Historiaren zati bat, lurpetik ateratzen

Aikor aldizkaria 2015ko ira. 18a, 11:13

Espainiako Gerra Zibilean, Bilbo babesteko hesia egin eben inguruko herri eta mendietatik. Herri horretariko bat Larrabetzu izan zan, eta horregaitik dagoz herri horretan aztarna pilo bat. BHK Karraderan kirol eta kultur alkartea aspaldian hasi zan ingurua ikertzen, eta martxoan hitzarmena sinatu eban Udalagaz eta Aranzadi Zientzia Alkarteagaz. Lehengo udan, Mendata herrian, Pedro Uriguen gudari zornotzarraren gorpuzkia topau zan. Uriguen Otxandiano batailoiko kidea izan zan. Vicente Larrucea haren senidea da eta bera be Zornotzakoa da, baina Larrabetzun bizi da aspalditik. Vicentek Pedroren barri emon eutsien Karraderan alkartekoei, eta eurek, Aranzadi Zientzia Alkarteagaz batera, Pedroren hilobia topau eben. “Antza danez, gudaria zaurituta heldu zan baserri batera, eta atzeko aldean frankistek hil eben. Ondoren, baserrikoek bertan lurperatu eben. Pedroren senideek baekien bertan egoala, eta urtero joaten ziran hara ekitaldi txiki bat egitera”, esan deusku Ainhoa Larrabe Karraderan alkarteko kideak. Pedro adibide bat baino ez da. Ziurrenik, ezkutuan ala agerian, hainbat herritan dagoz Espainiako Gerra Zibilaren aztarnak. Larrabetzun be bai, noski, eta horretarako, memoria historikoa berreskuratzeko, hain zuzen be, BHK Karraderan alkarteak hitzarmena sinatu eban martxoan Larrabetzuko Udalagaz eta Aranzadi Zientzia Alkarteagaz. “Hitzarmenak helburu bi ditu: Larrabetzuko Gerra Zibilaren eta Frankismoaren lehen etaparen inguruko ikerketa zientifiko bat egitea, eta Burdin Hesia balioan ipintea. Horren haritik, batetik, behar zientifikoa egin gura dogu, hau da, Larrabetzun egon diran hildako eta errefuxiatu guztien zerrenda oso bat egitea eta garai hatan bizi izan ziranen testigantzak jasotzea. Eta bestetik, landa-beharra, gaur egun Larrabetzuk dituan Burdin Hesiaren aztarnak jasotzea eta sailkatzea”. Hitzarmena sinatzea ez zan gatxa izan, baina hasikera baten Karraderan alkartekoek ez ekien Larrabetzuko aztarnak benetan interesgarriak ziran ala ez. “Herrikook badakigu gure mendietan aztarna pilo bat dagozana, eta hareen barri emon geuntsan Aranzadi Zientzia Alkarteari. Eta eurek interes handia adierazo eben: Euskal Herriko herri batzuetan be badagoz aztarnak, baina Larrabetzun oso ondo kontserbau dira: galeriak, lubakiak... Euren jarrerak aurrera jarraitzen lagundu deusku”. Hitzarmenaren partaideek alkarregaz egingo dabe behar, bakotxak berean. “Udalak baliabideak emon deuskuz, esate baterako, diru-laguntza bat; eta alderdi eta zinegotzi guztiek, babesa. Karraderan alkartekook landa-beharra egiten gabilz: mendira joan, aztarnak bilatu, materiala jaso.... Eta Aranzadikoek behar teknikoa egingo dabe, hau da, materiala sailkatzea. Eurek eskarmentua dabe eta aholkuak emoten deuskuez”. Proiektua gitxi batzuen artean eroan dabe aurrera, baina hilabete honetan herrira zabaldu gura izan dabe, eta informazinoa emoteko bilerea antolatu dabe. Herriak, betiko legez, oso erantzun ona emon dau. “Guztira 80 lagun batu ginan eta guztiek adierazo eben laguntzeko jarrerea. Jarraituko dogu herriagaz behar egiten, gure ustez jenteak parte hartzea funtsezkoa dalako”. Mendi lasterketea baino gehiago Karradera alkartea ezaguna da, azken urte biotan mendi-lasterketa antolatu daualako. Baina horrezaz gainera, gaur egun beste alderdi baten egin dau lan, memoria historikoa berreskuratzeko eta Gerra Zibileko aztarnak agerian ixteko. “Hitzarmena sinatu dogunetik, alkartea zati bitan banandu da: batak jarraitzen dau lasterketea antolatzen; eta besteak hitzarmenari jagokon beharra egiten dau. Gaur egun 15 lagun gagoz mendia garbitzen: sastrakak kentzen, bunkerrak husten, makina bategaz metalak bilatzen... Guztiak gara boluntarioak, gehienak oso gazteak, eta geure denpora librean joaten gara mendira”. Boluntarioak sarritan joaten dira Bolunburu eta Basagurengo bunkerretara. Leku horreetan hasi dira beharrean, aztarnak oso agerikoak diralako, eta, ondorioz, erraza da bertan behar egitea. “Harrigarria da, baina mendian hainbat gauza topetan dozuz: zuloak, txanponak, platerak, sardina-lata bat, bala pilo bat, obus zati batzuk, granadak... Hazur batzuk be bai, baina horreen bila Aranzadikoak etorriko dira”. Datozan hilabeteotan zenbait gauza berreskuratuko dabe Karraderan alkartekoek, baina oraindino ez dakie zer egingo daben jasoten daben material guztiagaz. “Ibilpideak eta informazino-panelak mendian, museoren bat... Ez dakigu ikerketak nora eroango gaituen. Gertatu leiteke Larrabetzu erreferentziazko herri bat izatea. Edo ez. Era batean edo bestean, hobeto ezagutuko dogu herrian zer gertatu zan, eta historiaren zati hori ez da sasi artean geldituko. Garai hatan aho asko itxi ziran eta geure beharraren bidez hitza emon gura deutsegu. Gainera, gaur egungo belaunaldiok merezi dogu historia ezagutzea”.