk gabe tiratzeak feminismoari beldur dioten guztien onurarako baino ez da askotan, artalde fidelak sokaren beste muturrean tiratzen jarraitzeko pentsua. Eta gure helburua ez da sokatiran irabaztea, beste taldekoak gure taldera pasatzea baizik.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).