Egia ote?

Aikor aldizkaria 2015ko abe. 18a, 10:48
Argazkia: Susa argitaletxea
Gotzon Barandiaran idazle larrabetzuarrak Gidariaren okerra eleberria kaleratu barri dau. Bahiketa baten istorioa aurkeztu deusku bertan, baina ez da kontakizun sinple bat. Egileak hariak lotzeko proposamena egiten deusku, zer dan egia eta zer guzurra aztertzeko eta geure ondorioak aterateko. Bitor Larralde gaixotasun neurodegeneratibo eta sendaezina daukan taxi-gidari bat da. BECen mundu mailako biltzarra egiten da gaitz neurodegeneratiboen gainean, eta Bitorrek uste dau hango adituetako batek badakiala zein dan bere gaixotasunaren sendabidea. Eta bahitzea erabagiten dau. Entzute handiko neurozirujaua da, segurtasun-neurri handiakaz dabilena, eta horregaitik ezin izango dau berak bakarrik bahitu. Lagun talde bat behar dau horretarako, eta Saioa bere lobari eta Arantza Ojangureni egiten deutse laguntzeko proposamena. Arantza gerra-argazkilari ospetsu bat da, baina glaukomea dauka eta itsu gelditzen ari da. Bera da bahiketearen narratzailea. Bigarren mailako beste pertsonaia bi be badagoz: droga eta prostituzino munduan nahasia dagoan aberatsen gidari bat, eta luxuzko prostituta baten madamea. “Batek be ez dau egia osoa kontaten; danek gordeten dabe zerbait. Bitorrek oso ondo planifikau dau bahiketea, eta narratzaileak istorioa kontau ahala, irakurleari ohartarazoko deutso Bitorrek oso ondo dosifikau dauela informazinoa. Guztiek oso ondo erabili dabela informazinoa”. Halan bada, Barandiaranek ariketa bat proposatzen deutso irakurleari: istorioan azaltzen diran hariak lotzea eta bere ondorioak ateratea, amaieran ez ezik, bidean be bai. “Irakurleak gogoeta egin beharko dau zergaitik ezkutatzen dauen Bitorrek informazino bat, eta beste bat zergaitik ez. Arantza be hariak lotzen hasten danean konturatzen da pertsonaiek zergaitik jokatzen daben jokatzen daben moduan”. Izan be, larrabetzuarraren esanetan, hariak lotzea ezinbesteko ariketea da gaur egungo errealidadea ulertzeko. “Bai azken urteotan irakurri ditudan liburuek, bai euskereazko kantangintzan aztertzen nabilanak zein idazleak eta sortzaileak diran lagunengandik ikasi dodanak halan erakutsi deuste. Gauza batzuk oso modu argi baten kontaten deuskuez, ustez, baina gero, azpian, beste zerbait dago”. Teatroa Absurdo, surrealismo-ikutua be badago Gidariaren okerra eleberrian, eta egileak teatro eran idatzi dauz alkarrizketak idea hori indartzeko. Mundua dan moduan dala eta, ondorioz, alternatibarik ez dagoala sinetsarazo gura deuskuela pentsaten dau, eta komunikabideen iturri ofizialetatik jatorkuna be absurdoa dala. “Argi dago munduan, Mendebaldean, Euskal Herrian... agintzen dabenak teatro egiten ari dirala; gezurretan nahita ari dirala. Alkarrizketak teatro eran ipini izanak helburu hau dau: kontaten deuskuena aztertzea, esaten deuskuenetik egia zer dan aztertzea. Gainera, bizitzan be geure buruari galderak etengabe egin behar deutsaguzala uste dot, eta komunikabide ofizialetik, agintezaleen aldetik eta multinazionalek gobernautako estaduetatik jatorkun informazino horretatik egia zer dan aztertzea”. Horri aurre egiteko, kontakizun alternatibo bat zelan eraikitzen dan be eroan dau liburura. Arantzak argazkien bidez kontau dauz gauzak orain arte, baina itsu gelditzen ari dala, zalantzak etorri jakoz: gure memoria, gertatzen jakuna, zelan kontau behar da? Argazkien bidez? Berben bidez? Argazki eta berben bidez? Horreek egileak berak daukazan zalantzak dira. Bere eretxiz, literaturea izugarri aldatu da zinema asmau zanetik hona, eta berbea bigarren maila batera zokoratzen ari da, irudiaren mesedetan. Halan, arreta handia ipinten da deskribapenetan, eta berbea deskribitzeko bitarteko bihurtu da. “Hori kontetako, ez dakit ete dan hobea ikus-entzunezkoa... Literaturea ataka horretan dagola uste dot eta, aurrera egiteko, berbaren bidezko narrazinoan sakondu behar dogula”. Gogoetak be ez dira literatura-lanetan gehiegi agertzen, eta alkarrizketak oso lotuta dagoz irudiei. Gizarte-sareak, webguneak... irudiak hartu dauan indarraren adibide garbiak dira. “Irudia ezinbesteko bihurtu jaku eta inork ez dau berbea bakarrik gura, berbea eta irudia gura dau. Telefonoaren emotikonoak be erabilten doguz berbearen ordez, guztiok gara argazkilariak, guztiok bideogileak... eta seguru nago horrek eragina eukiko dauana literaturan”. Zirimiria Gidariaren okerra liburu laburra da, baina oso bizia eta trinkoa, eleberri baltzetik nahiko hurre dagoana. “Ez dago poliziarik, baina bai ustelkeria, bahiketa bat, heriotza... Nahiko iluna da zentzu horretan”. Giroa be iluna da eta istorioa Bilbo euritsu baten dago kokatuta. “Hori be sinbolikoa da. Guzurrak sartzen deuskuezala irudikatzeko, gu ia konturatu gabe, euria erabili dot. Euri mehea da, zirimiria... ez dozu ia nabaritzen, baina akabuan busti egiten zaitu”. Barandiaranen laugarren liburua da, eta esan deuskun moduan, oso ondo pasau dau hori idazten. Aurreko liburuetako aztarna asko dagoz bertan. Esate baterako, guzurra/egia gaia ardatz nagusia zan Katamalo lanean be. “Etenbako guzur horri aurre egin gura deutsagunontzat, beste mundu alternatibo bat gura dogunontzat, derrigorrezkoa da surrealismoa, absurdoa irudimenaz erabiltea, izan be ezin dogu agintean dagozan gobernuen eta multinazionalen hiztegi edo terminologia berbera erabili. Askatasuna ez da gauza bera hareentzat, eta niretzat. Hareek urratu, desitxuratu dabe, eta niretzat beste zerbait da”. Ohiko lekuez gainera, Gidariaren okerra Susa argitaletxearen webgunean be topa daiteke. Liburua on line irakurtzeko aukerea dago bertan, eta deskargau be egin daiteke: doan ala 3,63 euro ordainduta. Euro bi idazlearentzat dira, eta gainerakoa, kudeaketa gastuetarako.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).