“Sortu Larrabetzu”-k aurrera doa, herri-partaidetza bultzatzen

Aikor aldizkaria 2009ko urr. 23a, 15:50

Apiriletik abuztura bitartean, hainbat ekimen burutu dira etorkizuneko Larrabetzu eraikitzen hasteko: inkestak, iradokizun-ontziak eta txotx kafea, besteak beste. Lantaldea martxan dabil berriro. Testua: Ines Serrano / argazkiak: Alberto Albaizar

Udalak “Sortu Larrabetzu” partaidetza prozesua jarri zuen abian iaz. Helburua hau da: Hiri Antolaketarako Plan Orokor Berria eratu, herritarren artean ahalik eta adostasun mailarik altuena lortuz. Eta horretarako, Hirigintza Kontseilu Sektoriala sortu zen, alderdi politikoek eta herritar batzuek osatzen dutena. Denontzako eta etorkizuneko Larrabetzu orain diseinatu beharra baitago, eta herritarren irizpideak garrantzitsuak dira aurten gaurkotu behar diren arau subsidiarioak era egokian eratuko badira. Larrabetzuarrek aukera izan dute galdetzeko euren buruari nolako herria nahi duten. Izan ere, aurrerantzean nahi den parajea irudikatzen denean, hainbat auzi eta arlo hartu beharko dira kontuan: eraikin zaharrak eta berriak, zerbitzuak, hornidura, hedapena, itxura, erosotasuna... Lurzoruaren erabilpena eta erabilpenaren intentsitatea, azken batean. Proiektua ezagutzera emateko, aurkezpen-ekitaldia antolatu zen frontoian apirilean. Proiektuaren nondik norakoa, filosofia eta bestelako zehaztapenen berri jaso zuen han batutako jendetzak. Harrezkero beste jarduera eta saio batzuk ere egin dira. Esperientzia arrakastatsuak Inkesta egin zaie 303 laguneri, eta bloga zabaldu da Interneten. Blog horretan ekarpenak egin dituzte herritarrek hainbat arlotan: hirigintza, ekonomia eta enplegua, hornidura eta ingurumena, esate baterako. Era berean, iradokizun-ontziak ipini dira dendetan, tabernetan, banketxeetan, Kultura Etxean..., eta batzar bereziak egin dira ume, nerabe, gazte eta bestelako eragileekin. Ideiak batzeko taulak jarri dira kalean, eta hitzaldiak antolatu, hirigintza arloko informazioa argitu eta eztabaida guneak sortzeko. Txotx kafea ere egin da. Larrabetzuarrek, kafe bana hartzen zutela, hainbat gairen gaineko iritziak elkartrukatu dituzte,. Udan zehar jasotako informazioa aztertu eta Plan Orokor Berriaren beste irizpide batzuk ezarriko dira. Talde tekniko batek Planaren aurrerapena idatzi eta aukera ezberdinak eskainiko ditu, herriak bere iritzia ematen jarrai dezan. Kontseilua lanean hasi zen berriro irailean. Zaila da egitasmoan zenbat jende parte hartzen dabilen imajinatzea. Baina esperientziak hortxe daude eta guztiak ondo eta gogoz hartu dira. Aurkezpen ekitaldian partaide batek esan zuen moduan, “garrantzitsuena ez baita soilik helburua; prozesu bera helburua bezain garrantzitsua da, inolako zalantzarik gabe”.