Historiaren 31 kilometro

Aikor aldizkaria 2014ko ots. 10a, 15:08

Burdinazko Harresian Karraderan mendi lasterketak memoria historikoa, kirola, kultura, hezkuntza eta generoa uztartuko ditu. Ezaguna da Larrabetzun korrika egiteko dagoen zaletasuna. Baita kultura inguruan dagoen giroa ere. Eta horiek bultzatuta, Burdinazko Harresian Karraderan (BHK) mendi lasterketa antolatu da martxoaren 15erako. Baina hori ez da ohiko mendi lasterketa bat izango, baizik eta hainbat ezaugarri edukiko ditu, gainontzeko probetatik bereiziko dutenak. BHK mendi lasterketa hauek antolatu dute: Karraderan, Mikel Artetxe txirrindulari elkartea, Larrabetzu 1936, Larrabetzuko Udala, Txorierriko Mankomunitatea eta Hori Bai gaztetxea. Era berean, badu herriko hainbat erakunderen eta merkatarien babesa eta laguntza. Antolakuntzatik azaldu diguten moduan, mendi lasterketaren lehenengo bereizgarria bere ibilbidea da. “Burdinazko harresiaren inguruan egingo da eta horrek memoria historikoa lantzea dakar. Burdinazko harresia oso inportantea izan da Euskal Herriko zein Larrabetzuko historian, eta egitasmo honi esker uztartuko ditugu historia, kirol zaletasuna, mendirako zaletasuna eta inguruarekiko kezka”. Distantzia aldetik ere izango da lasterketa berezia. Orotara 31 kilometro egin beharko dira eta ez dago beste probarik distantzia hori duenik. Gainera, aste osoko egitarau bat edukiko du. “Horrelako mendi lasterketetan, nahiko prestakuntza fisiko handia eskatzen dutenetan, emakumeen parte-hartzea gizonena baino txikiagoa da oraindik. Aurreko astean martxoaren 8a izango dela aprobetxatuz, pentsatu genuen lasterketan generoa ere lantzea”. Hala, martxoaren 8an ibilaldi bat egingo dute Gaztelumendiko bunkerrera eta bertan azalpen batzuk emango dira emakumezkoek gerran eduki zuten partaidetzari buruz. Deia bereziki emakumeei egiten zaien arren, ekintza herritar guztiei dago zuzenduta. Maialen Lujanbio, Miren Amuriza eta Unai Iturriaga bertso-trama baten protagonistak izango dira martxoaren 9an, eta han ere emakumeek gerra garaian izan zuten garrantzia eta papera edukiko dute hizpide. Transmisioa bermatu Bestalde, aurreko urteetan egin duen moduan, udaleko berdintasun batzordeak antzezlan bat antolatu du martxoaren 6rako, eta Iñaki Berazategi kazetariak hitzaldi bat eskainiko du martxoaren 13an. Berazategik kirolak Errepublikan eta Gerra Zibilean izandako garrantzia aztertuko du hitzaldian. Azkenik, musika emanaldi bat egongo da martxoaren 16an, Napoka Iria taldearen eskutik. “Osatu dugun egitarauak mendi zaletasuna, kirol zaletasuna, memoria historikoa, generoa, kultura eta hezkuntza batzen ditu. Gu mendizaleak bagara, eta kultur zaleak ere bai, eta gutariko batzuk hezkuntzan dabiltza. Beraz, guretzat normala da lasterketak aipatutako guztiak batzea. Garrantzitsutzat jotzen dugu transmisioa bermatzea. Mendira joaten garenean, zapaltzen gabiltzan lurraren historiaz kontziente izan gaitezen; inguruko mendiek eduki duten garrantziaz. Kirola bizitzaren parte bat da guretzat, memoria historikoa, kultura, generoa eta hezkuntza diren bezala”. Karraderan.org webgunean lasterketaren gaineko zehetasunak batu dituzte. Izen ematea bertan ere egin behar da eta epea martxoaren 14ra arte egongo da zabalik. Era berean, Burdinazko Hesiaren historiaren inguruko atal bat ipini dute, eta argazkiak eta bideoak eskegi dituzte. Lasterketa aurkezten duen bideoa webgunean bertan zein youtuben ikus daiteke (Burdinazko Harresian Karraderan - Bideo promozionala). BHK mendi lasterketa urtero egiteko asmoa dute antolatzaileek. Egitaraua Martxoak 6, eguena 19:00: Konpota antzezlana, eskolan. Martxoak 8, zapatua 10:30: Ibilaldia, Gaztelumendiko bunkerrera, plazatik (eraman more koloreko arroparen bat). Martxoak 9, domeka 18:30: Bertso-trama, Hori Bai gaztetxean: Emakumeak gerra sasoian. Bertsolariak: Maialen Lujanbio, Miren Amuriza eta Unai Iturriaga; gai-jartzailea: Josu Goikoetxea. Martxoak 13, eguena 19:00: Hitzaldia, Anguleri kultur etxean. “Los vascos y el deporte en la segunda República y la Guerra Civil: Vascos de piedra blindada. De Uzcudun a Josechu el Vasco. Los leones rojos. Abertzales de izquierdas y derechas en la génesis de la selección de Euzkadi. El presidente vasco del Real Madrid que fusiló Franco, anécdotas y otras curiosidades del deporte y los deportistas vascos en este período”. Martxoak 15, zapatua 09:30: BHK I. Mendi lasterketaren irteera. 11:30: Kanikross erakustaldia. 11:30-14:00: Umeentzako puzgarriak. 11:30-14:00: Slackline-soka oreka, Alain Bilbaoren eskutik. Ikuskizuna eta ikastaroa. 13:00: Lehenengo korrikalariak helmugaratzea. 14:00: Sariak banatzea. 17:00: Matxin, Paskuala, Xare eta Eskubi. 19:00: Erromeria. Martxoak 16, domeka 18:30: Musika emanaldia, Hori Bai gaztetxean: Napoka Iria.