Noren aurrean makurtzen gara eshaku eginez? Eta noren aurrean ez gara makurtzen?
EUSKARA ENTZUN BAI, ULERTU EZ praktikatzen duenaren aurrean makurtzen gara: Nepomuceno jauna Meñakako Maria andre euskaldunarekin ezkondu da. Emaztea kantaria da eta herriz herri dabil abeslari. Domekaz, eguerdi aldera, Patxo eta biok beraien etxera hurreratu gara. Egin diogu galdeketa emazteari; oso interesgarria! Amaitzean, isil-isilik egon den senarrari itaundu dio Patxok:
–Ulertzen duzu euskara Nepomuceno?
–Entzun bai, ulertu ez!
EUSKARA ENTZUN BAI, ULERTU ERE BAI dioenarekin ez gara makurtzen: Txorierriko auzo batean gertatua da. Txerria hil dutenez, ezagun asko elkartu dira baserriko atarian, abere gaixoari hil orduan eusteko -erruki barik eusteko-. Ostean, kopaua eta txakolina hartu eta gero, taldeko bat bertsotan hasi da, indartsu. Bospasei kantatu dituenean, suetetik agertu da hiriburuko Mauricio, eta taldekide batek galdetu dio:
–¿Mauricio, te gustan los bertsolaris o qué?
–Mucho, sobre todo cuando levantan la piedra hasta el hombro.
EUSKARA ENTZUN, ULERTU ETA ERABILTZEN DUENA euskaltzalea da, geure kidea: euskaldunon artean, euskaldun berriak eta euskaldun zaharrak bizi gara. Euskaldun zaharren artean bi motatakoak, behintzat, badira: batzuk guraso erdaldunen seme-alaba euskaldun zaharrak; besteak: guraso euskaldunen seme-alaba euskaldun zaharrak, den-denak euskaldunak.
Argi-argi adierazi behar dugu BERBALAGUNeko ikasleak pozgarriak direla euskaldunontzat. Imanol Berriatuak(2) honela idatzi zuen: “Gure gazte askok ez dute amets egiten. Ez dute herriaren deia entzuten. Entzumena galdu dute. Ez dituzte egunsenti berriaren izpiak ikusten. Ikusmena galdu dute. Itxaropena galdu dute. Zahartu egin dira gaztaroan. Baina euskaltegietako neska-mutilen pentsamenduak berriro ekarri dit poza eta alegrantzia”.
EUSKARA ONDO DAKITENAK, BAINA ERDAL ZALEAK DIRENAK: “Unas dicen que sí, otros dicen que no” izan zen Bilboko gotzain baten erantzuna –parkatu, izen-deiturak ez esatea–. Bileraren ostean holaxe itaundu zioten gotzainari:
–Berorrek badaki euskaraz?
Eta erantzuna:
–Unos dicen que sí y otros dicen que no.
Beraz, elebidunak ala elebigunak gara euskaldunok? Kanabera biguna da, baina okertu arren, ez da apurtzen; berriro jartzen da tente, haize bolada igaro ondoren.
(1) Abbé Pierre, HERRIA aldizkaria. Baiona, 3657 zenbakia. 2022ko irailaren 22koa.
(2) Imanol Berriatua. Ikasle Israelen. 1. Maila. Zarautz, 1982.