Conanengandik Dalirengana

Aikor aldizkaria 2010ko urt. 25a, 16:00

Testua eta argazkia: Gaizka Eguskiza

Jesús Romero “Txolo” larrabetzuarrak pintura erakusketa egin du Anguleri Jauregian hilaren 15etik 29ra Hugo Sotil peruarra futbolaria izan zen 1970eko hamarkadan. Aurrelari trebea izan zen, eta FC Bartzelonan jokatu zuen. Hegoamerikakoak “Cholo” zuen ezizena eta honen omenez “Txolo” esaten hasi zitzaion Jesús Romero larrabetzuarrari. Jesúsek ere futbolean jokatzen zuen gaztetan, baina kirolaz gain beste zaletasun bat hasi zen lantzen garai hartan: marrazkiak egitea. Gehienek “Txolo” esaten diote gaur egun, honek futbolean jokatzeari utzi dion arren. Hala ere, oraindik marrazkiak eta margolanak egiten ditu, eta horietako batzuk ikusgai izan ditugu Larrabetzuko Anguleri Jauregian urtarrilaren 15etik 29ra bitartean. “Nire koinata Aracelik animatu ninduen erakusketa egitera. Nire laguntzailerik onena da, baita nire kritikaririk zorrotzena ere”. Ardura berezia izan du “Txolok” “non eta Larrabetzun” margolanak erakusteagatik. “Apur bat urduri ibili naiz. Erakusketa beste herriren baten egin bagenu, ez nintzatekeen hain urduri ibiliko. Hala ere, konfiantza handia dut nire lanean. Niretzat erronka polita izan da herrian bertan pinturak ikusgai jarri izana eta, era berean, hemengo bizilagunek nire lana ezagutzeko aukera izan dute”. “Txolo”k esan digu pintura arloan ez duela teknikarik, mundu honetan heziketarik ere ez duelako. Ezta nahi ere. “Ikasle txarra izan naiz beti, eta ez dut uste pintura eskolak jasango nituenik. Dena dela, azkar ikasteko gauza naiz eta ikasteko grina izugarria dut, baina beste era batean: liburuak irakurtzen, erakusketetara joaten... Niri begietatik sartzen zaizkit gauza berriak”. Edonola ere, argi dago “Txolo”k baduela estiloa. “Barrutik ateratzen zaidana margotzen dut, ez dakit ondo ala txarto dagoen, baina horrela sortzen zait eta kito! Margolan bakoitza erronka bat da niretzat, eta ustekabez beteta dago”. Larrabetzuko margolari honek erretratuak lantzen ditu batez ere. Guztira, 500dik gora margolan pintatu ditu. Bere ezagutzerik eza alde batera utzita, pasioz eta beldurrik gabe ekiten dio margotzeari. “Erretratuak erakarri behar nau hasiera-hasieratik. Adituek esaten dute erretratuak ezkerraldetik eskuinaldera marraztu behar direla, baina nik begietatik hasteko beharra dut. Izan ere, begietan dago edozein pertsonaren sena. Eta begiak gustatzen bazaizkit, jarraitu egiten dut gainontzeko aurpegiaren osagarriak marrazten”. Jesús ez da oraindik bere sormenari askatasun osoa ematera ausartu, eta margolan famatu edo argazkien kopiak baino ez ditu egiten. Besteak beste Munch, Manet, Murillo, Dalí, Modigliani eta Van Goghen lanak margotu ditu, eta normalean bere “ikutua” ematen dio lan bakoitzari, kolorea edo trazuren bat aldatuz, esate baterako. “Klasikotzat” jotzen du bere burua pinturari dagokionez, baina kolorea jorratzeko orduan “garaikideagoa” dela uste du. Etorkizunari begira, irudi handi-handiak landu nahi ditu. “Euskal Herria maite dut, baina oraindik ez dut jakin sentimendu hori bideratzen. Horren inguruan datozen hilabeteotan egingo dut lan, agian”. Bilakera “Marrazkirako zaletasun itzela adierazi dut betidanik: eskolan margotzen nuen. Normalean ez zizkidaten nota onak jartzen, baina nire lagunek nik egindako marrazkiak irakasleei aurkezten zizkietenean, eurek bai, bikainak lortzen zituzten. Ume bihurria izan nintzen (kar, kar)...”. Gaztetan, Conanen komikiak irakurtzen zituen eta irudiak kopiatzen hasi zen. Marrazkiak zuri beltzez egiten zituen. Kolorerik gabeko joera horri jarraipena eman zion “Txolok”, baina komikiak utzi eta erretratuak lantzeari ekin zion duela 10 urte. Azkenengo aurrerapausoa iaz eman zuen: 2009ko otsailean akrilikoz margotzen hasi zen. “Nire kabuz ikasi dudanez, dena da berria niretzat, esperimentatzen ari naiz behin eta berriro. Eta margolanak egiten ditudan heinean, bilakaera nabarmena dago”. Hainbat ogibidetan ibili da Jesús gazte-gaztea izan zenetik: zangak egin, ardoa banatu... Gaur egun, ordea, egurra enbalatzeko enpresa baten jabea da beste bazkide batekin. Zehazteke dagoen arnas eritasun batek jota dabil “Txolo”, eta horregatik denbora luzea eman behar du etxean. Aisialdia pintatzen ematen du. “Cholo” Sotilen karrera goiz amaitu zen futbolari honek zuen edaterako zaletasuna zela-eta. Gure “Txolo”, ordea, hasiberria da pintura munduan, eta bere ametsa margolanetatik “bizi izatea” da, eta koadro batzuk saltzea lortzen badu, pozaren pozez ibiliko da, ziur asko.