Ekitaldi batzuk apirilean eta maiatzean egin baziren ere, Literaturia ekainaren 4an, 5ean eta 6an heldu zen Larrabetzura. Euskal literaturaren azoka da; euskal idazle, irakurle, ikusle eta entzuleen topagunea. Azokako liburuak eskura izateaz gainera, horien egile asko ere hurbildu ziren bertara, euren lana aurkeztera, mahai-inguruetan parte hartzera edota irakurketa saioak egitera, esate baterako.
Larrabetzuko Literatura Eskolak bost urte bete zituen iaz, eta urteurrena ospatzeko, Literaturia azoka antolatu zuten lehenengoz. Joan den urteko asteburu berezi hori aurtengo ekainean errepikatu da berriro ere. Azokak irakurzaletasuna ez ezik idazle eta irakurleen arteko harremana ere bultzatzea du helburu. Bigarren edizio honetan bere nortasuna indartu egin du, eta gero eta jende gehiagorengana heldu da.
Harrera ekitaldiak hasiera eman zion Literatura jardunaldiari ostiralean. Herriko plaza, Anguleri Kultura Etxea, eskola eta Hori Bai gaztetxea izan ziren hiru egunean zehar antolatu ziren ekitaldien eszenatokiak. Han ikusi eta gozatu ahal izan zen nagusi zein txikientzako antzerkiaz, kontzertuez, poesia emanaldiez, ipuin bertsotuez, ipuin antzeztuez, bertso-tramaz, omenaldi xumeez... hau da, literaturarekin lotu daitezkeen mota guztietako eta gustu guztietarako adierazpenez. Erantzuna ere handia izan zen, asko eta asko izan baitzen ikuskizun guztietara hurbildu zen jendea.
Literaturaren mamia
Hogeitik gora idazlek aurkeztu zuten euren lana. Mahai inguruak ere egin ziren. Horietara ere jende ugari hurbildu zen. Izan ere egileekin zuzenean egoteko aukera izateaz gainera, hainbat txokotako 12 irakurle talde batu ziren mahai-inguru batean, euren gogoeta, esperientzia eta asmoak trukatzeko. Talde formalagoak zein berezkoak izan ziren horiek, eta aniztasuna nagusi gertatu zen euren artean. Baita aberastasuna ere, irakurle aktiboak izanik euren ikuspuntua emateko prest agertu baitziren denak. Mahai-inguruek aukera ederra eman zuten letren inguruko kezkak eta galderak azaleratzeko. Besteak beste, gai hauek aztertu ziren bertan: itzulpenak, hizkuntza-tratamendua, beste kultura batzuen ekarpenak eta poesian dagoen zientzia eta letren arteko elkarlana.
Literatura Eskola eta herriko taldeei esker, eskaintza oparoa eman ahal izan zen asteburu osoan. Ekitaldietarako antolakuntza eta azpiegitura, herria atontzea, jantoki zerbitzua, kultura eta kirol taldeen ekarpenak eta abar ez zen posible izango hainbat talde eta auzokideen laguntzarik gabe. Balorazioa baikorra da, beraz, eta jadanik badago Literaturia azoka hurrengo urtean berriro egiteko gogoa.