Susana Rodriguez larrabetzuarra abokatua da eta 13 urte daramatza Argitan emakumezkoentzako zentroan lan egiten, Barakaldon. Martxoak 8 aitzakiatzat hartu eta emakumezkoaren gaur egungo egoera izan dugu hizpide.
Zeintzuk dira emakumeok aurre egin behar diegun arazo nagusiak?
Errespetu-falta oso gaitz larria da. Eta badaude beste batzuk eurekin batera beste arazo batzuk ekartzen dituztenak. Sexu bien arteko ezberdintasuna, adibidez, besteak beste, ondorio txarrak dakartzana: soldata baxuagoak, zailtasunak lan merkatuan sartzeko, eta familia eta lana uztartu ezin izatea.
Emakumezkoek urteak daramatzate gizartea sentikor bihurtzen...
Zaila da. Baina urrats txikiak ere lorpenak dira, eta eraginkorrena norberaren etxetik hastea da: seme-alabak berdintasunean hezi eta ikastetxeetan ere horretarako hezkuntza eman, etxeko lana banandu, estereotipoak baztertu, lagunekin gaia landu... Geure balioak ditugula aldarrikatu behar dugu, eta horiek gizonezkoi jakinarazi. Eta esan: nik ez dut zure lekuan eseri nahi, maila guztietan zure ondoan egon baizik.
Zeintzuk zerbitzu eskaintzen dituzue zentroan?
Batez ere laguntza psikologikoa eta aholkularitza juridikoa. Gehienak lan eskubideen eta banaketen edo dibortzioen haritik datozkigu. Emakumezko nagusiak ere badatoz, urteetan tratu txarrak jasan dituztela esanez, eta orain, seme-alabak helduak direlako, euren bizitza egitea erabaki dutela. Ikaragarria da!
Bakarrik dago emakumezkoa?
Bai. Ez du ezertarako balio lege bat egoteak, salaketa jarri ostean emakumezko batek nora joan ez badu, epaitegiak zabalik 24 ordutan ez badaude, premiazko neurririk hartzen ez bada, polizia gehiagorik ez badago, aholkularitza-zentrorik ez badago... Ez du ezertarako balio Berdintasun Ministerioa izateak hezkuntzan inbertitzen ez bada, amatasun eta aitatasun-bajak eskasak badira, haurtzaindegi nahikorik ez badago, familia eta lanaren artean aukeratzen jarraitu behar badugu, gizartearen balioak lantzen ez badira...
Legeak ez du emakumezkoa babesten?
Aurrerapausoak eman badira ere, ezetz erantzungo nuke. Guk hutsuneak zeintzuk diren detektatu eta premiazko irtenbideak martxan jartzeko eska dezakegu, baina giltza Gobernuak du. Zein egoeratan dauden eta zelango aukerak dituzten jakinarazten dizkiegu emakumezkoei zentroan. Erabakia eurena da, eta hori bata edo bestea izanda, ahal dugun guztian laguntzen diegu, eta euren egoera apurka-apurka hobetzen saiatzen gara.
Pobretasunaren feminizaioa ez da fenomeno berria; krisiak areagotu egin du?
Noski. Gizonezko batentzat lana topatzea zaila bada, askoz zailagoa da emakumezko batentzat. Gainera, familia batzuetan, gizona zein emakumea langabezian badaude, gizona izango da lan bila ibiliko dena, eta emazteak seme-alabez, senarrez eta etxeko gauzez bera bakarrik arduratzen jarraituko du. Biribil batean sartuko da eta gero eta zailago izango du kalera atera eta lana topatzea. Gobernuak neurri gutxi hartzen du, emakumezkoa lan mundura sar dadin. Beste lehentasun batzuk ditu momentu honetan eta, beti bezala, gaia gerorako utzi du. Pentsa ezazue zer gertatuko zen umeak, senarra eta senideak etxean zaintzen dauden emakumezko horiek guztiak etxetik kanpo lan egingo balute!
Emakumezkoentzako zentroa Txorierrin egotea ezinbestekotzat jotzen duzu.
Dakidanaren arabera, aholku juridiko bila Mankomunitatera jotzen duten emakumezkoak Bilboko zentro batera agintzen dituzte. Antza denez, ez dago dirurik zerbitzua berton kokatzeko. Eta sei herrik osatzen duten eskualdeaz ari gara... Martxoaren 8an eta azaroaren 25ean egitarau potoloak antolatuko dira, baina zer gertatuko da gainontzeko egunetan? Ba, bertoko emakumezkoek ez dutela nora jo izango, eta ez dela benetako aurrerapausorik emango emakumezkoaren garapenerako. Ospatzea ondo dago, baina neurri zuzenak hartzea ezinbestekoa da.
Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?
WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.
Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.
Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).