Nirera ekarrita, Haur filosofia metodologiaren hiru helburu nagusietako bi dira pentsamendu arretatsua eta kritikoaren sustapena. Lehena lotuta dago gure ingurukoek adierazten duguna nola jasoko duten kontuan hartzearekin: esaten duguna eta isiltzen duguna, moduak, momentuak… tentuz aukeratzearekin, alegia. Bigarrena, estruktura logiko eta koherente bat duen pentsamenduarekin: euren artean kontrajartzen ez diren zentsuzko arrazoiketak egitearekin, funtsean. Zaintzaren eremua arretaren esparrura mugatu dugula iruditzen zait baina, haren oinarrian dagoen pertsonen arteko zaintza estrukturalaz ahaztuta; biluzik doan erregearen ipuinean, kapela, bufanda eta eskularruak jarri, eta orain jantzita doala esango bagenu bezala. Egonkortasuna, koherentzia eta arrazoizkotasuna dira gure buruari eta inguruan dugunei eskaini ahal diegun lehen zaintza, oinarrizko zaintza.
Psikologiatik datorren ardura afektiboaren kontzeptuak argi pixka bat eman diezagukeela deritzot. Egin eta esaten dugun guztiak eragin bat du besteengan eta horretaz kontzientzia hartzea da lehen pausua; hortik eratorrita, bigarrena da egiten dugunak sortzen dituen zentsuzko ondorioen kargu egitea. Kontua ez da ingurukoen erreakzioen erantzukizuna gure gain % 100ean hartzea, edo beti, ezta aurrean dugunon judizioak gure jarduna determinatzea: hori kontrako muturrera joatea litzateke. Kontua da, behintzat norbere parametroetatik, gure jarrera aztertzea eta modurik zaintzaleenean kudeatzeko ahalegina egitea, moduetatik harago zenbait faktore kontuan hartuta, hala nola arrazoizkotasuna eta koherentzia.
Hori guztia lurrera ekarrita, hiru adibide. Lehena: antolakuntza sendorik eta justurik ez dagoen lantaldean ezer gutxi lortuko dugu hitz gozo eta mezu optimistekin; gabonsariak ez du urte osoa konpontzen. Bigarrena: harreman pertsonaletan munduko arreta guztiak ez ditu ezegonkortasuna edo mezu kontraesankorren zauriak ekidingo. Maitasun harremanetan edo umeen heziketan erraz ikusi ohi dira zaintza estruktural honen gabeziaren ondorioak. Hirugarrena: arazo bera norbere buruarengan ere topatzen dugu, zaintzen ez gaituzten lekuetan sarritan gu geu geratzen gara eta.
Era berean, esango nuke kasu guztietan egiten dugunak esaten dugunak baino gehiago balio duela, baita horien bien arteko koherentzia oso garrantzitsua dela ere. Gaztelaniazko atsotitzak dionez, “ez esan maite nauzula; maitatu nazazu, konturatuko naiz eta”. Maitatu eta esan, gehiegi eskatzea ez bada. Gure burua eta besteak zaindu ditzagun, beraz; zaindu ditzagun hitzak eta moduak, baina ez dezagun ahaztu zuhaitza enborretik hasten dela. Bestela, praka, alkandora eta jertserik gabe, hotzez hilko zaigu erregea.