Zergatik aurkeztu duzu zure burua alkate izateko?
Alde batetik, gaur egun, herriko giroa apurka-apurka hobetzen joan arren, pauso gehiago eman behar direla uste dudalako eta beraz, herriaren politizazio maila arintzen eta herritarrak batzen eta kohesionatzen lagundu nahi dudalako. Bestetik, herritarrei bizitza erosoagoa egiteko eta egunero sortzen zaizkien arazoak konpontzeko borondatea daukadalako. Azkenik, Larrabetzuko udal gobernua eskuratzeko alternatibaren lidergoa hartzeko prest nagoelako.
Zeintzuk dira zure alderdiak datozen lau urteei begira aurrera eroango dituen ildo nagusiak?
Herritarrek dituzten beharrizan berberak. Hainbat elkarte, talde eta pertsonarekin elkartu gara, eta herritar guztiei inkesta bat betetzeko aukera eman diegu. Oso pozik gaude jasotako ekarpenekin eta horietako asko gure hauteskunde programan tartekatu ditugu. Entzun eta jaramon egin diegu.
Eta zeintzuk dira zure herriak dituen beharrizanak?
Asko dira. Langabetuei irtenbide bat bilatzen laguntzea; herritarren eta alderdi politikoen arteko elkarbizitza sustatzea; aparkaleku kopurua handitzea; eskola inguruan ez aparkatzea eta oinezkoentzako lehentasunezko gunea bihurtzea; herriko oinarrizko mantenua sarriago eta iraunkortasunez egitea (espaloiak konpondu, argiteria, belarra moztu…); hormetako eta espaloietako garbi-ikuzia; ospitalera joateko garraio zuzena sustatzea; zerbitzuak hobetzea; irisgarritasuna…
Zelako lantaldea izango da zurea?
Adin eta formazio desberdineko herritarrez osotuta dago; bai betidanik Larrabetzun bizi izan direnak, bai etorri berriak. Taldean, esperientzia eta heldutasuna berritzeari eta gaztetasunari daude lotuta.
Zer esan ahal diguzu talde hori osatuko duten kideei buruz?
Larrabetzu barru-barruan eramaten dutela eta bere herritarren alde lan egiteko prest eta prestatuta daudela. Indartsu eta ilusioz beterik daude, egoerari buelta emateko eta herria eraldatzeko, guztion artean Larrabetzu jasangarriagoa, modernoagoa eta solidarioagoa bihurtzeko.
Zer esango zenieke herritarrei euren konfiantza izateko?
Guk herritarren beharrak entzungo ditugula eta euren iradokizunak eguneroko jardunean eta programan erantsiko ditugula; aniztasuna eta tolerantzia gure iparrorratza izango direla. Aldaketa eta hobekuntza posible dela eta euren esku dagoela.
Karguaz jabetu, eta zer da egingo duzun lehenengo gauza?
Lehenengo eta behin eskerrak eman herritarrei eta nire lantaldeari, eta jarraian, lanean hasi.
Hurbiletik
Miguel Ángel Gazteluk 53 urte ditu. Larrabetzun jaio eta Magisteritzan diplomatu ondoren Historian litzentziatu zen Deustuko Unibertsitatean. Irakasle eta zuzendaria zelarik, Irakaskuntza Ikastetxeen zuzendaritzan masterra egin zuen. Azkenengo urtera arte ez du politikarekin harremanik izan. Ikastolan, urteetan zehar, kudeaketaren ardura izan zuen, berak dioen moduan, bere beste “herrian”, eta esperientzia horrek bere ibilbide berrian lagunduko duelakoan dago. Aisialdian, paseatu, familia eta lagun artean egon, sukaldatu eta, batez ere, soloan jardutea atsegin du.