Alternatiba da zerbitzu zein app bakoitzeko erabiltzaile eta pasahitz bat erabiltzea, zenbat zerbitzu eta app erabiltzen dugun adierazita. A zelako saltsa! Badira horiek guztiak gordetzen dituen pasahitz-zorro aplikazioak. Horiek erabiltzeko pasahitz sendo-sendo bat izango dugu eta zorroak berak gune edo app bakoitzari dagozkion erabiltzaile eta pasahitzak sartuko ditu.
Jakingo duzuenez, gure nortasun agiri nazionalak txip bat dauka, gure burua identifikatzeko balio duena. Txip horrekin txartel irakurle edo NFC bidez konektatzen da, pasahitza sartu, eta listo, identifikatuta gaude. Euskadin Izenpe txartela dugu, erakundeen zenbait zerbitzutara sartzea ahalbidetzen diguna, adibidez, Osakidetzako gure osasun karpetara. Txartel horietan ez da beste informaziorik gordetzen, beraz gure identitate digitala babestuta dago. Eta ez hori bakarrik: baditugu NAN elektronikoari lotutako hainbat aplikazio edo, Izenperen kasuan, BAKQ koordenatuak, txartel barik ere sarean identifikatzeko.
Beraz, GAFAM horretatik aparte, badira gure nortasun digitala kudeatzeko bideak, eta gainera gure datuak salerosi barik; hala ere, zoritxarrez, orain arte zenbait erakunde publikoetan tramite gutxi batzuk egitera mugatu dira. Europar Batasunak hori aldatu nahi du.
App europarra
Ekainaren 1ean egindako adierazpen batean, von der Leyen presidenteak segurtasuna, pribatutasuna eta fidagarritasuna bermatuko dituen Europako identitate digital baten alde egin zuen. Bere hitzetan, “ezin da inor behartu egin nahi den zereginetarako beharrezkoa den informazioa baino gehiago ematera. Hotel batean erreserba bat egiteko, inork ez du nongoa naizen edo nire lagunak nortzuk diren jakin behar”.
Horren harira, Europar Batasuna hasita da Europako herrialde guztietan erabilgarria izango den gure identitate digitala kudeatzeko aplikazioa garatzen. Erakunde publikoetako tramiteak egiteko erabili ahalko da, webguneetan identifikatzeko, pasahitzak kudeatzeko… Baita diru-zorro birtual moduan ere. Eta garrantzitsuena: ez du inorekin partekatuko egindako ordainketak, zein tramite egin dugun edo nondik ibili garen… eta kasu bakoitzean, behar-beharrezkoa den informazioa baino ez du erabiliko.
A plikazioa frogatzen hasi da eta asmoa da hura 2022rako zabaltzea. Orain, erronka izango da erakunde publikoak ez diren gune eta aplikazioetara zabaltzea.
- Hegaz doaz gure datuak, Aikor, Xabier Díaz, 2017-07-10, https://labur.eus/identitate1
- FNMT-k garatutako NAN elektronikoarekin lotutako aplikazioak https://labur.eus/identitate2
- BakQ, herritarrentzako identifikazio elektronikoaren "orotariko giltza" https://labur.eus/identitate4
- President von der Leyen's speech at the high-level opening session of the 2021 Digital Assembly, “Leading the Digital Decade”, 2021eko ekainaren 1a https://labur.eus/identitate5
- What can eID do for You?, CEF Digital Connecting Europe, https://labur.eus/identitate6