Jesus Arregi, astronomoa: “Luze gabe aurkituko ditugu Lurretik kanpo oinarrizko organismo bizidunak”

Aikor aldizkaria 2013ko mar. 25a, 09:37

Apirilaren 25ean ilargi-eklipsea egongo da ikusgai, eta berbalagun batzuk egun berezia ospatuko dugu: Jesús Arregi astronomoak tailerra eskainiko digu Larrabetzuko Elexaldeko txokoan, 20:30ean. Ordu bat beranduago, txitxiburduntzia afalduko dugu, eta, ostean, eklipsea ikustera joango gara, baita Saturno ikustera ere. Informazio gehiago nahi dutenei zuzenduta, apirilaren 22an Jesusek hitzaldia emango du Unai Ugalde fisikariarekin batera, Anguleri Larrabetzuko Kultur Etxean, 19:00etan. Zer ikasiko dugu apirilaren 22an emango duzun hitzaldian? Eklipseak: zein egoeratan gertatzen diren, zein eklipse mota gerta daitezkeen... Oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditut, ilargi-eklipsea ikustera joaten garenean, guztiok gertatzen denaren eskema garbia buruan izan dezagun. Antza, eklipse partziala izango da. Zehatz-mehatz, zer ikusiko dugu? Ilargiaren zati bat Lurraren itzalpean sartuko da, eta denbora tarte batean Ilargi beteak izan ohi duen argitasuna eta zuritasuna galduko ditu. Tresna bereziren bat behar da eklipsea behar bezala ikusteko? Ez, begi hutsez ikus daiteke. Hala ere, beti da interesgarria prismatikoak edo teleskopioa erabiltzea. Ilargi-eklipseak beti ilbetean gertatzen dira, eta Ilargiak aldi horretan duen argitasun handiak oso deseroso egiten du bere behaketa handitze-tresnekin. Eklipseak aukera ematen digu Ilargia ilbetean teleskopio bidez behatzeko, begiak mindu gabe. Zelan hasi zinen Astronomia munduan? Gaztetatik izan dudan zaletasuna da. Batxilergoa egiten nenbilela hasi nintzen zeruaren gorabeherez kezkatzen, eta Fisika ikasten hasi nintzenean gogor saiatu nintzen irakurtzen eta zerua behatzen. Garai hartan, Udako Euskal Unibertsitatean (UEU) ikastaroak eman nituen eta behaketak ere egin nituen teleskopio batekin. Makina bat gau pasatu ditut zerura begira, hotzak akabatu beharrean, baina gustura. Garai hartan hasi nintzen Elhuyar aldizkarian astronomiaren inguruko artikuluak idazten, eta liburu pare bat idazteko aukera ere izan nuen: Unibertsoa: big bang-etik gaur egunera eta Esne Bidea, gure galaxia. Irakaslea zara EHUn eta Zientzia planetarioen taldeko ikertzailea. Zein da zure lana ikertzaile moduan? Zertan zabiltzate orain? Zientzia planetarioen taldeko kideok planeten atmosferak ikertzen ditugu, baita hainbat kontu ere: geruzak, planeten barne-egiturak, sateliteak... Nik, zehazki, Jupiterren atmosfera aztertu dut. Lurrean zein espazio-ontzietan dauden teleskopioen irudiekin egiten dugu lan. Irudiak erkatu, bertako egituren higidura neurtu, emaitza guztiak grafikoetan antolatu eta ondoren interpretazio teorikoa egiten dugu. Hori da zailena, noski. Zerura begiratzen dugunean, izarrak ikusten ditugu gehienok. Zer ikusten duzu zuk? Jendeak uste du zientziak misterioa kentzen diola aztertzen duenari, baina ez da egia. Zerua egunez egun nola eta zergatik aldatzen den ulertzeak, izarrek bere argia nola sortzen duten jakiteak ez dio inondik inora edertasunik kentzen. Are gehiago, agian hurbilago egiten dute, aberatsago. Adibidez, arkitekto batek eraikin eder bat ikusten duenean, bi aldiz gozatzen du horretaz: eraikinaren berezko edertasunaz eta bistakoak ez diren xehetasun teknikoez. Antzeko zerbait gertatzen zaigu astronomoei. Non edo zein arlotan izango da hurrengo aurkikuntza? Luze gabe aurkituko ditugu Eguzki-sisteman, Lurretik kanpo, izandako bizitzaren arrastoak edo oinarrizko organismo bizidunak. Argitaratu berri dutenez, Marten, harkaitz sedimentario batean, garai batean bizitza mikrobiarra izateko baldintza egokiak aurkitu dituzte. Era berean, Europako Agentzia Espazialak (ESA) ikerketa egingo du Jupiterren 2022rako, besteak beste planeta horren satelite batzuk aztertzeko. Hori betetzen bada, eragin izugarria izango du gizakiaren pentsamoldeetan. Orain dela gutxi meteorito batek Errusian jo zuen. Zelan hartu behar ditugu holako fenomenoak? Lurra eta beste planetak higitzen diren espazioa nahiko leku garbi eta hutsa da; hala ere, egunero erortzen dira Lurrera 100 bat tona materia, hauts eta hondar-pikorren tamainako aleetan. Gutxi gorabehera urtero iristen da kotxe baten tamainako harkaitzen bat. Horiek ikusgarriak izaten dira benetan, baina atmosferan erretzen dira eta ez dute kalterik eragiten. Bi mila urterik behin-edo, 100 metro inguruko harkaitza erortzen da Lurrera, baina kilometrotik gorako tamaina ez duten bitartean kalteak lokalak dira, ez globalak. Azkenik, gizakia desagerraraz lezakeen meteorito bat milioi urte gutxi batzuetan behin eror daitekeen ustea dago. Gaur egun hasiak gara bitartekoak jartzen, inguruan horrelakorik balebil lehenbailehen aurkitzeko. Bada, nik gaur lasai lo egiten ez badut, ez da arazo horregatik izango.