Sarraila berria

Aikor aldizkaria 2012ko urt. 26a, 12:11

Testua: Susana Rodríguez

Egutegiari erreparatzen badiogu, urrun dugu azaroak 25. Egun horretako aldarrikapen nagusia, ordea, ez: emakumearen aurkako indarkeria behin betiko desager dadila. Hura egun guztietako aldarrikapena izan behar da, eta horregatik ekarri dugu orrialde hauetara Susana Rodriguezek idatzitako testua. Kontakizuna Larrabetzuko Udalak antolatutako Ipuin laburren Lehiaketara aurkeztu eta lehenengo saria irabazi zuen. 2012ak hasi baino ez du egin eta, alea itxi orduko, Estatuan zazpi emakume hil dira genero-indarkeria dela-eta; 89, iaz. Kopuruon atzetik, egunero sufritzen dutenak daude. Ikara ematen du mundu mailako datuetan pentsatzeak. Goizeko zazpietan altxatu naiz. Arinagotik esna nengoen, amesgaiztoturik. Azkenaldi honetan ez dut lorik egiten behar den moduan. Egunez ez diot atseden gabeziari horrenbeste erreparatzen, eguneroko betebeharrek ezinegona arintzen didatelako. Gauez, ordea, ezin larritasuna burutik kendu. Iluntasunak izutzen nau, iluntasunaren isiltasunak. Jakin badakit ez zela horrela gertatu beharko, gaua lansaioaren osteko aterpe gozoa bilakatu beharko litzatekeelako, atseden hartzeko babesleku irmoa, ez besterik. Baina ezin dut, nekatuta nagoelako, izugarri nekatuta. Gauetan, izuak gogortzen dit gorputza, zeharo geldiarazten nau eta antsietatearen larriak aise desitxuratzen du errealitatea. Horren ondorioz, nire onetik aterata, pentsatzen hasten naiz hobe litzatekeela hilda banengo; hil artean horrela bizi baino, hobe litzatekeela behingoan desagertuko banintz. Horrela, mundu honetatik at egonik, gizon malapartatu horrek ez ninduke gehiagotan behartuko. Eta nire burua behin betiko atsedenaren bila hasten da une oro, nire bizitzari amaiera emateko aukera egokiaren bila. Iratzargailua itzali dut, zarataka hasi baino lehen. Ez ditut alabak itzartu nahi. Hobeto esanda, ez dut oraindik alabak altxatzea nahi. Bakarrik egoteko beharrizana daukat, nire buruarekin solasean. Azalpenak eman barik, berba egin barik, gezurretan ibili barik. Egonean egonda. Hainbat eta hainbat urtetan gezurretan ibili naizelako. Luzaroan itxurak egiten, nire umetxoak benetako egoeraz kontura ez zitezen. Beraien aitak maite ninduelako itxurak egiten. Neuk maite nuelako itxurak egiten. Familia zoriontsua eratzen genuelako itxurak egiten. Horrela betiko biziko ginatekeelako itxurak egiten. Iraganean, sekula ez nien lekurik uzten akatsei. Guzti-guztia kontrolpean eduki nahi izaten nuen, dena nire agintepean. Lasaiago nengoelako. Gezurrezko jarrerak babesten ninduelako. Hori uste nuen nik, bederen. Segurtasun handia neukan nire familiaren aurrean, bere senitartekoen aurrean, gure lagunen aurrean, nire lankideen aurrean. Erabateko segurtasuna edozer eta edonoren aurrean. Ez nuen sekula onartuko ezagunak nitaz errukitzea, nitaz urrikaltzea. Ez nuen onartuko ezkonduen arteko porrotak jotako emakumetzat hartzea, are agutxiago tratu txarrak pairatutako emakumetzat jotzea. Zelako lotsa. Zer pentsatuko zuketen gure ezagun fin eta hautatuek? Pentsaezina zen. Nire gizona, mediku ospetsua, erasotzailea? Nori bururatuko halakorik? Zerbait egingo nion nik! Mundu guztiak baitaki entzute handiko gizon batek ez duela emakumea jotzen jotzearren. Horregatik, erakutsi behar nien guztiei, eta batik bat, nire buruari, ez zela deus gertatzen. Zoriontsu bizi nintzela, emakume perfektuaren mozorro garbiaren barruan gordeta. Eta ia sinetsi nuen. Txabusina jantzi dut. Eta gerrikoa lotzen dudan bitartean, begiak oherantz zuzendu dira. Sarritan gertatzen zait, ia konturatu gabe. Oraindik ere haren hutsunea hurbilegi antzematen dudalako. Baita nire bihotzarena ere. Noizean behin ohean etzaten naiz berriro, bere ohiko aldean. Burkoa sendo-sendo besarkatzen dut, bai eta bere usaina igarri ere. Berehala jabetzen naiz ez dela egia, baina irudikatu nahi dut. Orduan, negar egiten hasten naiz. Denbora luzean. Erabat itsututa nengoen berarekin ikaragarri maite nuelako, baina denbora igaro ahala konturatu nintzen ez zela nik ikusten nuen bezain maitagarria. Agian, ez nuen maitatzeko aukera galdu nahi izan bizitzan. Txikitatik irakatsi zidaten senarra behar nuela emakume oso-osoa izateko. Eta zintzo-zintzo ezkondu nintzen. Hasiera batean, senarra nuen bizipoza, euskarria eta maite-sua. Harik eta gure alabak jaio ziren arte. Horrez geroztik, bion arteko egoera aldatu zen. Senarra ere bai. Gorputza kremaz igurtzeari utzi diot, une batez nire buruari ispiluaren aurrean so egiteko. Berrogeita hamazortzi urteko gorputz biluzia. Besoko seinale ubela ukitu dut. Bi hilabete igaro arren, besoan dirau oraindino. Ez daukat gogorik jazotakoa gogoratzeko. Ezta aurreko gertakariak ere. Burutik kendu beste asmorik ez daukat. Beti bezala. Gosaltzen amaitu berri dut nire alabak sukaldera sartu direnean. Unibertsitatean ikasten dute. Nigana etorri eta musu bana eman didate masailetan. Besarkatu ditut eta elkarri begiratu diogu, hitzen beharrik gabe. Bizia emango nuke beraiena salbatzeko. Badakite. Horren trukean, alabek ahal denik ondoen maite naute. Ondoan dauzkat eta horixe da garrantzizkoena niretzat. Alabaina, jakitun naiz habia gero eta hutsago dagoela eta etorkizuneko bakardadeak kezka larria eragiten dit. Hala ere, beti ahalegindu naiz nire alaben alde jokatzen eta horrek lasaitu egiten nau. Epaiketara joan nahi zuten, ni laguntzera. Ez joateko eskatu diet. Epaitegiak hotzak eta arimarik gabekoak dira. Laneko zereginei itsatsita daudenean ez diegu horrenbesteko lebarik ematen, baina bertako aulkietan jesartzen garenean, bestela ikusten ditugu. Eskuan lupa erraldoia daroan ezezagun baten aurrean biluztuko bagina bezala sentitzen gara. Intimitaterik ez. Gauza oro epaitzen da. Ez pentsa alabak gehiegi babestu nahi ditudala; nahikoa helduak direlakoan nago. Guztiaz ere, haien aitaren eta amaren arteko auzia da eta bazter utzi nahi ditut. Senar-emazteek bizi izandako une zoriontsuekin gogoratzea nahiago. Gaur ez dut abokatu-maleta hartu. Ez dut behar. Ez dut lanik egingo epaiketa amaitu ondoren. Alabekin geratu naiz bazkaltzeko eta hirurok emango dugu arratsaldea elkarrekin. Ondo etorriko zaigu. Urduri samar nagoela aitortu behar dut. Jardunean hogeita hamalau urte eman ostean, lehenengoz joaten naiz demandatzaile gisa nire burua babesteko. Zutik jarriko naiz epailearen aurrean, bere itaunei eta alderdien galderei erantzungo diet. Abokatu defentsariak, hots, nire senarrarenak, galderen bidez uzkurtzen saiatuko da. Baina ezagutzen dut eta ez diot utziko. Gainera, ez dit ardura, froga aski ditudalako eta azken emaitzaz ziur nagoelako. Segurutik, diruzko isun batez zigortuko eta urruntzeko agindua ezarriko diote. Hala eta guztiz ere, zigorrak ez dit axola. Epaiketa horretan, nire lorpen handiena demanda aurkeztu eta epaiketan parte hartzea izango da. Adore nahikoa izan dudalako gure bizimoduaren gezurrari aurre egiteko. Nik tratu txarrak pairatu ditut, bai, baina nire senarrak tratu txarrak eragin dizkidalako marka eramango du soinean betiko. Etxeko atea ixterakoan, sarraila aldatu behar dudala gogoratu dut.